Ane Olaizola / Azpeitia, Gipuzkoa. Sansebastianak festa bereziak izaten dira Azpeitian; motzak, baina biziak. Herriaren nortasunari lotutako jaiak dira, eta helduen danborrada izan ohi da protagonista nagusia; gaur gauean ospatuko dute, San Sebastian bezperan. Lehenengoz 1956an egin zuten danborrada Azpeitian, eta, ordutik, herriko etxeetan errotuz joan da ohitura hori. Izan ere, askori familiatik datorkie sansebastianetan danborrak edo upelak hartu eta atabalak astintzeko grina. Martxen doinuak danbor hotsekin ezkontzeak sortzen duen emozioaz liluratuta, hainbat belaunaldi elkartzen ditu Azpeitiko helduen danborradak, eta familia ugariren bilgune bihurtu da jada.
Altuna sendia da horren adibide adierazgarrienetako bat. Helduen danborradaren sortzaileetako bat izan zen Manuel Altuna (Azpeitia, 1939), eta, ordutik, ez dio hutsik egin egutegian ondo nabarmendutako hitzorduari. Haren seme-alabek eta bilobek ere jaso dute oinordetzan Altunaren zaletasuna, eta haiek ere urtez urte parte hartzen dute ilbeltzeko ospakizunean. Aurten, altunatarren hiru belaunaldik bat egingo dute danborradan: izan ere, Manuel ez ezik, Gure Ametsa konpainiarekin aterako dira haren seme Iñigo Altuna Larrañaga (Azpeitia, 1971) eta biloba Iñigo Altuna Prat (Azpeitia, 1998). Baina familia osoa da danborradazalea, eta oinordeko guztiek parte hartu izan dute festan.
Danborrada iristeko “desiatzen” egoten dela aitortu du Manuelek: “Urteko egunik ederrena da niretzat”. Izan ere, danborradaz harago, sansebastianek “nortasun berezia” dutela adierazi du. Manuelek 52. danborrada izango du aurtengoa, eta haren seme Iñigok ere hainbat urtez hartu du parte. “Gaztetxoa nintzenean, irrikan egoten nintzen ateratzen hasteko. Gero, utzi egin nion parte hartzeari, eta azken urteetan berriro hasi naiz”. Haren iloba Iñigo, ordea, lehenengo aldiz aterako da upel jotzaile gisa, eta, beraz, aurtengo festak bereziak izango dira harentzat. “Ederrak izango dira. Oraindik ez nago urduri, baina etorriko da urduritasuna”. Erraz nabari zaio gauerako daukan emozioa.
22:15ean hasiko da helduen danborrada, eta, kalez kale ibili ostean, gauerdian herriko plazan elkartuko dira talde guztiak. Han jotzen dituzte San Sebastian martxa eta gainontzeko doinuak, eta Iñigo gazteak honela laburbildu du elkarrekin plazan elkartzen diren unea: “Estasi hutsa da. Inoiz ez dut bizi izan barrutik, baina zoragarria izango da plazara sartzean jendea agurtzea eta han San Sebastian martxa jotzea”. Duela bi urte udaletxeko balkoian egotea egokitu zitzaiola gogoratu du Manuelek. “Eta ikusgarria da handik ikusten dena: giroa, jantzien aniztasuna…”. San Sebastian egunean, gainera, dianan eta prozesioan ere irtengo dira Gure Ametsako kideak, Ardozaleak taldearekin batera.
Etxean jasotakoa, kalera
Festen eta danborradaren umetako oroitzapenak ondo gogoan dituzte familian. “Plaza Txikian bizi ginen, eta balkoitik ikusten nuen danborrada. Aita ikusten nuen danborrada zuzentzen, eta musika barruan sartuta daukat nahitaez”, azaldu du Manuelen seme Iñigok. Biloba Iñigok ere honela gogoratzen du etxean jasotakoa: “Festen atarian, aitona-amonen etxera joaten ginenean, sansebastianetako musika jarrita egoten zela oroitzen dut”. Oharkabean edo, Manuelek belaunaldiz belaunaldi transmititu die danborrada bere ondorengoei: “Ikusten dute gustatu egiten zaidala danborradan lan egitea eta han irtetea. Danborradari lotutako giroa eduki dute inguruan, eta asko egiten du horrek”.
Gure Ametsa elkartea sortu bezain laster hasi ziren hango kideak danborradan parte hartzen. Manuelek gogoratu du “lau bat talde” atera zirela orduan, musika bandak lagunduta. Aurretik, Oargi konpainian atera zen hainbat urtez, zuzendari. Guztira, 50 urtez aritu zen konpainiak zuzentzen, eta horretan mende erdia bete zuenean ekin zion upelak jotzeari. Egun, 27 talde ateratzen dira helduen danborradan, eta erabat aldatuta dago. “Gaur egun ez bezala, lagunarteko ohiko afari bat antolatzen zen lehen. Asko ugaritu da jendea; zeharo handitu da danborrada. Baina zaila da batzuei baietz eta besteei ezetz esatea”. Mila danbor jole baino gehiagoren artean, altunatarren hiru belaunaldik bat egingo dute gaur gauean Azpeitian.
(2018-01-19an Gipuzkoako Hitzan argitara emaniko artikulua)