euskal diaspora eta kultura
2013/09/12
PUBLIZITATEA
Viedma, Argentina. Immigrantearen Eguna ospatu da Argentinan irailaren 4an eta Viedman, herrialde osoko beste hainbat herritan bezala, ekitaldi berezi bat konpartitzeko elkartu ziren kolektibitateak. Hitzordua iragan igandean izan zen eta Udala, Migrazio Zuzendaritza eta Gizataldeen Batzordea antolatzaile, hiriko ‘Fioravanti Ruggeri’ polikiroldegian burutu zen.
Jaia goizeko 10:30etan hasi zen Argentinako Ereserkiarekin. Baina kolore puntua Rio Negro-ko Poliziaren Bandaren eskutik iritsi zen kolektibitate bakoitzeko ereserkiak jo zutenean. Jarraitzeko, eta ongi etorri hitzen ondoren, Sukaldaritza Gunea eta agertokia zabaldu ziren. Euskaldunen txokoan mota askotako pintxo hotzak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek. Taula gainean, berriz, hiru dantza eskaini zituzten 'Beti Aurrera' Euskal Etxeko dantzariek.
[Isabel Labiano, Viedma eta Carmen de Patagoneseko euskal etxeko lehendakaria, Jaiko euskal txokoan (argazkiaEE)]
“Gazteak hemengoak dira, Bahia Blancan trebatutakoak dantza arloan, hara joan baitziren unibertsitate ikasketak egitera. Orain, etxean daude berriro eta txikien talde bat sortu nahian dabiltza”, jakinari digu pozez Viedman eta Carmen de Patagoneseko euskal etxeko idazkari den Sonia Gastaminzak. “Gaur egun, larunbatero, txikientzako kultura eta dantza tailerra daukagu eta gazteentzako, astelehenetan eta ostegunetan, Analia Zuntini arduradun. Euskara klaseak ere ematen ditugu, asteazkenetan Viedman eta ostegunetan Patagones-en, Delia Beatriz Etchegaray irakasle”, zehaztu du Gastaminzak.
[Euskal etxeko dantza taldeko banderaduna, ikurrina eskuan (argazkiaEE)]
Horrekin batera, behar da esan ahalegin handia egiten ari direla etxeko kideak 2010ean eskuratu zuten egoitzaren zaharberritze lanak bukatu ahal izateko. “Etxea ez da handia da baina bai gure ekintza guztiak bertan egiteko modukoa. Bertara sartzen garenean ez dugu berriro leku batetik bestera ibiltzeko beharrik izango. Dena ondo ateratzen bada, datorren urtean bertan erabat finkatuta egongo gara”, adierazi digute 'Beti Aurrera'ko lagunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus