euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Durangoko Azokak "inurri-lana" aitortuko du aurten, tartean, Diasporaren ordezkari, Jose Ramon Zengotitabengoari

2016/11/21

2016ko Argizaola Sariak. Jose Ramon Zengotitabengoa bigarrena da eskuinetik hasita
2016ko Argizaola Sariak. Jose Ramon Zengotitabengoa bigarrena da eskuinetik hasita

PUBLIZITATEA

Durangoko Azokak urtero banatzen duen Argizaiola saria, aurtengoan, sariaren 25. edizioan, euskal kulturan lan isilean "inurri-lana" egiten ibili diren eta ibiltzen direnei emango die, eta horretarako bost izen hautatu ditu, hainbat eta hainbat pertsonaren ordezkari. Horien artean, Diasporan euskara eta euskal kulturaren alde egiten den lan eskerga aitortuz, Jose Ramon Zengotitabengoari emango dio. Zengotitabengoak AEBetan garatu du, urtetan, bere lana, gehienbat SBSA - Society of Basques Studies in America elkartetik.

Durango, Bizkaia. Aurtengo Argizaiola saria aurkeztean, Gerediaga elkarte antolatzaileak zientoka jendeen "lan isila" baina arras baliosa nahi izan du jendaurretu eta aitortu, "badaude-eta gure gizartean benetan argia izan zirenak-direnak, eta esker onik inoiz jaso ez dutenak".  "Gure euskal eta euskarazko mundu hau ehunka 'inurrik' egindako lanaren emaitza" dela aitortu ondoren, Durangoko Azokaren antolatzaileek baitesten dute "inurri horiek ere euren argizaiola jasotzeko ordua heldu d(el)a eta, ondorioz, aurtengo argizaiola omen saria inurriek, hau da, oinarrizko kultur langileek, jasoko dute".

Milaka dira omenduak izan daitezkeen inurriak, baina denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jasoko du saria. Diasporaren izenean, Jose Ramon Zengotitabengoa zaldibartarra izan da hautatua, egun, erretiratu ostean eta Gema emaztea galdu ondoren Gasteizen bizi dena, seme-alabak Estatu Batuetan, Hona bere biografia aipua, saria gainerako lurraldeen izenan jasoko dutenen aipuekin batera.

Jose Ramon Zengotitabengoa (Diaspora)

            Bizkaiko Zaldibar herrian 1938an jaioa eta Abadiñon hazia. Gaztetatik Ameriketara joana eta enpresa gizona bezala Chicagon [USA] aritua. “Society for Basque Studies in America” elkarteko bultzatzailea eta Ameriketatik proiektuaren babeslea.

            1984. urtean Basterretxea, Mendiburu eta Larrearen eskulturen erakusketa bultzatu zuen AEBtan. Ondoren burutu zuen, 1989an, Euskal Artzainen omenezko monumentua Renon. Nevada-Renoko Euskal Ikasketen Zentroko batzordekidea izana da eta baita NABOko kidea ere. Erakunde bi hauek antolatu eta bultzatutako hainbat ekintzetako partaide izandakoa, bere denbora eta baliabideak euskal proiektuetara bideratzen.

Kepa Mendia Landa (Araba)

             Gasteizen jaioa 1952an euskara ez zekien familia batean. Bere familiak XIX. mendean sortutako eta XX. mendearen hasieran Gasteizen finkatutako “Optica Landa” denda zuen. 1969tik 1973era Madrilen ikasi zuen optika eta bertan euskaltzaletu zen eta euskara ikasi. Optika ikasketak bukatu ondoren Madrilen gelditu zen eta ekonomia ikasketak egin zituen.

            1976. urtean itzuli zen Gasteizera. Itzuli eta “Joan Bautista Gamiz” izeneko euskalduntze-alfabetatze taldearekin lanean hasi zen. Henrike Knorr-ek zuzentzen zuen talde hau 1977an Arabako AEK antolatzerakoan koordinadora hartan integratzen dira. Hurrengo urteetan erakunde honetako hainbat eta hainbat ekitaldietako laguntzaile izan zen Kepa Mendia.

            Urte honetan, 1977an, Gasteizko seminarioan, Mitxelenaren gidaritzapean, UPV-EHUk sortu berri zuen euskal filologiaren ikasketetan matrikulatu eta burutu zituen. Geroztik publizitate arloan hasi zen lanean. Lan honetan ahalegin berezia garatu zuen, berak eta bere ingurukoak asmatuta eta prestatuz, euskarazko publizitatea bultzatzen.

            1984an bere familiako “Mendia optika” dendaren kudeaketa hartu zuen bere gain. Lan berri honetan euskarazko komertzioa bultzatzen aitzindaria bihurtu zen. Merkataritzan egindako lana dela eta 2010an Lazarraga saria jaso zuen eta 2014an “Bai euskarari” ziurtagiria.

Justo Alberdi Artetxe (Bizkaia)

            Iurretan jaioa 1945an. Administratiboa ogibidez. Gaztetatik Herri Gaztedi, Gerediaga, Mikel Deuna dantza taldea, Iurretako jai batzordeetan eta beste elkarte batzuetan herrigintza eta kulturgintza lanean aritu da. 1967an Iurretako ikastolako sortzaile eta urte askotan juntakide izandakoa.

            Euskalduntze-alfabetatze mugimenduko sorrerako partaide. Gau eskoletako irakasle Iurretan, Durangaldeko koordinadore ohia eta AEK-ko kidea izandakoa. Bertsolaritzaren bultzatzailea, herriko lehen bertso eskolako kidea, bertsolari elkarteko kide eta sorreran partaide izandakoa.

Jaime Albillos Arnaiz (Gipuzkoa)

            Donostian jaioa 1931n. Ingeniari ikasketak burutu zituen eta marrazki industrialeko irakaslea izan da ogibidez. 50. eta 60.ko hamarkadan Donostiako Goizaldi dantza taldeko kidea izan zen. Bertan dantza maisua eta beste hainbat ardura izan zituen.

            Dantzari eta dantza maisu izateaz gain, euskal folklore ikertzea izan zuen gogoko eta ondorioz 60.ko hamarkadan hainbat dantza eta ohitura filmatu zituen Euskal Herrian zehar. Bizi guztian heraldika, banderak eta euskal sinboloak izan ditu bere iker eremu.

Patxika Erramuzpe (Ipar Euskal Herria)

            Angelun bizi den olerkari honek lan kolektibotan plazaratu ditu bere olerkiak. 60ko hamarkadan Iparraldeko euskal kultur mugimenduko ekintzailea dugu Patxika.

            Hamarkada gatz hartako azken urteetan abeslari gisa plazaz plaza ibili zen. 1971 eta 1972an Manex Pagola, Pantxoa eta Pello, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin batera “Zapiribai” kantu-ikuskizunean parte hartu zuen eta 1975an, Ortziken izenekoan ere bai. 1976 eta 1979an disko txiki bi argitaratu zituen.

            Hamarkada honetan sortu berria zen Seaska erakundearen alde Patxika Erramuzpe eta Gexan Lantzirik “Kantuz Kantu” diskoa grabatu zuten. Kantu horiek Ipar Euskal Herriko ikastolen sorreran laguntza handikoak izan ziren, haurrentzat euskarazko materiala sortzeko behar larria zegoen garaian. 80ko hamarkada erdian “Alfer” ipuin ilustratuen bilduma kaleratu zuten Elkar argitaletxearekin.

Carmen Belaza (Nafarroa)

            Iruñean jaioa 1950. urtean. 16 urterekin antzerki munduan hasia eta bere bizitza guztia mundu honen inguruan, amateur gisa, bizi izan du. Esan beharrik ere ez dago ibilbide honetan “Amadis de Gaula” eta beste hainbat antzerki taldeko partaide eta laguntzailea izan dela baina bereziki azpimarratzekoa da Obanos herrian urte birik behin antzezten den “El Misterio de Obanos” antzezpenarekiko duen lotura antzezle, prestatzaile eta antolatzaile bezala.

            Kulturarekiko duen konpromisoak eraman du bere bizitza guztian bizitoki izan duen Iruñeko Arrotxapea auzoko herri mugimenduekin lan ugari burutzera. Ez du ezagutzen euskara, baina hizkuntz horretarantz duen aldeko jarrerak eraman zuen 1976. urtean Iruñeko Errotxapeako ikastolako sortzailetariko bat izatera eta bere seme-alabak hizkuntza horretan hezitzera.



Komentarioak

  • Congrats

    Zorionak, Jose Ramon!

    Marc Irigaray, 2016/11/29 12:56

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia