euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egoitza berreskuratu ondoren, Olavarriako 'Gure Etxe Maitia' EEak bere ateak ireki dizkio komunitateari

2011/02/02

Egoitza berreskuratu ondoren, batzorde berriak lehenengo bilera euskal etxean ospatu du joan den urtarrilaren 31an (Argazkia El Popular)
Egoitza berreskuratu ondoren, batzorde berriak lehenengo bilera euskal etxean ospatu du joan den urtarrilaren 31an (Argazkia El Popular)

PUBLIZITATEA

Maria Susana Mendizabalen gogo biziak bultzaturik, duela urtebete Buenos Aires probintziako Olavarria herriko euskaldunen ondorengo batzuek bertako 'Gure Etxe Maitia' euskal etxea berriro martxan jartzea erabaki zuten. Hamar hilabetez azantza handirik gabe egindako lan gogorra jadanik bere fruituak ematen ari da eta joan den astelehenean, erakundeko egoitza berreskuratu ondoren, Mendizabal lehendakari duen batzorde berriak, bere etxe propioan egin zuen kideen lehenengo bilera. Hemendik aurrera, mota askotako ekintzak eta “Olavarriari euskaldunen kultura berriro eskaintzea da instituzioaren asmoa”, azaldu diote euskal etxea bersortzearen arduradunek EuskalKultura.com-i.

Olavarria, Argentina. Urte berriarekin aro berria ere hasiko da Olavarriako euskaldunentzat. 2010. urtean, hamabost lagunek osatutako talde batek proiektu zaila baina polit bati aurre egin zion: euskal etxea berrantolatu eta instituzioko egoitza berreskuratzea. Bi helburu hauek lorturik, lan egiten jarraitzea eta gero eta jende gehiagorengana heltzea da oraingo asmoa.

Eta ez dute denborarik galtzen Olavarriakoek. Izan ere, proposamen batzuk dauzkate jadanik otsailean gauzatzeko. Alde batetik, herriko udalak gonbidaturik, Inauterietan stand gastronomikoa ipiniko dute. Beste alde batetik, 'Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan' argazki erakusketa ikusgai egongo da 'Gure Etxe Maitia' euskal etxean hilabete honetan.

Azpimarratzekoa da ekintza hauek iaz burutu zirenen jarraipena direla. Gogora dezagun, batzorde berriak euskal etxearen antolaketaz arduratzeaz gain, 30 bat kultur ekintza egin zituela 2010ean, tartean, euskal baserrien argazki erakusketa, genealogia eta Picassoren Guernicari buruzko hitzaldiak, eta Marcelino Irianniren 'Euskaldunen historia Argentinan' liburuaren aurkezpena, batzuk aipatzearren.

Euskara, dantzak eta informatika

Ikasturteari begira ere badaude dagoeneko bideratuta dauden proiektuak. Berrogeita hamar neska eta mutilek beren izenak eman dituzte euskal dantzak ikasteko. Hiru talde sortuko dira, txiki, ertain eta helduentzat. Hiru irakasle arduratuko dira martxoaren 19an hasiko diren eskolak emateaz: Ana Guazone Elortegi, Maria Julia Aroucet eta Andrea Boado, hirurak Marisa Vigure dantzari euskaldunaren gidaritzapean.

Euskarari dagokionez, Juan Luis Urrutia euskalduna izango da irakaslea eta gaur arte 14 ikasle daude apuntatuta. Euskarako lehenengo klasea martxoaren 23an emango da.

Internet zaleenzat, berriz, “Gazte euskaldunak kontaktuan” delako proiektua jarriko dute abian 'Gure Etxe Maitia' euskal etxekoek. “Ordenadore gela ere eraikiko dugu gazteek internetera konekta daitezen. Baina hori ez da asmo bakarra. Ideia da gazteei elkartzeko leku bat eskaintzea. Batzuetan nerabeek laguntza edo babesa behar dute eta ondo egoteko toki bat eman nahi diegu. Eta jakina, proiektu hau komunitate osoari dago zuzenduta”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Maria Susana Mendizabal-ek.

Iragana eta etorkizuna

“Olavarriako euskal etxeak Eusko Jaurlaritzarengandik jaso zuen dirua bere egoitza erosteko”, kontatu digu Mendizabal-ek. “Baina kudeaketa nahiko ilun baten ondoren, 2000. urtean erakundeko batzordean zeuden agintariek eraikina euskal etxearekin harremanik ez zuen norbaiti utzi zioten. Hori dela eta, azken hilabete hauetan etxea ez ezik erakundea bera ere berreskuratu behar izan dugu. Eta uste dut lortu dugula; izan ere, honez gero 100 lagun hurbildu zaizkigu gurekin lan egiteko. Orain Olavarriako komunitate osoari irekitzea eta jendea gureganatzea da erronka nagusia”, adierazi du 'Gure Etxe Maitia' euskal etxeko lehendakariak.

Lotura interesgarriak

Oihartzuna Olavarriako "El Popular" egunkarian
www.elpopular.com.ar/diario/2011/02/01/nota.html?idnota=98401

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia