Boise, AEB. “Opari desberdina da”, esan du Uberuagak. “Gozatzeko une bat da, ondo pasatzekoa eta jendea batuko duena”. Sei-zortzi dantzari agertuko dira gram-a eskatu duten etxean eta aurretiaz eskatutako pieza dantzatuko dute. Horrekin batera, oparia jasoko duenari mezu pertsonalizatua irakurriko diote ere. Eskariak bidaltzeko azken eguna igandea izan zen eta hogei lagun inguruk 13 etxe desberdinentzat eskatu zituzten dantzak. “Lehen urtea izateko nahiko ondo dagoela uste dut”, aitortu du bozemaileak.
Euskal kultura zabaltzeaz gain, programa berri honek Oinkariren proiektu kulturala diruz lagunduko du, datorren udan Euskal Herrira bidaiatzeko intentzioa baitute, zenbait dantza ikasteko asmoarekin. “Antolatzen erraza izango zen diru-bilketa bat nahi genuen prestatu eta honetan pentsatu genuen. Prezio altuagoak jarri genitzakeela pentsatu genuen ere, baina nahiago izan genuen edozeinek ordaintzeko moduko prezioak jartzea, lehenbiziko urtea zela ere kontutan hartuta”.
Eta hala izan da, prezio benetan popularrak jarri zituzten. Bi aukera zeuden eskuragarri: Jota eta Porrusalda, 15 dolarrean; edota Zortzikoa, 20 dolarrean. 10 dolarreko donazioa egiteko aukera ere bazegoen, eta hainbatek aukera hori ere hartu zuen. Dantza hautatzeko orduan, eskatzaileak oparia jasoko duen pertsonari mezua idazteko tartea zuen baita ere.
Lehenengo urtea izanik, Boise eta Meridian (Idaho, AEB) hirietan baino ez dute zerbitzua eskaini eta, uste dute, hiru ordu nahiko izango dituztela dantzaldi guztiak egiteko. “Hamar-hamabost minutu emango ditugu etxe bakoitzean”, adierazi du parte hartuko duen Laelek. Hurrengo hauek dira berarekin batera Gabonak euskal kolorez zipriztinduko dituzten dantzariak: Ben eta Amaya Monasterio, Aisea eta Andoni Odencrantz, Alaina Gavica, Toni Sabarota, Brenna Garro, Carmen Spencer, Dan eta Ellen Ansotegui, Elise Overgaard, Emily eta Laura Pape, Frances Tullis, Jaclyn Lasuen, Jasmine Mendiguren, Jill Kaltenecker, Johnny Boyd, Josu eta Madalen Bieter, Michael Lejardi, Sadie Heartman, Teresa eta Kristina Franzoia, Gav Shapiro eta Veronica Bolles.
Beste Klubentzako aholkua
Dantza taldea duen edozein Euskal Etxek egiteko moduko plana dela uste du Uberuagak eta hainbat aholku eman ditu. “Garrantzitsua da Klubeko kide denek proiektuaren berri izatea, ez dantzariek soilik, eta jendea parte hartzera animatzea garrantzitsua da ere”, esan du. Eta praktikotasunagatik, jendeak ordaintzerako orduan PayPal moduko sareko sistemen alde agertu da, gauzak errazten dituelako.