Donostia-San Sebastian. Datorren osteguna, urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna izanik, danborrada eguna behar zuen Donostian, baina koronabirusaren karietara festa handia behar zuena bertan behera gelditu da hein handi batean, ohiko helduen danborradak eta ekitaldi nagusiak kantzelatu egin baitira hiriburu donostiarrean. Diasporan ere, pandemia ere tarteko, bertan behera geratu da danborrada tradizio handia duen Mexiko Hiriko eta Argentinako Necocheako Euskal Etxeetan. Madrilen berriz, aterako da, datorren igandean.
Amerikari dagokionez, hiriburu mexikarrean, danborrada prestatu eta bi asteko entseguak iragarri zituzten, baina egoera ikusirik, berehala oharra plazaratu zuten sare sozialetan "pandemiak azken egunotan hartu duen norabidea kontutan hartuta, eta gure bazkideon osasuna babesteko asmoz". Eta Argentinan, euskal etxe necocheatarrak gauza bera erabaki zuen joan den astean, "bizi dugun egoera epidemiologikoaren karietara 2022ko San Sebastian festa atzeratuz, besterik adierazi arte".
Madrilen, ostera, Euskal Etxeko danborrada igandean aterako da, izan ere 12:15etan eta kaleetan barrena danborra joz Santa Ana plazaraino iritsiko da. Bertan San Sebastian Martxa joko dute. Ondoren bidea segituko dute San Ignazio elizaraino. Han, 12etako meza bukatzen denean, elkarrekin Euskal Etxeko Abesbatzarekin, San Sebastian Martxa jo eta kantatuko dute, Raimundo Sarriegik konposatutako musika eta Pio Barojaren aita izan zen Serafin Barojak idatzitako hitzez, Jose Maria Arana zuzendari.