euskal diaspora eta kultura
2012/03/26
PUBLIZITATEA
Jose C. Paz, Argentina. Ohi duten bizkortasunaz ekin diote ziklo berriari Buenos Aires probintziako Toki Eder-eko arduradunek. Udalak gonbidaturik, euskal etxea Banderaren Bigarren Mendeurrenaren lekukoa izan zen herriko Manuel Belgrano Plazan egindako zeremonian, otsailaren 28an.
Orain, komunitateari begira, urte osoan garatuko diren ekintzen berri eman dute José C. Paz kaleko 2120. zenbakian kokatuta dagoen euskal erakundeko lagunek. Klase eta tailerrak, jaiak, bilerak, hitzaldiak… hona hemenToki Eder elkartearen proposameak datozen hilabeteetarak:
-Euskara klaseak: Maila aurreratua, ostegunetan arratsaldeko 5etan. Oinarrizko maila: larunbatetan arratsaldeko 4etan. Hauek apirilaren 14an hasiko dira. Irakaslea: Dario Rodriguez.
-Dantza klaseak: larunbatetan eguerdiko ordu 2etan, apirilaren 14an hasiz.
-Umeentzako arte plastikoak: larunbatetan, dantza klasearen ondoren.
-Literatur tailerra: apirileko elkarretaratzean, ostirala 13an izango da arratsaldeko 3etan. Hitzordu honetara, eskola eta gune berezietako ikasle eta langileak gonbidatuko dira. Lucy Lechardoy irakasleak ipuin bat irakurriko die eta ondoren askaria partekatuko dute. Segidan, arratsaldeko 4:30etan, kide eta lagunentzako eskola burutuko da. Hurrengo topaketak maiatzaren 18an eta ekainaren 22an izango dira.
-Euskal sukaldaritza tailerra: Maria de los Angeles Garmendiak, batzordeko kide batzuek lagunduta, euskal errezeta tipiko bat prestatuko du maiatzaren 10ean. Klasea bukatu eta gero, platerak dastatu ahal izango dira. Urrian, berriz, Socorro Peña oñatiarrak izango du klasea emateko ardura.
-Yoga: astearteetan arratsaldeko 5:30etatik 6:30etara, Mercedes Navas irakasle, eta apirilaren 10ean hasiz.
Maiatzean, beste bi ikastaro jarriko dira martxan Toki Eder-en. Alde batetik, “Nik gogoratu egiten dut. Istoriak” delakoa, Maria de los Angeles Garmendiaren ardurapean; bestetik, “Jolasteko euskal kultura sustatuz”, Soledad Garmendiaren eskutik.
Ospakizun eta hitzaldiak
Jose C. Paz-eko euskal etxeak aurkeztutako ospakizunen programa ere ez da txikia:
-Apirilaren 23an, Aberri Eguneko bazkaria.
-Apirilaren 29an, goizeko 10etan, Ohiko Batzar Nagusia etxeko egoitzan.
-Maiatzaren 6an, goizeko 10etan, hildako kideen eta Gernikako Bonbardaketaren biktimen omenezko meza San Miguelgo San Pedro Claver Kapelan.
-Maitzaren 19an, arratsaldeko 5etan, Fuego Otoñal Antzerki Taldearen “Lagunak” lanaren aurkezpena.
-Ekainaren 10ean, Toki Eder euskal etxearen 16. urtemugaren jaia.
Ekainetik aurrera gai anitzeko hitzaldiak emango dituzte Toki Eder euskal etxean erakundeko hainbat lagunek, tartean, Mikel Ezkerrok, Mirta Rago de Gorgak eta Mariana Fernandez Castellik, batzuk aipatzearren.
Urtearen bigarren zatiari dagokionez, urrian Jose C. Paz-eko euskaldunek Oñatiko lagunak jasoko dituzte eta laguntza jasotzen duten guneei bisitaldiak egingo dizkiete. Urrian ere Rosarion egingo den Euskal Astera joateko asmoa dute Jose C. Paz-ekoek. Abenduaren 2an, berriz, urte amaierako jaia eta Euskararen Eguna ospatuko da.
Bukatzeko, euskal etxeko arduradunek gonbidatzen dituzte interesatuak Reyes Michelena liburutegia bisitatzera, astearteetan eta ostegunetan 4etatik 7etara eta azpimarratzen dute ekintzak doakoak direla erakundeko kideentzat. Informazio gehiago eskuratzeko, deitu ezazu 02320-442842 telefono zenbakira, edo idatzi toki_eder@speedy.com.ar helbidera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus