euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Durangoko 44. Liburu Azokak, aurten abenduaren 4tik 8ra, Katalunia izango du herrialde gonbidatu

2009/11/19

Atzo goizean Durangoko Azokako antolatzaileek eta erakunde laguntzaileek emaniko prentsaurrekoa. Antolatzaile, Gerediaga Elkartea; Laguntzaile, Eroski, BBK, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Durangoko Udala
Atzo goizean Durangoko Azokako antolatzaileek eta erakunde laguntzaileek emaniko prentsaurrekoa. Antolatzaile, Gerediaga Elkartea; Laguntzaile, Eroski, BBK, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Durangoko Udala

PUBLIZITATEA

Ikastoletako lehen andereñoek jasoko dute aurtengo Argizaiola saria, eta kultura katalana izango da, berriz, 2009ko edizio honetako kultura gonbidatua. Erakusleei dagokienez, 156 parte-hartzaile bilduko ditu Azokak. Parte-hartzaile kopurua igo den arren, iaz adina erakusmahai izango dira: 292. Liburu berriak, aurten 308 izango dira, iazko 345ak baino 37 gutxiago, beraz. Diskoak, iaz baino bost disko gehiago: 69. Eta aurten leku berezia izango dute kultura katalanak eta bere emaitzek, euskal kulturarekiko eta euskaldunekiko harremana estutu nahiean. Abenduaren 4ean, ostirala, hasi eta 8raino, asteartea, luzatuko da. Iaz baino egun bat gehiago. Garikoitz Goikoetxeak sinatzen du artikulua Berrian.

Garikoitz Goikoetxea/Durango. Euskaraz irakasten hasi ziren lehenbiziko ikastoletako andereñoek jasoko dute aurten Gerediaga Elkartearen Argizaiola saria. «Hasierako iluntasunean, euren lana, esfortzua eta kemena euskalduntzeari eskaintzeagatik» hartuko dute Durangoko 44. Euskal Liburu eta Disko Azokako sari nagusia. Guztien ordezkari gisa Izaskun Arrue (Arabatik), Libe Goñi (Iparraldetik), Izaskun Gastesi (Nafarroatik), Karmele Esnal (Gipuzkoatik) eta Begoña Aranguren (Bizkaitik) joango dira abenduaren 5eko ekitaldira.

az baino egun bat gehiagorekin dator aurten Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Abenduaren 4an, ostiralez, hasiko da, eta abenduaren 8an, astearte jaiegunez, amaituko. Iaz, egun bat kendu zioten azokari, bi astegun izan ez zitzan -gastuak asko handitzen ditu horrek-. Aurten, ordea, bost egun egin ezean, batere astegunik gabekoa izango zen azoka, eta ikastetxeetako taldeak ezin joanik geratuko ziren. «Gure nahia beti izan da eskolei Durangora hurbiltzeko aukera ematea, gazteak gerturatzeko», adierazi du Jon Irazabal zuzendariak.

Azoka egunak gehitu dira, baita parte-hartzaileak ere. Hamalau eskari gehiago jaso ditu Gerediaga elkarteak, eta guztira 156 parte-hartzaile izango dira azokan. Parte-hartzaile kopurua igo den arren, iaz adina erakusmahai izango dira: 292. Nolanahi ere, eskaria egin duten guztiek izango dute erakusmahaia, handiagoa edo txikiagoa. Haien artean ez da izango Hiru argitaletxea. Durangoko Azokaren arauek diote argitaletxe bakoitzak aurkeztutako liburuen %80k gutxienez euskarazkoak edo euskal gaiei buruzkoak izan behar dutela. Iaz, Hiruk ez zuen baldintza bete; Irazabalen arabera, aurten ez du parte hartzeko eskaririk ere egin.

Liburu gutxiago, disko gehiago

Parte hartzeko eskariak igo diren arren, iazkoaren aldean produktu berri gutxiago izango dira: 459, iaz baino 45 gutxiago. Liburuetan izan da jaitsierarik nabarmenena: 345 argitalpen berri izan ziren iazko azokan, eta aurten, 308. Alderantziz, disko kopurua handitu egin da, gutxi bada ere: iaz baino bost disko berri gehiago izango dira aurtengo azokan: 69. Bestelako produktuak antzeratsu ibili dira, gorabehera batzuekin. Krisia kontuan izanik, Irazabalek uste du ez dela beherakada handia.

Liburuak, diskoak eta bestelakoak Landako eraikinean egongo dira salgai; hura izango da azokaren puntu nagusia, mugimendu handienekoa. Salmentez gain, liburu aurkezpenak, sinatzeak eta bestelakoak ere izango dira Landakon. Gune hartan bertan, hitzaldiak eta gisakoak egiteko areto berezia atonduko dute; Landako Elkartegian ere izango dira aurkezpenak-eta. Horietan leku berezia izango du kultura katalanak, aurtengo gonbidatua hura denez gero. Hitzaldiak antolatzeko orduan, Ramon Llull institutuaren laguntza izan du Gerediaga elkarteak.

Institutuko presidente Josep Bargalloren arabera, Durangoko Azokara etorrita, literatura katalanaren eta Euskal Herriaren arteko lotura estutu nahi dute. «Gure asmoa ez da etorri, egon eta joatea, baizik eta proposamena plazaratu eta geratzea. Euskal editorialekin harremanak estutu nahi ditugu, datorren urteko azokan katalanez idatzitako lanen euskarazko itzulpenak egon daitezen».

Salmentarako eta aurkezpenetarako guneez gain, iaz martxan jarritako Ahotsenea gunea ere izango da aurten. Ekimen independentea da, Gerediagaren babesa duena. Sortzaileak eta hartzaileak elkarrekin harremanetan jartzeko helburua dute hor, eta gune nagusiaren ondoan egongo da. «Oso proiektu interesgarria eta aberasgarria da euskal kulturarentzat, eta azokan lekua behar zuen», adierazi du Gerediagako presidente Nerea Mujikak.

Haurrentzat ere txoko berezia prestatu dute Durangoko Azokan, Berbaro elkartearekin batera. Tailerrak, irakurraldiak, ipuin kontalariak eta beste izango dira haurrentzako gunean. Ingurutik apartexeago, San Agustin kulturgunean eta Andra Mari parrokiako elizpean ere izango dira kultur ekitaldiak. Esaterako, Argizaiola sariak San Agustin kulturgunean banatuko dituzte, abenduaren 5ean, 20:30ean.

Fisikoa ez den gunea ere izango du azokak, birtuala. Ekitaldi zenbait Internet bidez eman nahi dituzte, eta Facebook eta Twitter sare sozialetan jarri dute azoka.

(2009-11-19an Berriak argitara emandako artikulua)

Lotura interesgarriak

Durangoko Azokaren webgunea
www.durangokoazoka.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia