euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egoitza eraikitze lanekin jarraitzeko, udalaren diru-laguntza jaso zuen Itxaropen EEak 15. urteurren jaian

2013/07/16

'Zorionak Zuri' abestu ondoren, urtebetetze tarta dastatu zuten festara bildutako lagunek (argazkiaEE)
'Zorionak Zuri' abestu ondoren, urtebetetze tarta dastatu zuten festara bildutako lagunek (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Berrehun bat lagun bildu ziren Los Robles Jatetxean Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen 15. urtebetetzea ospatzeko. Topa egiteko momentuan, ordea, Sanferminak eta Independentziaren Eguna ere ekarri ziren gogora eta zapi gorri eta ikurrinen artean Argentinako banderak ikusi ahal izan ziren aretoan. Ikuskizuna inguruko euskal etxeetako ordezkarien eskutik iritsi zen: dantzak, Cañuelasko dantzariekin, eta musika, Arrecifeseko Maral Taldearekin. Jaiaren baitan herriko alkate Carlos Gorositok 50.000 pesoko txekea eskuratu zien euskal etxeko agintariei egoitzaren lanekin jarraitzeko ekarpen.

Saladillo, Argentina. Ospatzeko arrazoi anitz dauzka Saladilloko euskal etxeako. 15 urte bete ditu eta denbora honetan lan paregabea egin du herriko euskaldunen eta euskaldunen ondorengoak biltze aldera eta eurei eta euskal kulturarekin disfrutatzen duten guztiei mota askotako proposamenak eskaini ahal izateko.

Arrazoi horiek guztiek bultzatuta, erakundearen 15. urtebetetze jaia burutu zuten saladillotarrek joan den uztailaren 8an. Hitzordua giro ederrean burutu zen eta beste euskal etxe batzuetako ordezkariak ere elkartu zituen, tartean Chivilcoy, Chacabuco eta Cañuelasekoak. Izan ere, Cañuelaseko Denak Bat-eko dantzariak izan ziren gaueko dantza erakustaldiko protagonistak. Musika, berriz, Arrecifeseko Maral-ekin heldu zen jaira. Mariana Domine abeslari duen taldeak Euskal Herriko eta Argentinako abesti tradizionalak kantatu zituen eta abestera ez ezik, dantza egitera ere animatu zuen publikoa.

Itxaropen EEaren 15 urtemuga 2013 01

[Lagun ugari, edade guztietakoak eta poz pozik Itxaropen Euskal Etxearen urteurren jaian (argazkiakEE)]

Itxaropen EEaren 15 urtemuga 2013 02

[Alkandora zuri eta zapi gorriz jantzi, Itxaropen-go kideak arduratu ziren afaria zerbitzatzeaz (argazkiaEE)]

Gauerdia pasata --Independentziaren Eguna hasi berritan-- Argentinako ereserkia abestu zuten gonbidatuek. Orduantxe Carlos Antonio Gorosito alkate saladillotarra bertaratu eta euskal gizataldearen jaian parte hartu zuen, Itxaropen-go lehendakari Hector Eduardo Altamira-ri 50.000 pesoko txeke bat emanez. Euskal erakundetik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, instalazio elektrikoa eta gas-instalazioa egiteko erabiliko da dirua.

Itxaropen EEaren 15 urtemuga 2013 03

[Iazko esperientzia errepikatuz, aurtengo jaian ere Arrecifeseko Maral taldeak jo du (argazkiaEE)]

Itxaropen EEaren 15 urtemuga 2013 04

[Carlos Antonio Gorositok diru-laguntza eskuratu zion Itxaropengo lehendakari Hector Altamirari (argazkiaEE)]

Gogora dezagun Udalak Udal Interesekoa izendatu zuela Itxaropen Euskal Etxearen 15. urtemuga. Urteurrenaren programaren baitan Argentinako Mus Txapelketa Nazionala antolatu du euskal etxeak abuztuaren 17tik 19ra bitartean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia