Ayacucho, Argentina. Ayacuchoko Euskal Etxea irudimena estutzen ari da baliabideak lortzearren bere instalazioak zabaldu ahal izateko. Ehun pertsonatik gora bertaratu ziren joan den asteburuan Ayacuchoko Euskal Odolaren egoitzara, bertako instalazioak handitzeko asmoz antolatutako bingoan parte hartzeko. Euskal Etxean arratsalde jolasgarri eta askaridun bat partekatzeko proposamenak erantzun bikaina jaso zuen bertako bazkide, lagun eta herritarren aldetik oro har.
Deialdia, batez ere, usadio zaharrean egin zen, ahoz aho. “Zenbait kartoi aldez aurretik, astean zehar, saldu genituen, eta unea iritsi zenean, bat batean 130 lagun baino gehiago bilduak zitzaizkigun etxera», aitortu dio EuskalKultura.eus-i irribarretsu Euskal Odola elkarteko lehendakari María Nilda Illareguik. Itxaronaldi luze baten ondoren, duela bost urte inauguratu zuten egungo egoitza, baina egun berriz ere dirua biltzen hasiak dira 360 metro kuadroko areto handiago bat eraikitzeko asmoa dutelako.
Dantza talde berria eta agenda oparoa
“Oso pozik gaude euskal etxearen jarduerekin, baina, batez ere, egun gutxi barru aurkeztuko den dantza talde berriarekin”, segitzen du azaltzen bozkarioz euskal etxe ayacuchotarreko lehendakariak. Izan ere, uztailaren 8an, larunbata, San Fermin ospatuko dute nafar jatorriko kide asko dituen Euskal Odolan, eta hamar bat txikik dantza egingo dute afarian, Belen Zabaleta dantzari gazte ayacuchotarra zuzendari dutela, Tandilgo Gure Etxeko dantzariekin formatua bera.
Euskal Etxea elkarte animatua baita eta ekitaldi ugari antolatzen baititu. Datozen egunetakoak aipatzearren, aurrera darraite hilean behin egiten dituzten afariek. Horietan, zuzendaritza batzordeko kideek, "batez ere emakumeek", argitzen du Maria Nildak, “ia guztiak emakumeak baikara”, prestatutako eta zerbitzatutako platerak eskaintzen dira. Era berean, uztailaren 14an, ostirala, Ayacuchoko euskal immigrazioari buruzko hitzaldia eskainiko dute Horacio Tabordak eta Luis de Bajenetak.
Tokiko mus txapelketak ere bere bidea darrai. Datorren igandean jokatuko da hirugarren sailkapen saioa, abuztuan Saladillon egingo den Txapelketa Nazionalean Euskal Odola ordezkatuko duen bikotea erabakitzeko.