Eder Montero sukaldari bilbotarra arrakastatsu ari da lanean New Yorken eta laugarren jatetxea ireki berri du, bere kide Alex Raijrekin. Udaberrian euskal sukaldaritzari buruzko liburu bat argitaratuko dute, eta bien bitartean, Euskal Herriko ohiturak New Yorken zabaltzen ari dira. Atzo, esaterako, bezeroen artean banatu zituzten San Blas kordoiak, tradizioak dionez, gripe eta katarroetatik babesten dutenak.
New York, AEB. Bilboko San Blas kordoi tipikoak New Yorkeraino iritsi dira aste honetan, Txikito jatetxeko Eder Montero sukaldari bilbotarrari esker. Monterok eta bere lankide Alex Raij sukaldariak "gripearen aurkako euskal txerto" hau banatu zuten atzo euren bezeroen artean. Tradizioak dioenez, bedeinkatutako San Blas kordoi hauek lepoan jarri behar dira eta bederatzi egun ondoren erre, gripe eta katarrorik ez hartzeko.
Atzo, salda katilu goxo batekin batera banatu zituzten Txikiton Bilbotik bidalitako kordoiak. Horiekin batera, bezero bakoitzak Bilboko San Nicolase elizako San Blasen irudiaren argazki bat jaso zuen (Juan Pascual de Menak egin zuen irudia 1756ean) eta baita ohitura honi buruzko azalpentxo bat, euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez. Orain bezeroek bederatzi egin eta gero Txikitora bueltatu eta kordoiak elkarrekin erretzeko gonbitea jaso dute. Topa egiteko potea, jatetxearen kontura!
-Txikito NYC Facebook-en, hemen.
-Jatetxearen webgunea, http://www.txikitonyc.com