euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Echenique bisitari Txilen: Valparaisoko kale bat euskaldunei eskaintzea eskatuko zaio hiriari

2012/09/17

Guillermo Echenique erdian, alboan bere ezkerrera Ana Urchueguia eta Ainhoa Alday dituela, Bostgarren erregio txiletarreko Eusko Etxearen aurrean, bertako buruzagi eta bazkide multzo batekin (argazkia Irekia)
Guillermo Echenique erdian, alboan bere ezkerrera Ana Urchueguia eta Ainhoa Alday dituela, Bostgarren erregio txiletarreko Eusko Etxearen aurrean, bertako buruzagi eta bazkide multzo batekin (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Bisita egin dute joan den astean Txilera Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Ainhoa Alday Kanpo Harremanetarako zuzendariak, Euskadiren bertako ordezkari Ana Urchueguiak lagunduta, eta parte hartu dute Salvador Allende presidente zenari bere heriotzaren 39. urteurrenean eskainitako omenaldian, Isabel Allende senatariak eta presidentearen izena daraman fundazioak gonbidatuta. Bidaia berean euskal jatorriko enpresari txiletarrak biltzen dituen Emprebask elkartearekin bildu, eta ondoren Santiagoko Eusko Etxearekin --aurten mendeurrena ari da ospatzen-- eta Colectividad Vasca de Chile izena duen euskal etxe gaztekoekin --2010eko maiatzan onetsitakoa da-- eta segidan Viña del Marren egoitza duen Viña-Valparaisoko Eusko Etxera joan ziren, aste hondarrean Buenos Aires aldera abiatu aurretik.

Viña del Mar, Txile. Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Ainhoa Aldayk Salvador Allenderen heriotzaren 39. urtemugako omenaldietan hartu dute parte Santiagon, Isabel Allende senatariak eta 1973ko irailaren 11n hil zen presidentearen izena daraman Fundazioak gonbidatuta, Irekiak jakinarazi duenez.

Santiago hiriburuan, Guillermo Echenique eta Ainhoa Aldayk, Ana Urchueguía Euskadiren Txile eta Peruko ordezkariak lagunduta, bilera egin dute Euskaditik andetar herrialde honetan kokatzeko asmotan oraintsu etorri diren zenbait euskal herritarrekin. Bestalde, Emprebask Txileko euskal jatorriko enpresaburuen elkarteko Zuzendaritzarekin bildu dira eta Santiagoko Euzko Etxearen Zuzendaritzak ere hartu ditu, Euzko Etxea mendeurrena ospatzen ari den urte honetan.

Ondoren, Bostgarren Erregiora abiatu eta Echenique, Alday eta Urchueguía, Valparaíso-Viña del Marreko euskal komunitateko kideekin elkartu ziren, iazko irailean Echenique bera ere bertan zela inauguratu zen egoitzan. 

Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du Euskal Etxeak eta haren presidente Archibaldo Uriartek 2014an Winnipeg-en etorreraren 75. urteurrenaren omenezko ekitaldiak prestatzeko martxan jarritako ekimena. Itsasontzi hartan, Gerra Zibilagatik erbesteratuak izan ziren euskal herritar ugari iritsi ziren. 

Horren harira, Guillermo Echeniquek Valparaísoko Alkatetzarekin hiriaren kale edo plaza bat euskal herritarrei eskaintzea kudeatzeko konpromisoa hartu zuen, baita ikerketa-lan bat babesteko ere, Unibertsitate Katolikoarekin lankidetzan, Txilen hartu zituzten erbesteratu errepublikanoen senideen lekukotzekin. 

Eusko Jaurlaritzaren hausnarketei jarraiki, Valparaísoko euskal etxearen instalazioetan eremu bat Bostgarren Erregioan jardun nahi duten euskal enpresak eta profesionalak hartzeko erabiltze erabaki du euskal elkarteak. Hori guztia, Txileko euskal enpresarien elkartearekin (Emprebask) bat etorriz. 

Santiago hiriburura atzera eginik, Colectividad Vasca de Chile euskal etxeak --Santiagoko Las Condesko Estadio Espainiarrean dauka egoitza-- harrera egin zien Echeniqueri eta Aldayri. Zuzendu zien hitzetan, Echeniquek azpimarratu zuen euskal etxe hau euskal herritarrek munduko edozein lekutan duten presentziak izan behar duenaren adibide paregabea dela, “guztiontzat erabakigarria da herrialdean ongi integratuta egotea eta behar bezalako harremanak izatea, baita munduko beste leku batzuetatik etorritako kolektiboekin ere. Txile eta Euskadi batzen dituzue, eta bategite hori jarraitu beharreko eredua da, itxiagoak diren beste batzuk ez bezala. Gaur, zoriondu egin nahi zaituztet, sortu duzuen koruagatik eta harreran eskaini dizkiguzuen aurreskua eta cuecagatik (Txileko ohiko dantza). Horregatik guztiagatik, gure babes osoa duzue”, erantsi zuen Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Buenos Airesera abiatu baino lehen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia