euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ecilda Paullier herria kalejiran atera zen Montevideoko Haize Hegoa eta Rosarioko Gure Etxearekin

2008/11/14

Montevideoko Haize Hegoa eta Rosarioko Gure Etxeako kideak Ecilda Paullier-eko kalejiran (argazkia Haize HegoaEE)
Montevideoko Haize Hegoa eta Rosarioko Gure Etxeako kideak Ecilda Paullier-eko kalejiran (argazkia Haize HegoaEE)

PUBLIZITATEA

Ecilda Paullier Montevideo hiriburutik 110 kilometrotara dagoen Uruguaiko herri bat da. Joan den larunbatean, Gizataldeen Jaiaren hirugarren edizioa ospatu zuten eta bertako euskaldunekin batera Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxea eta Rosarioko Gure Etxea gonbidatu zituzten antolatzaileek. Euskal elkarteeko dantzariek herriko kaleetan zehar egin zen kalejiran parte hartu eta dantza erakustaldiak gauzatu zituzten, txalo eta eskuzarta ederrak eskaini zizkieten Ecilda Paullier-eko ikusleen aurrean.

Ecilda Paullier, Uruguai. Montevideoko Haize Hegoa eta Rosarioko Gure Etxea euskal elkarte uruguaiarrek bat egin zuten joan den larunbatean, azaroaren 8an, Ecilda Paullier herriko Gizataldeen Jaiaren III. edizioarekin, antolatatzaileek propio gonbidatuta. Herri hau San Jose departamentuan dago, Montevideotik 110 kilometrotara eta orain dela 125 urte sortu zuten.

'Euskaldunek, libaniarrek, italiarrek, alemaniarrek, suitzarrek eta espainiarrek sorutu zuten hiria, Federico Paullier-en gidaritzapean', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Haize Hegoako presidente Enrique Poittevinek.

Kalejira Ecilda Paullier-en

[Montevideoko Haize Hegoa eta Rosarioko Gure Etxeako ordezkariak Ecilda Paullier-eko kaleetan dantzari Gizataldeen III. Jaian ( Haize HegoaEE)]

Gaur egun Ecilda Paullier abeltzaintza eta artisautza industriak garatzen ari da eta etorkizun handia duen hiria da. Aldi berean, euren sustraiak ez ahazteko, herriko Mascep taldeak (Movimiento de Acción Social y Cultural de Ecilda Paullier) Gizataldeen Jaia antolatzeari ekin zion eta aurten hirugarren edizioa egin zuten jada. Herriko biztanleek pozik parte hartu dute aurten ere jaian eta herrira hurbildu diren kanpotarrei harrera beroa egin diete. Horien artean Montevideoko eta Rosarioko euskal elkarteen ordezkariei.

Dantzari txikien poza Ecilda Paullier-en

[Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko dantzari txikien taldeak, Txiki Alaiak, izenari ohore egin zioten eta pozez eta gustura aritu ziren dantzan Ecilda Paullier-eko Gizataldeen Jaiaren III. edizioan]

'Guk bi dantza taldeekin parte hartu genuen: helduen “Eusko Indarra” eta txikien “Txiki Alaiak”. Gurekin batera Rosarioko “Alaitasuna” dantza taldea aritu zen eta emanaldi politak egin genituen elkarrekin', laburbiltzen du Poittevinek.

 

Dantzari nagusiak ekinean Ecilda Paullier-en
[Montevideoko Haize Hegoako eta Rosarioko Gure Etxeako dantzari nagusiak elkarrekin aritu ziren taulagainean Ecilda Paullier herriko Gizataldeen Jaiaren III. edizioan]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia