euskal diaspora eta kultura
2010/05/05
PUBLIZITATEA
Saladillo, Argentina. Duela bi urte hasi ziren Itxaropen Euskal Etxeko kideak euren jabegoko egoitza eraikitzen. Horrelako proiektu bati aurre egitea ez da erraza eta erakundearen ahalegin handia eskatzen du. Hori dela eta, Buenos Aires probintziako euskal etxe honek salgai jarri ditu ehun pesoko 300 bono, jasotako diruarekin etxeko balio anitzeko aretoko lanak bukatzeko. Itxaropen Euskal Etxea laguntzeko zozketan parte hartzen duten pertsona guztiak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, euskal lurraldea 2011ean bisitatzeko zozketa batean sartuko dira. Bonoak ordainketa bakar bidez eros daitezke edo epeka, sei hilabetez $20 ordainduz. Nahi izanez gero, bidaiak balio duena, esku-diruan kobratu ahal izango da (10.000 pesotan finkatu da prezioa).
Eraikuntzari dagokionez, 'aretoko lanak erritmo onean doaz; orain zorua bukatzen ari gara eta laster teilatua jarriko da', azaldu du euskal etxeko lehendakaria den Hector Altamirak, azpimarratuz 'proiektua gauzatzeko $70.000 jaso ditugu(la) Eusko Jaurlaritzarengandik'.
Bigarren mendeurreneko ekitaldiak
Maiatzerako bi proposamen luzatzen dituzte Itxaropen euskal etxeko lagunek. Alde batetik, 24an, Iraultzaren urtemugaren bezperan, buseca, Hego Amerikako plater tipikoa prestatuko dute saltzeko. Zati bakoitzaren prezioa $15koa izango da eta Saladilloko Parrokiako Pablo VI aretoan salduko dira. Janari tradizional hau dastatu nahi duenak aurrez egin beharko du erreserba.
Ondoren, maiatzaren 29an, Alberto Sarramoneren "Inmigrantes y criollos en el Bicentenario" izeneko liburua aurkeztuko dute bertako Bartolome Mitre liburutegian.
Euskal Etxearen urteurrena eta Immigrantearen Eguna
Datozen hilabeteei begira, Saladilloko Euskal Etxea bere 12. urteurrenaren ospakizunak antolatzen ari da. Uztailaren 17an afari bat gauzatuko da bertako Union Apeadero Klubean. Afarian ikuskizunak eskainiko zaizkio publikoari.
Irailean, berriz, Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionaleko erakusketa ibiltaria helduko da Saladillora. Jadanik hainbat euskal etxetan egon den erakusketa honek 1882-1950 urteen artean Argentinara heldu ziren etorkinei buruzko gaiak zabaltzea du helburu eta komunitatea osoari, euskaldunei eta euskaldunak ez direnei, dago zuzenduta. Erakustaldian bakoitzak bere arbasoen datuak eskuratu ahal izango ditu eta bideoak eta dokumentalak ikusi.
Azkenik, Itxaropen erakundeko kideek jakinarazten dute hil honetan Museko Barne Txapelketa burutzen ari dela euskal etxean. Lehiaketa honen irabazleek euskal etxea ordezkatuko dute Txapelketa Nazionalean, datorren ekainean, Cañuelas-en.
Lotura interesgarriak
Immigrazioaren Museo Nazionala
www.mininterior.gov.ar/migraciones/museo/index.html
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus