euskal diaspora eta kultura
2013/05/21
PUBLIZITATEA
Mar del Plata, Argentina. “2007. urte amaieran hasi ginen ohartzen azpikeriak zeudela Zuzendaritza Batzordea osatzeko momentuan. Horren atzean zeudenekin hitz egin genuen, baina oso gaizki hartu zuten gure kexa eta sarrera debekatu egin ziguten. Denborarekin, eta egoera desatsegin ugari bizi ondoren, 2009ko martxoaren 1ean, dantza taldeko kide gehienok eta oro har gazte multzoak ‘Seigarren Merindadea’ Dantza Taldea sortzea erabaki genuen”.
[‘Seigarren Merindadea’ Dantza Taldea 2009an jaio zen, martxoaren 1ean (argazkiaNE)]
Hitz hauekin hasi da kontatzen Mar del Platako Nafar Etxe berriko diruzaina den Sebastian Borro instituzioaren sorrera. Gogora dezagun, Mar del Platako Nafar Etxe historikoa ‘Centro Vasco de Sud’ izenekoa zela, eta bertan biltzen zirela hiriko nafarren ondorengoetako asko. Instituzioaren egoera ekonomikoa, ordea, gaiztotu egin zen denborarekin.
“Erakundeak zeuzkan zor handiak kari, 2009an egoitza kendu egin ziguten erremate bidez. Den-dena galdu genuen. Gauzak horrela, 2010eko martxoaren 1ean beste urrats bat ematera ausartu ginen eta Mar del Platako Nafar Etxe berriaren oinarria ipini genuen. Prozesu honetan, ez genuen ‘helduen’ laguntza izan, eurak, arrazoirik gabe, haserre baitzeuden gurekin. Gaur egun ‘Centro Navarro del Sud’ zena jadanik ez da existitzen”, azaltzen du nafar etxe berriko diruzainak.
Orain, etorkizuna
Joan den martxoan hiru urte bete dituen Mar del Platako Nafar Etxeak oso helburu argiak dauzka etorkizunari begira eta bizkor doa horien atzetik. Sebastian Borrok adierazten digunez, “momentu honetan 90 bat kide gara elkartean eta errolda moduko sistema bat medio, instituzioan inoiz izan diren eta hirian eta eskualdean dauden nafarren ondorengo guztiak talderatu nahiean gabiltza. Beste alde batetik, Argentinako Nafar Etxeen Federazioan sartzeko azken izapideak bukatzen ari gara. Primerako harremana dugu Argentinako gainerako Nafar Etxeekin, horregatik oso garrantzitsua da guretzat Federazioko lekua berreskuratzea", diosku.
"Oraindik ez daukagu egoitzarik, beraz leku propio bat izatea ere bada momentu honetan gure xedeetako bat. Bitartean, beste elkarte batzuen etxeetan egiten ditugu ekitaldiak, gehienetan Kataluniako Etxean”.
Ekintzak: betikoak, aurtengoak
Pentsa zitekeen bezala, Sanferminak Mar del Platako Nafar Etxekoen elkarretaratze gogokoenak dira. Eta beste besta batzuk ospatzen badituzte ere –esan nahi baita hiriko kolektibitateen jaia, Nafarroaren Eguna eta etxearen urtemuga– San Fermin da ezagunena.
[Beste batzuen artean, Mar del Platako Nafar Etxeak Kolektibitateen Jaiak, urtemugak, Sanferminak eta Nafarroaren Eguna ospatzen ditu (argazkiaNE)]
Aurtengo festa uztailaren 7an bertan egingo da, itsasoaren ertzean. Jai egitaraua goizean hasiko da, meza batez. Bazkaria, eguerdiko ordu batean zerbitzatuko da, Punta Mogoteseko 21. hondartzan, menua paella dela. “250 bat lagun elkartuko gara eta arratsaldean zehar, beti bezala, ekintza ugari garatuko dugu, tartean nafar dantzak, Argentinako folklorea eta Riau Riaua; askariaren orduan txokolate txurroduna zerbitzatuko dugu, eta zahatoa bueltaka ibiliko da, nahi duenarentzat”, proposatzen dute.
2012-2014ko Batzordea
Historia berri bat hasi zen idazten duela hiru urte Mar del Platan; agian historia bereko atal berri bat baino ez. Edozein kasutan, krisialdiak garapenerako aukera berri bilakatu behar dira eta hori da Mar del Platako Nafar Etxe berriko kideen asmoa. Lan handia dute aurretik eta taldekideek aurre egingo diote.
Nafar Etxeak jakinarazi du, 2012ko azaroan eginiko biltzarrean hautatutako Zuzendaritza Batzordeak lanean segitzen duela, bi urtekoa baitu indarraldia. Honakoek osatzen dute:
-Lehendakari: Diego Martín Seibel
-Lehendakariorde: Carlos Giles
-Idazkari: Fernanda Roig
-Idazkariorde: Mercedes Pedersoli
-Diruzain: Sebastian Gabriel Borro
-Diruzainorde: Alejandra Lezana
-Batzordekide titular: Jorge Spirilis eta Miguel Ranchi
-Batzordekide ordezko: Gloria Baztan eta Ricardo Elorza
Villamayor
-Kontu ikuskatzaile: Leandro González, María Victoria Sarasa, Lujan Larroquet eta Estela Olgado.
Mar del Platako Nafar Etxeak ekintza eta berri guztiak Facebook-eko bere kontuan argitaratzen ditu. Kontua Centro Navarro de Mar del Plata izenpean dago. Kontaktatzeko beste bide bat centronavarrodemardelplata@hotmail.com helbide elektronikoa da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus