euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Duzun onena' gidaliburuak haurrak txikitatik euskaraz hezitzeko aholkuak eskaintzen dizkie gurasoei

2008/04/22

'Duzun onena' gidaliburuak gurasoei euren haurrak euskaraz hezitzeko aholkuak emango dizkie
'Duzun onena' gidaliburuak gurasoei euren haurrak euskaraz hezitzeko aholkuak emango dizkie

PUBLIZITATEA

Nafarroako zenbait udaletako euskara zerbitzuek sortutako 'Duzun onena' gidaliburua ume jaioberriak dituzten familiei zuzenduta dago hauen hizkuntza garapenerako aholku batzuk emateko asmoarekin. Ideia haurrei txikitatik euskaraz irakastea denez, bi gurasoak euskaldunak direnean, euskalduna guraso bakarra denean, euskara pixka bat dakitenean edota ez dakitenentzat jarraibideak eskaintzen die eskuliburuak. Ekimenak Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntza jaso du.

Iruñea, Nafarroa. Raul Lopez Ekai Baztango euskara teknikariak Erabili.com webgunean azaltzen duen moduan, Nafarroako zenbait udaletako euskara zerbitzuek, gurasoei eskainitako 'Duzun onena' gidaliburua sortu dute. Lanak hainbat atal dauzka eta horietako lehenengoan, helduei hizkuntzak ikasteko garaian familia oso elementu garrantzitsua dela azpimarratzen zaie. Jolasa nabarmendu behar dela aipatzen da, hain zuzen ere, 'hau baita haurrak gizartean aurrera egiteko jokabideak eta estrategiak bereganatzen ikasteko sistema egokia', aipatzen dute arduradunek. Gainera, gurasoek zenbat eta gehiago euskaraz hitz egin, orduan eta hobekiago ikasiko du umeak bere pentsamenduak txukun adierazten.

Gidaliburuaren bigarren atalean euskara ikasteko baldintza egokienak azaltzen dira. 'Komeni da haurraren inguru hurbilean euskarak presentzia izatea, baita jolasteko eta ikasteko erabiliko dituen ipuin, joko, musika eta telebista ere', azpimarratzen dute hizkuntza teknikariek. Era berean, hezkuntzako D eredua hautatzea komenigarria dela aipatzen dute, 'gaur egun umeak euskara nahiz gaztelania ikasteko eredu bakarra baita'. Bestalde, gidaliburuan gurasoen hizkuntza tipologiaren arabera aholku praktikoak ematen dira gurasoak euskaldunak direnean, euskalduna guraso bakarra denean, gurasoek euskara pixka bat baizik ez dakitenean, batere ez dakitenean eta baita gurasoen ama-hizkuntza euskara edo gaztelania ez direnean ere.

Argibideak hiztegi irudidun batekin osatzen dira, haur hizkeran gehien erabiltzen diren hitzekin. Ondoko gaiak jorratzen dira: gorputza, elikagaiak, aditz erabilienak, animaliak eta familia. Hizkuntza eredu zuzena emateko eta hutsegite arruntenak saihesteko atala ere badakar gidaliburuak. Azkenik, laguntzarako liburuak jolas erraz batzuk proposatu eta honako ikus-entzunezko artikuluei buruzko bibliografia eskaintzen du: seaska kantak, haur musika, jolasak, ipuinak eta haur hizkera.

Lotura interesgarriak

Dokumentua pdf formatuan
Erabili.com-en

Euskaljakintza bloga, euskara ariketak praktikatzeko
2008ko apirilaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Hitz-mitz, euskararen praktika uztartzen duen mugikorretarako jokua
2008ko otsailaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Frankfurteko Unibertsitatean euskara ikasteko bide berriak
2008ko apirilaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Kalean da gazte euskaldunei zuzendutako Irrika zientzia-aldizkaria
2008ko apirilaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia