Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak urtero urtero egiten du Gabonetan Euskal Postalen Lehiaketa, hiriko neska-mutilei euskal ohituren berri emateko asmoz. Aurten ere Olentzero, Galtzagorri, Mari Domingi eta beste hamaika pertsonaien istorioak entzun eta postaletan jarri dituzte. Dagoeneko munduan zehar ibiliko dira postalak, Haize Hegoak Diasporako euskal etxeei Eguberria zoriontzeko erabiltzen ditu eta!
Montevideo, Uruguai. Hamazpi urte,--hamazazpi!-- daramatza Haize Hegoa Euskal Etxeak Eguberrietako Euskal Postalen Lehiaketa egiten, artea eta euskal ohiturak uztartuz. Elkarteak Montevideoko adin desberdinetako neska-mutil talde mardula bildu zuen egoitzara, parte hartzeko gogotsu. Han, Maite Bengoa bazkideak Euskal Herriko Gabonetako usadioak eta kondairak azaldu zizkien. Olentzero, Mari Domingi, galtzagorriak... euskal pertsonaia tipikoen istorioak entzun zituzten gaztetxoek, arreta handiz.
Maiteren kontakizuna liluratuta entzun ondoren, gazteak mahai luze batean eroso jarri eta lanean hasi ziren, marrazkiak egiten. Irudi, kolore eta Eguberrietako gurari onekin hasi ziren betetzen paperak. Lana amaituta, askaria egin zuten gazteek, epaimahaiak kategoria bakoitzeko irabazlea aukeratzen zuen bitartean. Esan beharra dago kategoria asko zeudela, eta denentzako izan zela sari edo oroigarriren bat.
Orain munduan zehar dabiltza postal horiek, Haize Hegoak urtero erabiltzen baititu munduko euskal elkarteetako lagunei Eguberri eta Urte Berri On opatzeko.