euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egoitzako lanak aurrera ari direla, egitarau oparoa eskaintzen du Saladilloko Itxaropen EEak

2011/06/21

Saladilloko Itxaropen euskal etxearen iazko urteurren jaia
Saladilloko Itxaropen euskal etxearen iazko urteurren jaia

PUBLIZITATEA

Bi gauza behar dira euskal etxe bati bizitza emateko: Euskal Herriko kulturarekiko maitasuna eta Euskal Herriaren maitaleak. Eta Saladilloko euskaldunek funtsezko bi ezaugarriok biltzen dituzte. Hori dela eta, egoitza propioa bukatzetik gero eta hurbilago daude; hori dela eta, komunitateari eskaintzen dizkioten proposamenak arrakastatsuak izaten dira. Lagun anitz hasi dira joan den astean euskara eskolak hartzen eta egoera bera espero da dantza klaseetan. Eta jendearen beste interes batzuei begiratzen dieten eskaintzak ere garatuko dira Itxaropen euskal etxean etorkizun hurbilean: Laura Nobile eta Elena Itcea FEVAko hizlarien emanaldiak eta Lagun Onak Abesbatzaren bisita.

Saladillo, Argentina. 'Euskara Munduan' programaren bidez trebatzen ari den Paulina Lorda irakaslearen eskutik hasi dira joan den ostiralean Saladilloko San Roque CAPS-en euskara klaseak. Baina ostiraleko bilerak ez dira aukera bakarrik izango lingua navarrorum ikasi nahi dutenentzat. Izan ere, ikasleen kopuruagatik bi kurtso ireki dituzte euskal etxeko arduradunek. Bata ostiraletan eta bestea astelehenetan, biak arratsaldeko 8etan.

Eta dantzari gorputzaren hizkuntza esaten bazaio, hizkuntza hori ere ikasi ahal izango da aurten Saladilloko Itxaropen-en. Sei urtetik gorako neska-mutil eta gizon-emakumeei luzatzen diete gonbitea euskal etxeko lagunek. Euskal dantza tailerrean parte hartzeko izenematea irekita dago jadanik eta interesa dutenek herriko Kultur Etxera hurbildu behar dute goizeko 9etatik ordu batera.

Hitzaldiak eta kontzertua

Euskal Herriarekin lotura duten hainbat gai hurbilduko dizkio aurten Itxaropen euskal etxeak bere komunitateari. FEVAren babesarekin, Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' euskal etxearen izenean, datorren ekainaren 27an Laura Nobilek, 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' hitzaldia emango du Saladillon. Hitzordua arratsaldeko 8:30etan izango da, Mitre Liburutegiko Gallani Auditoriumean.

Ondoren, abuztuaren 19an eta FEVAren eskainzaren baitan, Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea-ko Elena Itcearen bisita jasoko dute Saladillokoek, oraingoan Picasso eta Guernica koadroari buruz hitz egiteko. Ekitaldiekin bukatzeko, Itxaropen-ekoek gonbidaturik, Lagun Onak Abesbatzak emanaldia eskainiko du irailaren 4an.

Egoitzaren aurrerapenak

Bitartean, atsedenik hartu gabe eta bizkor jarraitzen dute Itxaropen euskal etxeko kideek euren egoitza bukatzeko lanekin. Eta ez daude bakarrik langintza horretan.

Itxaropen euskal etxeko egoitza 2011 01

[Iazko eta gaur egungo argazkiak alderatuz egoitzako aurrerapenak ikus daitezke (argazkia EE)]

“Eusko Jaurlaritzaren eta Saladilloko Udalaren diru-laguntzak, baita euskal etxeak berak lortzen dituen baliabideak ere oso baliagarriak dira momentu honetan”, adierazi du euskal etxeko batzordekide den Silvina Bordenavek. “Laster aurreko zatiaren teilatuarekin hasiko gara”, jakinarazi du Itxaropen-eko idazkari denak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia