Tres Arroyos, Argentina. Datorren asteazkenean hasita —martxoaren 6tik 10era— urtero bisitari andana ederra erakarri ohi duen Gariaren Jaiaren 55. edizioaren ospakizuna jarduera nagusi bilakatuko da Buenos Aires probintzia barnealdeko Tres Arroyosen. Ekitaldia tren geltoki zaharraren inguruan, hainbat hektareako orube batean garatuko da, eta erakargarrien artean izango ditu agertoki handi bat, lehen mailako musika emanaldiak, 5 sutegi, garagardotegi bat, erakusketa industrial bat, beste bat komertziala, artisau eta ekintzaileen azoka bat eta gizataldeen azoka duen patio gastronomikoa. Bertan izango da partaide Hiru Errekaren euskal standa. Euskal Etxeak lortu berria du luzaro amestutako bere egoitza sozial propioa eraikitzen hasteko udal baimena, eta Tres Arroyoseko euskal elkarteko lagunak bozkario egun bereziak ari dira bizitzen.
Hiru Errekako kideak kontent dira. 100.000 bisitari inguru bilduko dituen Gariaren Jai Probintziala bezalako ekitaldi bat erakusleiho paregabea dute. Zalantzan egon zen hitzordua gauzatu ahal izatea, herrialdearen panorama ekonomiko arras konplexuagatik, baina hori atzean geratu zen, eta dagoeneko gutxi falta da megafesta has dadin. Martxoaren 6an, datorren asteko asteazken arratsaldean, banderadun bat eta bere eskolta izango dira Euskal Etxearen ordezkari inaugurazio ekitaldian. Gauean, euskal dantzari taldea agertoki nagusian arituko da, gainerako gizataldeetako taldeekin batera. Stand gastronomikoan, txistorra, urdaiazpiko ogitartekoak, pintxoak eta euskal pastela salduko dituzte. Horrez gain, euskal oroigarri eta artikuluak egongo dira eskuragai, euskal abizenei buruzko informazioa, euskara klaseen berri emango da, neska eta mutikoen pilota eskola promozionatuko da eta baita gainerako jarduera instituzionalena ere.
Laster egoitza propioko lehen harria
Gariaren Jai Probintziala ez da, baina, pozik egoteko eta ospatzeko arrazoi bakarra. Udalak onartu berriak ditu Pedro N. Carrera kaleko 843. zenbakian dagoen lursailean eraikiko den euskal egoitzaren planoak eta eraikitzen hasteko baimena eman du. Gauzak honela, Euskal Etxea erdigunetik kilometro batera eta guztiz urbanizatuta dagoen auzo batean egongo da kokatua. “Obrari ekin ahal izateko eta materialak erosteko aurrekontuak eskatzeko prozesuan gaude», azaldu do emozioz EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakari Myrian Hojbjerg Izurietak. Tres Arroyosen ia 25 urtez dabiltza euskal kultura bultzatzen, eta egoitzak komodatoan utzitakoak, alokairukoak-eta izan dituzte. Orain, inoiz baino hurbilago daude egoitza propio eta behin betikoa lortzeko betiko ametsa betetzetik. Zorionak, Hiru Erreka!