euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Edorta Jimenez idazleak 36ko gudako pasarteak ekarri zituen gogora Buenos Airesen, Gernikako 70 urteurrenean

2007/05/01

Edorta Jimenez idazlea Eusketxen eskaini zuen mintzaldiaren une batean (argazkia Basqueheritage.com)
Edorta Jimenez idazlea Eusketxen eskaini zuen mintzaldiaren une batean (argazkia Basqueheritage.com)

PUBLIZITATEA

Mintzaldi berezia izan zen Edorta Jimenez (Mundaka 1953) idazleak Eusketxeko egoitzan eman zuena. Bizkaitarrak Gernikako bonbardaketari buruz hitzegin zuen, baina ikuspuntu pertsonal eta literario batetik. Entzulegoak, gaiari erabat lotuta eta hunkituta, adi-adi entzun zituen Jimenezen hitzak. 'Gure esperientzia gizarteratzen saiatzen naiz, ez ikuspegi alderdizale batetik, baina bai nire ustetan egia eta justiziaren alderdia izan zenaren ikuspuntutik', azpimarratu zuen Jimenezek BasqueHeritage.com-ekin eginiko solasaldian.
Joan den apirilaren 24ean Buenos Aireseko Eusketxek (Eusko Kultur Etxea) Edorta Jimenez idazle mundakarra hartu zuen. Lagun talde handia bildu zen bertan Jimenezen mintzaldia entzuteko, 40 pertsonatik gora. 'Tifusaren urtea' liburuaren egilea Gernikako bonbardaketari buruz aritu zen. Egile bizkaitarrak gertakari latz honen inguruan urteetan izan zen isiltasuna aipatu zuen eta horrek bera bezalako ume batengan izan zuen eragina, gurasoek kontatu -eta isiltzen zutena- entzunez ezagutu baitzuen tragedia.

Jimenez behin baino gehiagotan aipatu zuen George Steer kazetariak --'Gernikako Arbola' liburuaren egileak-- Gernikan gertatutakoaren berri munduan zehar zabaltzen izan zuen garrantzia. Gudari buruz barne-barneko ikuspegitik hitzegin zuen idazleak. Giro intimista honetan murgilduta, Londonen Steer-en memoria liburua --'Kronikak Gernikatik'-- erosi zuenekoa ekarri zuen gogora Edorta Jimenezek eta bonbardaketa ondorengo egunean kazetari ingelesak The Times egunkarira bidali zuen telegrama irakurri zuenean negar egin zuela aitortu zuen.

Mintzaldian idazleak 'Kilkerren Hotsa' bere liburuaren pasarteak irakurri zituen. Eleberri honek Alejandro Mallona, Mundakako alkatearen historia kontatzen du. Mallona 1937an fusilatu zuten. 'Kilkerren hotsa' liburuaren gaztelerazko itzulpena hilabete honetan argitaratuko dute. [Ezkerreko irudian Edorta Jimenez idazle mundakarrak Eusko Kultur Etxean eman zuen mintzaldiaren une bat (argazkia BasqueHeritage.com)]

Hiru mundakar Buenos Airesen

Emozio handiko beste momentu bat idazle bizkaitarrak Laura eta Josefina Cruzalegui ahizpak ezagutu zituenekoa izan zen. Cruzaleguitarrak mundakarrak dira jaiotzez eta guda garaian Argentinan exiliatu ziren. Eusketxera gerturatu ziren biak Jimenezen mintzaldia entzun asmoz eta bilkurako protagonista ere bihurtu ziren, urte haietan Euskal Herrian bizi zituztenak kontatzean. [Eskubiko irudian Edorta Jimenez idazlea Cruzalegui ahizpekin (argazkia BasqueHeritage.com]

'Gaur hemen gertatu dena apartekoa izan da', aitortu zuen Jimenezek mintzaldi ostean. 'Esateko asko duten bi emakumeen lekukotasuna entzuteko aukera izan dugu. Laura eta Josefina Juan León Cruzaleguiren alabak dira eta Juan León euskal Diaspora eta exilioari ekarpen handia egin zion gizona izan zen. Arte euskalduna Ameriketan zehar zabaldu zuen eta euskal komunikabideetan idatzi zuen. Gaurkoa opari bat izan da niretzako'.

Argentinan zehar egindako bidaiarekin pozik

'Leku hau gure amamaren ametsa zen, berak beti esaten zuen Argentinara etorri zen anaia zuela eta haren berririk gehiagorik ez zutela sekula izan', adierazi zion BasqueHeritage.com-i Edorta Jimenezek, Argentinan zehar egiten ari den lehendabiziko bidai honi buruzko balantzea egiterakoan. 'Ametsa egi bihurtu da eta euskal etxeak ezagutu, autobusean bidaiatu, euskal jatorririk ez duen jendea ezagutu, kalean zehar ibili, arnastu... hainbat gauza egiteko aukera izan dut eta akemena eman dit'.

Diasporaren errealitateari buruz galdetuta, idazleak hainbeste gazte jenderen parte hartzea ikustean poza handia hartu zuela azaltzen du. 'Ez nuen hau horrela zenik pentsatzen eta hemen ikusi dudana sekulakoa da', aipatzen du Rosario, Córdoba, La Plata eta Santa Rosako euskal etxeeak bisitatu dituen idazleak. Jimenez Txalaparta argitaletxeak gonbidatua izan da Argentinan, 'Tifusaren urtea' liburuaren gaztelerazko edizioa aurkeztera. Jimenezek ahalik eta azkarren Argentinara bueltatzeko itxaropena agertu zuen, beste libururen baten gaztelerazko itzulpena aurkezteko. Momentuz, idazle mundakarra Alemanian izango da aste honetan, 'Kilkerren hotsa'-ren alemanezko bertsioarekin.


Lotura interesgarriak

Edorta Jimenezen bibliografia
zubitegia.armiarma.com

Txalaparta argitaletxea
www.txalaparta.com

Edorta Jimenezek mintzaldia emango du Frankfurten
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 25ean

Edorta Jimenez Argentinako euskal etxeetan zehar bira egiten
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 18an

Ezkerreko bilatzailean Steer ipinita, bi izenburu ateratzen dira
Txalaparta.com, Txalaparta argitaletxearen webgunea


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia