euskal diaspora eta kultura
2012/09/19
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Dena prest dago Donostian ostiralean abiatuko den Zinemaldirako eta bertan estreinatuko da "Baztan" filma, Iñaki Elizalde zuzendari nafarraren lehen luzemetraia. Baztan bailara, filmearen kokagune eta izenburu izateaz gain, lan honen muina bera ere bada; izan ere Baztango produktore talde batek sustatu du luzemetraia eta baztandar askok parte hartu dute proiektuan. Lazo Visual, eta Orreaga Films eta Erpin 360 dira filmea egin duten ekoiztetxeak.
Filmeak Baztango agoteen istorioa dakar argitara, "mendeak joan mendeak etorri Baztanen mantendu egin zen diskriminazio istorio tristea. Nagusi batzuek oraindik gogoan dute txikiak zirenean harrika hasten zitzaizkiela kalean", azaldu dio EuskalKultura.com-i Iñaki Elizalde zuzendariak. Azpimarratzen du Elizaldek baztandarrak izan direla pasarte hau ezagutarazi nahi izan dutenak.
Horietako bat da Mikel Pruaño produktorea, Lazo Visual ekoiztetxekoa. "Betidanik kontatu nahi izan dugu zineman agoteen istorioa. Nik neuk betidanik atsegin izan dut gizarte salaketetan eta gizakiak duin egiteko proiektuetan lan egitea, eta nire ustez agoteen tratamentu mediatikoa oso bidegabea izan da beti", azaldu du."Iñakirekin harremanetan jarri nintzen eta berehala heldu zion gaiari. Beste guztia bere burutik eta Michel Gaztanbideren burutik sortu zen". Gaztanbide euskal gidoigile ezagunenetako bat da eta Zinemira saria jasoko du Zinemaldian aurten.
Bailarako aktoreak
Baztandarrek parte-hartze zabala izan dute filmean, eta askok aktore lana ere egin dute. "Esperientzia zoragarria izan da. Asko harritu ninduen oso naturalak zirela, lotsagabe antzezten zutela. Pentsatuko balute bezala "egin dezakedala uste baduzu, hor konpon, nahi duzuna egin ezazu"... eta antzezteari erabat lotzen zitzaizkion", esan du Elizaldek. Baztandar askok parte hartu zuten ere dekoratuak prestatzen, jantziak egiten... "Bailarako laupabost jostun elizan biltzen ziren jantziak josteko", gogoratu du zuzendariak.
Baztandar anonimo hauekin batera aktore ezagunak dira filmearen protagonistak: Unax Ugalde, Carmelo Gomez eta Kandido Uranga, besteak beste. Gomez eta Urangarentzat Baztanera bueltatzeko aukera izan da filmea, orain hogei urte bertan egin baitzuten Julio Medem-en "Behiak" luzemetraia.
Ameriketara?
"Baztan" urriaren 5ean estreinatuko da Euskal Herriko zinematan, eta ondotik, arduradunek nazioartean ere erakutsi nahi dute. Munduan zehar sakabanatuta dauden baztandarrei ere, noski. "Filmea Ameriketan estreinatu nahi dugu urtea amaitu baino lehen. Ea Zinemaldian interesa duen banatzailerik aurkitzen dugun eta, horrela ez bada, euskal Diasporaren laguntzarekin zabalduko dugu", aurreratu du Pruañok.
Filmeari buruzko informazio gehiago, luzemetraiaren webgunean eta Facebook orrian.
"Baztan" luzemetraiaren trailer bat:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus