euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Edukia berrituta ireki da berriro Donostiako Untzi Museoa, bertako itsas historia 'ezkutua' zabaltzeko asmoz

2007/06/28

Inaugurazio eguneko argazkia
Inaugurazio eguneko argazkia

PUBLIZITATEA

Funtzionamenduan zein publikoaren aurrean agertzen duen edukiari dagokionez aldaketa handiz zabaldu ditu berriro ere ateak Donostiako Untzi Museoak. Ekainaren 12an egindako inaugurazioak, Donostiako itsas historiari buruzko ibilbide hautatua ipini du bisitarien begi aurrean, orain arte sekula erakusgai ipini ez ziren 170 pieza tarteko. Hiriak itsasoaren izan duen harreman estua ipintzen du agerian. Aukera ederra honakoa, donostiarrek, eta oro har euskaldunek, itsasoarekin izan duten harreman historikoa hobeto ezagutzeko. Honi buruz dihardu Nagore Irastorzak Irutxuloko Hitza egunkari donostiarrean argitara emandako artikulu honetan.
Barruko aldea txukundu, erakusketa iraunkorra aldatu eta funtzionamendu berriari ekitea erabaki du Untzi Museoak 16 urte eta gero. Hemendik aurrera, museoko erakusketa espazio osoa gai monografiko bati eskainiko dio eta urte luzetako erakusketa iraunkorra izan beharrean, urtebete edo bi urte iraungo dute erakusketek. Museoan egindako lan guztiak bukatuta, atzo ireki zituen ateak berriz ere Untzi Museoak erakusketa berri batekin: Donostia, itsas hiria, Donostiaren eta itsasoaren arteko harremana historian jasotzen duen erakusketa da. 2008ko maiatzaren 28 arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera goizez eta arratsaldez.

Erakusketaren inaugurazioan izan ziren Soco Romano Untzi Museoko zuzendaria, Joxe Mari Unsain museoko zuzendaritza taldekoa eta erakusketaren komisarioa, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Imanol Agote Foru Aldundiko kultura zuzendaria.

Donostiako itsas historia ezezaguna

Joxe Mari Unsainek erakusketaren berezitasuna azpimarratu zuen, izan ere, bereziki Donostiari buruz egiten den lehen erakusketa baita. «Donostiak eginkizun garrantzitsua bete du itsas historian eta zorretan geunden hiriarekin. Oso garrantzitsua da itsas historia ezagutaraztea, donostiar askok ez baitu ezagutzen». Honela, erakusketaren helburu nagusia donostiarrei zein kanpokoei Donostiaren itsas historia ezagutaraztea da.

Erromatarren garaitik gaur egunera arteko ibilbidea egiten du erakusketak, 170 pieza erakutsiz. Horiekin batera, informazioa eskaintzen duten panelak eta ikus-entzunezkoak gehitu dituzte.

Erromatarrak, XVII. mendeko kortsarioak, balea...

Unsainek arrantzan, merkataritzan zein kortsarioen inguruan hiriak izandako garrantzia azpimarratu zuen. «Azpimarratzekoak dira erromatarren presentzia, XVII. mendeko kortsarioak, edo baleen arrantzaleku garrantzitsua XVI. mendean. Horiek guztiek utzitako aztarnak eta dokumentuak bildu ditugu».

Honela, hainbat pieza bitxi eta ikusgarri bildu dituzte. %35 guztiz ezezagunak dira eta lehen aldiz jarriko dituzte ikusgai, eta museoko fondoetatik, beste zentro batzuetatik eta bilduma partikularretatik mailegatutakoak dira. «Eskertzekoa da jendearen eskuzabaltasuna, askok beren etxeko hormetatik kendu baitituzte koadroak erakusketara ekarri eta hemen jartzeko», esan zuen Soco Romanok.

Bitxikerien artean, XVII. mendeko koadroa da aipagarriena. El Escorialeko agiritegi orokorrak mailegatutako koadroak, Felipe III. Espainiako erregea Donostiara iritsi zeneko unea irudikatzen du. Koadroa hiru hilabetez egongo da erakusketan. Belefonte kortsario donostiarraren egunerokoa da bitxikerietako beste bat. Garai hartatik gordetzen den bakarra da. Horiez gain, margoak, eskulturak, grabatuak, kartelak, maketak... ikus daitezke erakusketan.

Zortzi ataleko erakusketa

Erakusketa gaika egituratu dute eta garai desberdinak islatzen ditu: erromatarren garaia, itsas garraioa eta merkataritza, baleazaleak, ontzigintza, hiri kortsarioa, itsasoz gaindiko enpresak, turismo hiria eta arrantza portua.

Museoaren lehen bi solairuak betetzen ditu erakusketa berriak eta azken solairuan, neurri txikiagoko erakusketak izango dira. Haurrentzako tailerrek eta liburutegi espezializatuek orain arte bezala jarraituko dute beren zerbitzua eskaintzen.


PIEZA BITXIAK

Guztira, 170 pieza inguru bildu dituzte, testuez eta ikus-entzunezkoez lagunduta. %35a lehen aldiz ikusgai da Donostian.

XVII. mendeko koadroa. Felipe III. Espainiako erregea Donostiara iritsi zen unea irudikatzen du.Olioaren egilea ezezaguna da, baina ustez Pieter Van Heulen aipatu izan da. Hiru hilabetez izango da ikusgai, El Escorialeko agiritegiak mailegatutakoa.

Tina. Bretxako indusketetan aurkitutako pieza. Sevillan egindakoa da eta balearen olioa gordetzen zuten bertan.

Gonzalo Chillida. Eduardo Chillidaren anaiaren koadroak irekitzen du erakusketa. Donostiako badiaren margolana da.

Eskulturak. Santa Maria eliza zaharreko San Pedro eta San Juan apostoluen eskulturak. XIV. mendekoak dira, Santa Maria eliza gotikoaren lekukotasun bakarrak.

Egunerokoa. Belefonte kortsario donostiarraren egunerokoa. XVIII. mendekoa da eta garai hartako ilustrazioak dituen bakarra. Sei hilabetez egongo da.

(2007-06-13an Hirutxuloko Hitza-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Donostiako Untzi Museoa
http://um.gipuzkoakultura.net

Untzi Museoa, azken berrikuntzaren aurretik
Euskonews-en, Ainara Iraetak sinatu artikuluan


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia