euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eduardo Strauss Urioste, Andeetako istriputik bizirik atera zen uruguaitarra, bere euskal sustraien bila gaur "Origen" saioan

2016/10/20

Eduardo Strauss Urioste euskal-uruguaiarra (argazkia OrigenETB)
Eduardo Strauss Urioste euskal-uruguaiarra (argazkia OrigenETB)

PUBLIZITATEA

1972an Andeetan istripua izan zuen hegazkin famatu hartan zihoan Eduardo Strauss Urioste uruguaiarra, orduan 25 urteko errugbi jokalaria zena. Hegaldian zihoazten 45 lagunetik 16 bakarrik atera ziren bizirik elurrezko infernu hartatik, 72 egun latz igaro ostean, -25 eta -40 graduko tenperaturarekin. Biziraupen istoria gogor hau kontatuko du Strauss Uriostek, "Origen" taldeko adituekin batera bere euskal sustraiak bilatzen dituen bitartean. 22.30tan ETB-2n.

Donostia-San Sebastián. Gizakiaren biziraupenaren mugak eta taldearen eta elkartasunaren indarra izango dira gaurko "Origen" saioko gaietako batzuk, Eduardo Strauss Urioste gonbidatuarekin. Urioste euskal jatorridun arkitekto uruguiarra da eta Andeetako Tragedia izeneko hegazkin istriputik bizirik irten zen 16 lagunetako bat izan zen. 

1972an Eduardo eta bere errugbi taldekideak txapelketa batetik etxera bidean zihoazten, Txileko Santiagotik Montevideora, hegazkinak Andeetan istripua izan zuenean. Talkan hil egin ziren 45 bidaiarietako 13, eta beste batzuk hurrengo egunetan, jasotako zauriengatik. Bizirik atera zirenak, 3.000 metrotako altueran ziren, janaririk gabe eta -25 eta -40 graduko tenperaturekin. Halarik ere, gazte taldeak kemen eta biziraupen indar izugarria erakutsi zuen eta 72 egun egin zituzten bertan, erreskatatu zituzten arte.

Strauss Uriostek esperientzia latz honen zuzeneko testigantza emango du saioan, bere euskal sustraiak bilatzen dituen bitartean. Familian euskal jatorria eta sena oso argi zutela dio uruguaiarrak, eta unerik gogorrenetan euskaldunen egoskorkeria barru barrutik atera zitzaiola azpimarratzen du. "Guk garrantzi handia ematen diogu familiari eta nire ustez alderdi hori ere oso euskalduna da", dio berak.

Saioa gaur 22:25etan izango da ikusgai ETB2-n, eta goizaldean, 02:15tan, Canal Vasco/ETB Sat-en  (info +, hemen). Horrez gain, zuzenean ikusi ahalko da Eitb.com webgunean, eta bihartik aurrera ETB Nahieran-en (hemen). 

Hona aurrerapen bideo bat:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia