euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Durangoko Azokako nobedadeen berri ematen dugu, erosketa-zerrenda internet bidez prestatzen hasteko

2010/12/03

Aurtengo Azokaren kartela, Fede Bosch kataluniarraren diseinua
Aurtengo Azokaren kartela, Fede Bosch kataluniarraren diseinua

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan irekiko ditu ateak Durangoko Azokak eta Abenduaren 8a bitartean, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako euskaltzaleek euskal argitaletxe eta disketxeen eskaintza zabala izango dute aukeran bertan. Azokako 285 standetan 505 nobedade jarriko dituzte salgai. Horregatik, hainbeste aukeren artean ez galtzeko, guk aldez aurretik nobedadeak interneten bidez ikusmiratu eta erosketa-zerrendatxoa egiteko aukera eman nahi diegu gure irakurleei. Gero, ordea, behin azokan egonik, seguruenik aukera bakarra giroan murgiltzea izango da, postu guztietan begiratzea, liburu berriak lokalizatzea eta altxor zaharren bat berriz deskubritzea. Urtero bezala.

Durango, Bizkaia. Larunbat honetan abiatuko da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 45. edizioa, Euskal Herriko ehundaka euskaltzalerentzat asteburu luze honetan (Hego Euskal Herrian heldu den astelehena eta asteazkena jai egun dira) ezinbesteko hitzordua izango dena. Aurten Kurdistan da Azokaren herrialde gonbidatua eta erotismoa gai nagusia. Erotismoak edota salmenta onek euskal neguko tenperatura zinez hotza berotzea lortzen ote duten zain, guk azokan salgai jarriko diren nobedadeen (batzuk, ezin denak sartu) zerrendatxo bat eskaintzen dizuegu, internet bidez Durangora joan aurretik liburu eta disko desberdinak ikusmiratzeko aukera emanez. Diasporatik irakurtzen baduzu, internetez erosteko aukera zabalik daukazu.

Liburuen arloan Arantxa Urretabizkaiaren Hiru Mariak eleberria jarriko du salgai Ereinek bere standean eta Joan Mari Irigoienek Nor bere bidetik (Elkar) lanean Burgosko Epaiketaren garaira eramango ditu irakurleak, bi anaien arteko gutunen bitartez. Gotzon Barandiaran bizkaitarrak olerkia utzi eta bere lehen nobela aurkeztuko du: Errotik (Susa). Diasporatik, Txiletik, dator Asel Luzarragaren nobela berria: Utopiaren itzalak (Txalaparta). Azkenik, gazteleraz, Marie Jose Basurco lapurtarrak Diaspora eta gerra ondoko erbestea jorratuko ditu Txalapartak dakarren El vals de la oca eleberrian.

Ipuinak eta best-seller-ak

Ipuin eta narrazioen arloan, Miren Agur Meabek Zazpi orduak (Elkar) ekarriko du azokara, Ur Apalategik Fikzioaren izterrak (Susa), Xabier Etxaniz Rojok Txatartegiko ipuinak (Erein), eta Irati Jimenezek Atsekabe zaitut marrazkidun ipuina (Txalaparta). Saiakerari dagokionez ere izango da Durangon aukerarik: adibidez Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak-etik (Alberdania), 2010eko Saiakera Sari Nazionala; eta Pablo Sastreren Gizajendearen ahitzea (Elkar) entsegua, besteak beste.

Azkenik, nazioarteko best-seller ezagunak euskaraz irakurri nahi dituenarentzat hona bi proposamen: Arnaldur Indridason idazle islandiarraren Hilobiko isiltasuna (Alberdania), eta klasiko bat, Ray Bradburyren Fahrenheit 451 (Txalaparta).

Haragizkoa eta gargantuak

Musikari dagokionez, Edorta Jimenez idazleak eta Rafa Rueda musikariak Haragizkoa diskoan musika eta Jimenezen Haragizko amoreak poema liburua uztartzen dituzte. Athom Rumba talde bilbotarrak Gargantuan Melee disko berria aurkezten du eta Kepa Junkerak Herria diskoarekin osatzen du Etxea eta Kalea lanek hasi zuten trilogia. Berri Txarrak talde nafarrak, aldiz, single bilduma aurkeztuko du: Denak ez du balio (Gor). Azkenik, Ken Zazpi bizkaitarrek Ortzemuga begietatik  lana dakarte bero-bero Ameriketatik.  

Olatz Zugasti hernaniarrak laugarren bakarkako lana, Gau hotzenean ere aurkeztuko du Azokan. Trikitixa Elkarteak Gure kolkotik sailaren lehen diskoa ekarriko du: bertan Kristina Solano, Edurne Iturbe, Maixa Lizarribar, Urtzi Enrikez eta Josu Arrizabalaga soinu jotzaileak bildu ditu trikitixaren munduan sorkuntza bultzatzeko asmoz. Mendeku Itsua usurbildarrek Piztien pare disko metalero-a aurkeztuko dute eta bukatzeko Nahixan taldeak bere bigarren diskoan --Taupadak-- euskara, amodioa eta naturari loturiko hamar kanta bildu ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia