euskal diaspora eta kultura
2009/09/17
PUBLIZITATEA
Rio Gallegos, Argentina. Kronologiari begira, esan dezagun abuztuaren 23an, igandez, egin zuela Urteko Ohiko Biltzar Nagusia Rio Gallegosen, Santa Cruz probintzia argentinarreko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak. Humberto Quiñones buru zuen ekitaldian, iazko txosten eta zenbakiak onetsi ziren eta 2012. urteraino euskal etxea gobernatuko duen Zuzendaritza Taldea hautatu zen, beti ere barne araudiak agindutakoaren arabera.
Zuzendaritza Batzorde berrirako honakoak hautatu ziren: Cesar Arizmendi, lehendakari; Edgardo Bilbao, idazkari; Liliana Victoria, diruzain berrautatua; horiekin batera izango dita batzordekide Matias Pradere, Cecilia Martinez de Eisolia eta Martin Rojas Chorroarín. Batzorde Kontu Ikuskatzailea, bestelade, honakoek osatzen dute: Raul Toninetti eta Hilda Martinezek, kide titular gisa; eta Marta Goyheneix eta Rodrigo Jayok, ordezko gisa. Griselda Arizmendi doktorea, orain arte Euskadiko Ordezkaritzaren aurrean euskal etxeko ordezkari zena, Komunikazio Instituzionaleko arduradun berria da.
Onespena Alberto Marucco Barragan-i
Momentu hunkigarria bizi izan zen errekonozimendu polita egin zitzaionean Alberto Marucco Barragan bazkideari, Santa Cruzeko Giza Eskubideen Estatu Idazkaritza sortzen eta garatzen egindako lanagatik, lan horri esker probintzia guztietan izena eta ospea irabazi zuelarik erakunde honek. "Bere arbasoek bezala eta egungo anai-arreba euskaldunek bezala Euskal Herrian, geure guraso eta aiton-amonen balore kultural, sozial eta odolekoak sustatzen dituela defentsa ikur moduan, eta giza eskubideekiko errespetua, euskal familiak garai zaharrenetatik bere egin duen sentimentua", dio gaztelaniaz ohoratze gisa eman zitzaion pergaminoak.
Zuzendaritza Batzorde berriak ekintza plan berria aurkeztu zuen, Kimuak programako materialez eskainitako euskal laburmetraia ziklo bat abiapuntu; Mus barne txapelketa bat, lehenengo saritzat Euskararen Eguneko zozketan parte hartuko duten ehun txarteletako bat, zozketako saritzat bi bidaia Euskal Herrira eta mila euro.
Ekimen ugari eta gazteen partaidetza
Proiektuen artean nabarmentzen da euskaldunei buruzko saio bat bertako telebistan, baita ere hitzarmena Unibertsitate Teknologikoarekin, sartu behar dutenei unibertsitateaurreko laguntza emateko; diputazioarekin, helduak alfabetatzeko; Trenaren Lagunen Elkartearekin, Euskal Etxeko Zine Tailerretik film bat egitearren Munduaren Amaierako Trenaz, amerikar kontinenteko muturrean Rio Turbioko ikatza garraiatzen duen burdinbide legendatsu honen sorrera eta garapena islatzeko.
Aipatu zen baita ere Matias Parabere gaztearen partaidetza joan den asteburuan Buenos Airesen FEVAk antolaturik egindako Euskal Identitatearen Tailerrean. Eta iragarri zen baita ere bisita mementu hauetan --irailaren 14ko astean-- Misiones probintziara, bertatik gonbidatuta 'Gora Vasco!' filma Posadas, Puerto Iguazú eta San Ignacio-ko hondakinetan aurkezteko.
'Hegoalde Argentinarra'ren oharrak dio bere amaieran, oztopo batzuk eta euskal etxearen egoitza berriaren inaugurazioa gaindituta, indar berria eman zaiola gazteen presentziari, hobekiago baliatuko baitituzte, orain erosoagoak diren instalazioak; eta prestatzen ari dita dagoeneko Bahia Blancako Euskal Argentinar Aste Nazionalean parte hartzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus