euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Durango 1936 elkarteak gudan eta frankismoaren aurka Durangaldean borrokatu zutenen izenak bildu nahi ditu

2008/02/29

Juan Mari Eskubi, elkarteko lehendakaria eta fusilatu baten semea
Juan Mari Eskubi, elkarteko lehendakaria eta fusilatu baten semea

PUBLIZITATEA

Durango 1936 Kultur Elkarteak frankismoak hildako, fusilatutako eta errepresaliatutako Durangaldeko lagunen izenak jasotzeko deialdia egin du. Elkartearen asmoa pertsona horien izenak berreskuratu eta euren oroitzapena jasoko duen zerrenda bat egitea da. Dagoeneko elkarteak bere webgunean argitaratu ditu izen horietako batzuk, baina senitartekoen laguntza eskatzen dute zerrenda ahalik eta osatuena egin ahal izateko.
'Zenbatek borrokan parte hartu zuten eta zenbat hil ziren jakiteko modu bakarra euren senitartekoen oroimena da', azaltzen du Durango 1936 elkarteko lehendakariak, Juan Mari Eskubik. Berak ondo daki zertaz ari den: bere aita Juan Eskubi Durangoko Defentsa Komiteko buru izan zen 1936ko uztailetik 1937ko apirilera bitartean eta 1938an fusilatu zuten Derion, 32 urterekin. 'Gure senitartekoen oroimena etxean gorde dugu eta erakundeek oraindik ez diete askatasunaren alde borrokatu zirenei euren izen ona bueltatu', kexu da Juan Mari. Horregatik elkarteak datuak eta izenak biltzeko ekimena jarri du abian.

Durangaldeko desagertu eta hildakoen zerrenda horretan honoko herrietako pertsonak agertzen dira: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar. Zerrenda liburu eta artxiboetako informazioarekin osatu dute eta elkarteko arduradunek hildako eta desagertuen familien kolaborazioa lortu nahi dute orain. Elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak, honoko e-mailera idatzi behar du edo 656.76.76.04 telefonora deitu.

Historian euren tokia eman

Oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Durango 1936 Kultur Elkarteak ezinbestekotzat du 'oroimenaren lekuak' --kartzela izandakoak, hobi komunak, borroka lekuak...-- gogoratzea ere. Aldi berean 'desjabetzapenak eta gainerako errepresioa ezkutatu zituzten ikur frankistak ezabatzea' beharrezkoa dela eritzen diote. Eskubik agertu duenez frankismoko errepresaliatuen zerrenda hau osatzea 'historian euren tokia emateko' lehen pausu bat izango da.

[Juan Mari Eskubi, Durango 1936 Kultur Elkarteko lehendakaria]


Lotura interesgarriak

Durango 1936 elkartearen webgunea
www.durango1936.org

'Un documental reconstruye el bombardeo de Durango'
Gara aldizkarian argitaratutako artikulua

Durangoko historia
www.durango-udala.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia