euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Duela 57 urte Chirgua herrira heldu ziren euskaldunei omenaldia egin zien Venezuelako euskal komunitateak

2007/02/27

Javier Lazo, Venezuelako Euskal Etxeen  Federazioko presidentea Chirguako omen ekitaldietan
Javier Lazo, Venezuelako Euskal Etxeen Federazioko presidentea Chirguako omen ekitaldietan

PUBLIZITATEA

Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak omenaldia egin zien joan den otsailaren 10ean Chirgua Aranean duela 57 urte bertara heldu ziren lehendabiziko euskal familia aitzindariei. 1950.ean heldu eta egun bertan sustraiturik segitzen dute zortzi familia euskaldun hauek. Ekitaldia Hacienda Montesacron izan zen eta Carabobo-ko eta Caracaseko Euskal Etxeetako kideak bildu ziren bertara. Ibarretxe Lehendakariak ere partu harte nahi izan zuen omenaldian eta bildutakoen aurrean irakurri zuten gutuna bidali zuen.
Hacienda Montesacro-ko kaperan hasi zen eguna. Chirguako apaizak, Aguirre aitak, meza eman zuen eta euskarazko abestiak entzun ahal izan ziren. Kantuen artean askorentzat esanguratsuena, Illargi Uzkangak idatzitako 'Zortzi familia. Mila istorio' izenekoa. Meza eta gero, Amaya Uzkangak aurreskua dantzatu zuen kapera parean. Eguneko momenturik hunkigarrienetako bat plakari estalkia kendu ziotenean etorri zen. Hauxe, plakaren testua: '1950. urtean haran honetan finkatu ziren euskaldunen omenaldi eta oroimenez 2007eko otsailean. Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak'.

Bakarne Uzkangaren haziendan jarraitu zituzten ospakizunak, Ibarretxe lehendakariak omenaldian irakur zezaten Venezuelako euskaldunei propio zuzendutako gutuna irakurriz. Jon Barroetak euskal familiok Venezuelarako bidean iragandako pasadizoak kontatu zituen, askoren oroitzapen malkoak eraginez. Ondoren Karmele Esturok eta Pantxike Meabek, Natalia Díaz Peñak idatzitako Del Valle de Arratia al Valle de Chirgua. Vascos – venezolanos 1950–2007 liburua aurkeztu zuten. Liburua zortzi familia aitzindarioi egindako elkarrizketen emaitza da. Ekitaldi hondarrean, familiotako bakoitzari plaka bana eman zieten Venezuelako Euskal Etxeen Federazioko presidenteak, Caraboboko Euskal Etxekoak eta Caracaseko Euskal Etxeko lehendakariak. Bazkaria eta dantzaldia heldu ziren ondorik, egunari bukaera ezin hobea emanez.


Lotura interesgarriak

Caracasko Euskal Etxea
http://euskoetxeacaracas.blogspot.com

Chirguako Harana
www.bejuma.com-en

Venezuelako Euskal Etxeek omenaldi berezia eskainiko
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 30ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia