Valentzia, Espainia. Ospakizunetan dabil Valentzian bertako Laurak Bat Euskal Etxea, 1950ean sortutako elkarteak egoitza berria inauguratu baitzuen joan den ostiralean. Aldaketa, gainera, onerako eta motibu pozgarriak direla-eta egiten dute: "aurreko lokala txikia geratu zitzaigulako". Egoitza berria hiriaren bihotzean dagoela aitortzen dute, eroso eta eskuragarri, eta bertara gonbidatzen dituzte hirian bizi diren euskaldun eta euskaltzaleak, eta bertatik oporreta edo bestela ingura daitezkeenak. Zorionak, beraz!
Hauxe da Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak urrats berriaren karietara helarazi eta argitara eman duen oharra:
Bada Euskal etxe bat 1950 urtean Euskal Herriko kultura eta ohiturak Valentzian zabaltzen hasi zena. Laurak Bat Euskaletxea dugu hau. Garai desberdinak igaro ondoren, aro berri batean sartzear gaude orain. Euskaletxeak egoitza aldatzen du eta orain Valentziako bihotzean egongo gara, Merkatu Zentralaren parean.
Azkeneko urteetan Euskaletxearen arrakastak goraka egin du eta aurreko egoitza txikia gelditu zaigu. Zer suposatzen duen aro berri honek? Ba aukera emango digu orain arte egiten ditugun ekintzei jarraipena emateko eta ekintza berri gehiago sartzeko. Baino gauza guztien gainetik guretzako ilusioa da sortzen digun sentimendu nagusiena. Ilusioa lan gehiago egiten jarraitzeko, ilusioa gure kultura eta ohiturak valentziarrei erakusteko.
Epe motzera begira emanaldi desberdinak egingo ditugu, filmak, literatura saioak, ekintza gastronomikoak, Korrika, Mus txapelketa, musika eta dantza. Ahaztu gabe, noski, gure festak, hainbat afari eta bazkari desberdinak egiten baitugu, eta orain, sukalde berriarekin horrek bultzada handia izango du.
Hobetu dugun beste atal bat, eta ziur aski guk garrantzi gehiena ematen dioguna, euskera klaseak dira. Orain gela handiagoa eta politagoa dugu eta horrek gure ikasleei erosotasuna emango die.
Valentzian bizi garen euskal komunitateari ere agerikotasun handiagoa ematen lagunduko du Valentziako erdialdean egoteak.
Eskuak zabalik ditugu gure egoitza ikustera etorri nahi duenarentzat!