Donostia-San Sebastian. Urtarrilaren 20a San Sebastian eguna, jakina denez danborrada eguna eta festa nagusi tenorea Donostian. Egun osoan, 00:00etatik 24:00ak arte, milaka eta milaka danborjotzaile ibiliko dira Gipuzkoako hiriburuko kaleetan, gau eta egun, auzo eta barruti guztietan, XIX. mendean bereziki egun honetarako Sarriegi musikagile donostiarrak sortutako aire eta piezak jotzen, ondoko egun eta asteetan Kalderero besta (aurten urtarrilaren 1ean) eta ondotik Ihauteriak (otsailaren 20tik 25era) etorriko direlarik, lehenengo bi bestak hirugarrenaren iragarle eta aitzindari. Euskal Herriko beste ohitura eta festa batzuk bezala, Donostiako San Sebastian festak eta danborradak baditu Diasporan, munduko euskaldunen artean, isla eta oihartzuna, ez bakarrik baina bai bereziki Argentinako Necochean eta Mexikoko Mexiko Hirian.
[Oroitu, bestalde, Donostiako alkate Eneko Goia, Euskaletxeak.eus atariak zabaldutako bideo baten bidez zuzendu zaiola Diasporari, San Sebastian egunaren karietara]
Necocheako Euzko Etxeak aste osoko programa antolatzen du urtero San Sebastian ospatzeko. Uda sasoia da orain Argentinan, eta beroa urteroko ospakizunen lagun dute. Necochea itsaso ondoan dagoen turismo hiria denez, turistak ere erakartzen dituen hitzordua da Necocheako Danborrada. Aurreko astean, 16tik 19ra, Gizataldeen Jaia egingo du Hiriak, eta Euzko Etxeak hor ipini zuen stand-ak Danborradaren erakustaldi bat egin zuen. Ondotik, aurten, San Sebastian Astea Necochean, 20tik 25era egingo dute, eta programak parte izango ditu, besteak beste, Meza, Trikipoteoa hiri erdigunean, Pintxo Eguna, Erromeria eta, ekitaldi nagusia, Danborrada. Euzko Etxeko areto nagusia Donostiako Konstituzio Plazaz jantziko dute, eta egiazko Danborrada ederra aterako da, egiazkoak baitituzte eginiko lana, ilusioa, izerdia eta Donostiako izpiritu eta gogo necocheatarra.
Mexiko Hirian ere serios hartzen dute San Sebastian festa. Ez dute astebeteko programa antolatzen, baina elkarrekin afaltzen dute Euskal Etxean, eta afaria bururatzean Danborrada sartzen da aretoan, mahaietan dagoen jendeak ere laguntzen duelarik. Hemen ere aurretik entsaioak eginak dituzte, eta zinez Euskal Etxeko ohitura eta tradizioetan errotua dagoen festa eta elkarretaratzea dute Danborrada eta San Sebastianeko hitzordua. Aurten 20a astelehena eta lan-eguna izanik, ospakizuna aurreko larunbatera ekarri dute eta, beraz, aurten joan den larunbatean, urtarrilaren 18an gauzatu zuten, ohi bezala Alfredo Jover danbor nagusi eta gizon-emakume partaideak sukaldariz jantzita.
Mexikoko Euskal Etxeko danborrada joan den larunbatean, Euskal Etxearen egoitzako pilotalekuan
Seguruenik handienak, baina ez pentsa hauek direnik besta honen karietara munduko euskal etxeetan egingo diren elkarretaratze bakarrak. Madrilgo Euskal Etxean bi danborrada antolatzen dituzte: helduena bart egin zuten, Zerain jatetxean, bertan afaldu eta afaldu ondoren zeremonial guztiarekin eta Donostiako danborraden tenore berean; eta haurrena, hau datorren igandean egingo dutela, 26an, eguerdiko 13:15etan, kalean, Euskal Etxeko sarrera nagusi aurrean. Famatua eta denborarekin sendotua baita ere espainiar hiriburuan Jai Alai jatetxeko danborrada, San Sebastian bezperan ateratzen dena, eta aurten laurehun bat afaltiar bildu dituena, gauerdian jatetxetik kalera atera eta Banderaren Igoera egiteko San Sebastian Martxaren erritmoei jarraiki, ondoren berriz jatetxeratu eta festa bertan segitzeko.
Valladoliden ere joan den larunbatera pasatu zuten bertan gaur laneguna delako, eta danborjotzaileak hiriko Gure Txoko Euskal Etxean bildu ziren, hemen ere ongi afaldu eta ondoren Sarriegiren piezak joz. Parisen ere Euskal Etxea danborrarien biltoki bilakatu zen, Jean-Marie Guezala danbor nagusi. Munduko beste Euskal Etxe batzuetan ere egin ohi dira danborradak, besteak beste Caracasen, New Yorken.... Txinako Shanghain ere, konparazio, danborrada polita antolatu ohi du Euskal Etxeak 2011etik hona hiri zaharreko kaleetan barrena, aurtengoan euren programen berri iritsi ez bazaigu ere.
Argentinan, famatua da Cañuelasekoa, kasu honetan Aste Santuan Aberri Eguneko gazteen elkarretaratzearekin batera ospatuz ateratzen dutela Cañuelaseko kaleetan barrena ibiliz, herriko plazaraino, han Sarriegiren sei martxa nagusiak jotzeko bertan ezarritako oholtza batean. Eta urterik urte hazten doa Danborrada Argentina, gero eta euskal jai gehiagotan partaide bilakatuz, Buenos Airesen, Villa Marian, Bahia Blancan, Rosarion...
San Sebastian Martxak hala dio, Bagera!
(zeure euskal euskal etxeko edo inguruko danborraden informazioa pasatu nahi izatekotan, idatzi info@euskalkultura.com)