euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eduardo Gil Bera idazle nafarra euskal literaturari buruz mintzatu zen Leipzig-eko Azokan, ENAI-k gonbidatuta

2008/04/03

Xabier Azanza (ENAIko zuzendari kudeatzailea), Gonzalo del Puerto (Berlingo Cervantes Institutuko arduraduna); Eduardo Gil Bera (idazlea) eta Ute Rassloff (literatura eslovakiar aditua) Leipzigen
Xabier Azanza (ENAIko zuzendari kudeatzailea), Gonzalo del Puerto (Berlingo Cervantes Institutuko arduraduna); Eduardo Gil Bera (idazlea) eta Ute Rassloff (literatura eslovakiar aditua) Leipzigen

PUBLIZITATEA

Nazioartean egin duen lehendabiziko ekitaldian, ENAI (Euskararen Nafar Institutua) Leipzigeko Liburu Azokan izan zen joan den martxoaren 15an. Xabier Azanza zuzendariarekin batera Eduardo Gil Bera idazle eta itzultzaile nafarra izan zen bertan. Gil Berak euskaraz eta gazteleraz hainbat lan argitaratu ditu eta azokan 'Hizkuntz txikiak, literatura handiak' izenburua zuen mahainguruan parte hartu zuen, Dusan Simkoverse idazle eslovakiarrarekin batera.
Leizpig-eko liburu azoka Alemaniako bigarrena da garrantzian, Frankfurt-eko topaketa ezagunaren ostean. Bi azokak oso desberdinak dira baina, Leipzigeko hitzordua irakurle eta literatur zaletuei zuzendua delako, argitaletxe eta editore profesionalei baino. Aurtengo edizioan Eduardo Gil Bera idazle nafarra egon da, ENAIk gonbidatuta, 'Hizkuntz txikiak, literatura handiak' izenburua zuen mintzaldian parte hartzeko. 'Hizkuntz gutxituei buruzko proiektu hau 2003az geroztik egiten da eta aurreko edizioetan gonbidatuak beti izan dira Europa ekialdeko hizkuntza gutxituak. Begirada Europa mendebaldera zuzendu dutenean aukeratui duten lehen hizkuntza euskara izan da, agian Europako hizkuntz zaharrenara denaren kontuarengatik...', azaltzen du idazleak.

Gil Bera eta Simkoverse eslovakiarra hizkuntz gutxituetan idazten duten idazle bezala euren esperientzia azaldu zuten. Idazle nafarrak bere lanetako pasarteak irakurri zituen euskaraz, entzuleek euskararen doinu eta soinuak entzun ahal izateko. 'Interes handia agertu zuten hara bildu zirenek eta galdera asko egin zituzten, adibidez Nafarroan ze hizkuntza erabiltzen diren', azaltzen du idazleak. 'Nik euren zalantzak argitzen eta galderei erantzuten saiatu nintzen, baina ez sakonean, oso gutxi zekitelako eta azalpenak luzeegiak liratekeelako nire alemanarekin'.

Lehen ekitaldia atzerrian

Azoka atzerrian estrainaldia izan zen ENAIrentzat, sortu zenetik euskara nazioarteko azokatan zabaltzeko egiten duen lehen aurkezpen ofiziala izan baitzen. Eduardo Gil Berarentzat ere Alemanian mintzaldia emateko gonbitea jaso zuen lehen aldia izan zen. 'Ez dakit ENAIk ze eragin izango duen Nafarroako idazle euskaldunen jardunean, oraindik oso goiz da hori ikusteko. Baina nik momentuz Leipzig-eko azoka honetara etortzeko aukera izan dut behintzat'. Azokan idazleak 'Amazonak Homeroren Odisean' gaiari buruzko mintzaldi bat ere eman zuen, klasiko hau euskarara itzuli baitu eta aurten agitaratuko dute lana.

[Leipizg-eko Liburu Azokaren kartela, Alemanian]

Eduardo Gil Bera Tuteran jaio zen 1957 eta kazetaritza ikasketak egin zituen. Idazlea, poeta, saiogilea eta itzultzailea da. Bere argitalpenen artean honokoak daude: 'Atea bere erroetan bezala' (1987), 'O tempora! O mores!' (1988), 'Strasburgoko ordularia' poema liburua (1990), A este lado (1993), El carro de heno (1994), Baroja o el miedo (2001), Torralba elaberri historikoa (2002) eta Historia de las malas ideas saiakera (2003), besteak beste.


Lotura interesgarriak

Eduardo Gil Beraren bibliografia eta linkak
Literaturaren Zubitegian

Eduardo Gil Beraren bibliografia
www.uklitag.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia