euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako Victoria Eugenia antzokian taularatuko dute bihar "Katalina de Erauso" pastorala

2016/09/02

Pastoralean Katalina de Erausoren rola betetzen duen arizalea (argazkia Pierre Alex Barkoisbide)
Pastoralean Katalina de Erausoren rola betetzen duen arizalea (argazkia Pierre Alex Barkoisbide)

PUBLIZITATEA

XVII. mendea. Donostiako domingotarren komentutik ihes egin du nerabeak, bizilekua kartzela zaiolako. Badoa Amerikara, Espainiako erregearen alde borrokatzera, bertako herritarrak zapaltzera. Hogeitaka urte egingo ditu Mundu Berrian ezpata dantzatzen. Ez da, ez, gizona, emakumea baizik. Jada ez da ordea Katalina Erauso, gizon jantzietan Frantzisko Loiola da donostiar abenturazalea. Aurpegi askoko pertsonaia polemikoa, etxean baino kanpoan ezagunagoa, pastoralera ekarri dute. Bihar Donostian ikusi ahalko da, Baionako estrenaldi jendetsuaren ostean. Argia aldizkariko artikulua.

Onintza Irureta/ARGIA. Maite Berrogainek 2005ean izan zuen Katalina Erausoren berri. Florance Delayren Catalina: Enquete liburua irakurri zuen eta Euskal Herrian arrotz eta munduan ospetsua zen emakume borrokalaria aurkitu zuela iruditu zitzaion. Pertsonaia hark osagai asko zituen: armada, eliza, borrokak, emaztea izatea, sexu orientazioaz zalantzak... alegia, pastorala egiteko gai bikaina iruditu zitzaion.

Hamaika urte ondoren Baionan, ekainaren 5ean, 3.000 lagunek, Lauga kiroldegia leporaino beteta, Katalina Erausoren lehen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten. Ikus-entzuleak bero sapa ahaztuta, arizaleen esanei erne ziren. Egokia iruditu zitzaienean txalo jo zuten, barre egin zuten, eta oihuak ere bai gustuko ez zirenak entzun zituztenean. Donostiako Victoria Eugenia antzokian 800 lagunentzako tokia izango da. Baionan baino dezentez ikusle gutxiago eta pastorala ikusten ohitu gabeko hegoaldeko asko ziurrenik. Guillaume Irigoyenek (arizalea eta hainbat abestiren letragilea) kezka horixe adierazi digu, ea ikus-entzuleek, pastoralean behar lukeen bezala, parte hartuko duten: “Baionan ikusle zirenen erdiek pastoralen batean hartu dute parte eta beste erdiaren erdiak parte hartu nahi du”.

‘Katalina de Erauso’ jelkaldika

Dirudienez, 1624an Erauso autobiografia idazten hasi zen eta hurrengo urtean argitaratu zen. Dirudienez diogu, batzuen arabera memoriak baino norbaitek asmatutako kontakizuna baita.

Ondorengo lerroetan Katalina Erausoren abenturazko bizitza kontatuko dugu Maite Berrogainek pastoralerako idatzitako prediku eta jelkaldiak narrazio haritzat hartuz.

1592an jaio zen Katalina Erauso Donostian. Migel Erauso aita kapitaina zuen, Filipe III.a Espainiako erregearen zerbitzura zegoen militarra. Ama María Pérez Galarraga. Lau urtetan lau alaba izan zituzten, eta lehenagotik semea zuten. Familia onekoa zen Katalina.

Aspaldiko urte haietan
Familia sosdunetan
Neskak sartzen ziren
Ttipitik komentuetan

Lau alabak sartu zituzten domingotarren komentuan. Katalinak lau urte baino ez zituen. Aitak ez zuen ezkutatu alabekiko mespretxua:

Alabak hanitx zaitzo
Familiari kostatzen
Aldiz semeek deioe
Hari ohore ekarten

Baionako emanaldian entzuleei ez zitzaien batere gustatu aitaren jarrera eta kiroldegian emanaldiko lehen gaitzespen oihuak entzun ziren.

15 urte inguru arte bizi izan zen komentuan. Handik ateratzeko irrikaz zegoen, ordea. Honela hitz egin zion serora nagusiari:

Hügü dit zure manüa
Joanen nüzü hebendik
Ez dit maite diziplina
Badit nik beste gogorik

Eta haserrealdi batean iritsi zen alde egiteko ordua. Ihes egin eta bizi berri bat hasi zuen, gizon jantzietan hasi ere:

Biloak dütüt moztüko
(E)ta galtza lüzeak jauntsi
Holaxe niz gizon üdüri
Gaztea lerden bühürri

Geroa esküetan düt
Düdarik gabe joanen niz
Barnean dütan sükarra
Ez zaüt itzaliko berriz

Frantzisko Loiola izena hartu eta Filipe IV.a erregearen Gortearen zerbitzura jarri zen. Mundu Berrira, Amerikara, joan nahi zuen. Txile, Bolivia, Panama, Venezuela, Argentina eta Peru zeharkatu zituen, ezpata aldean, Espainiako Inperioko erregearentzat zilarra eta urrea biltzeko ahaleginean.

Osaba Eginorekin egin zuen Amerikarako bidaia:

Honki jin ene lloba
Noski dakizün bezala
Zilar ürre ebasteko
Denak hortan trebe gira

Itsas ontziak dirade
Osoki ürrez betetzen
Hau denen ontsa zaintzea
Zure kargüa da izanen

Holandarrek espainiarren lapurreta gosea ez zuten maite:

Ürrez ezin aseak zidee
Deabrüen bizkar hotzak
Aspalditik gure etsaiak
Espainol ohoin ustelak

Lapurretak, borrokak, ezpata dantzak, abenturak eta ihesaldiak izan ziren eguneroko ogi Amerikan egin zituen 24 urteetan. Batzuetan ihes egiten zuen, uste baitzuen Frantzisko Loiola emakumea zela ohartzear zirela. Gizon jantzietan emakumeekin zuen jarrerak eman du zeresana Katalina Erausoren historian. Izan ere, batzuetan badirudi emakumeren batez maitemindu zela. Maite Berrogainen ustez etengabe egin behar zuen antzerkia inor kontura ez zedin emakumea zela. Beste batzuen ustez, Ipar Amerikako lesbiana mugimendu batzuen arabera adibidez, Erausok emakumeak zituen gustuko.

Hona Berrogainek gai horri lotuta idatzitako bi ahapaldi:

Xiletik landa niz Perun
Solarteren zerbütxüko
Nola ez aipa alabak
Izigarri dütüt gustüko

Zoriona düt topatü
Hanitx jente düt ikusten
Neskekin denbora pasa
Lana ez düt nik senditzen

Maitasun kontuak pixkatxo bat, baina gorrotoak gordinagoak ziren Amerika aldean. Baionako ikus-entzuleak ez ziren lozorroan eta berriz ere gaitzespen oihuak zabaldu ziren Lauga kiroldegian, honela mintzo baitziren Migeltxo Erauso Katalinaren anaia lehendabizi eta Katalina bera ondoren:

Heben zidee suntsitzeko
Arraza apalagoak
Gük garaitüko dütügü
Nausi dira xuriak
Indiano bürügorri
Espainolek zütüe hilko
Trumilka jiten beitira
Amalürra ebasteko

24 urteko bizialdiaren ondoren, Europara joan zen eta emakume zela aitortu eta gizon itxuran bizitzen jarraitzeko baimena eskatu zion aita santuari. Haren arrapostuak publikoa aztoratu zuen eta Erausoren erantzunak berriz, txaloak harrotu zituen.

Lehenik jakin behar dit
Beti birjina zirenez
Hebenko bi emagintsek
Erranen düe bai ala ez

Gizon bati ez deiozüe
Galtatzen denez birjina
Gizon emazteen arteko
Injüstizia bat haboro da

Ez zen Europan errenditu. Berriz ere Amerikara alde egin zuen, Mexikora, eta 1650. urtean hil zen moja soldadua.

"Katalina de Erauso" pastorala

Donostian, irailaren 3an.
Donibane Garazin, irailaren 10ean.
Idazlea: Maite Berrogain.
Errejentsak: Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre.
Katalina Erauso: Alaia Ithurbide, Laida Abadie, Miren Elkegaray eta Graxiana Castillon.


Maite Berrogain Ithurbide, pastoralaren idazlea

Maite Berrogain: "Katalina ere ardi beltza da"

Zer moduz joan zen Baionako emanaldia?
-Enetako izugarri ontsa zeren eta publikoak parte hartu zuen. Zinez, plazer egin dit. Horrek harrapatu nau, ustekabe ona da hala ere.

Donostian publikoa diferentea izango da. Nola erantzungo duela uste duzu?
-Nola jakin! Batzuek erraten dute, “Ez da holakorik izanen beste lekuetan”. Bada ez dakit. Pentsatzen dut baietz, zeren eta gorri eta urdinen arteko borroka hor da, emaztetasunaren aldeak… Pentsatzen dut baietz, jendeak pastoralean parte hartuko duela.

Katalina Erausoren historiak pastoralerako osagai guztiak dituela diozu. Erausoren zein aurpegi erakutsi nahi izan duzu?
-Lehenik emaztearen gauza. Askatasun gose hori. Emazteak ez dira behar izan komentuan edo ezkondu, bazuten beste asmorik ere, denbora horretako beste emazte batzuek ere. Zeren eta geroztik irakurria dut Kristobal Kolonekin joaten zirenak denak gizonak zirela, eta Pizarro eta Cortesekin emazteak ere joaten ziren konkistarat. Beraz, ez zen hain harrigarria emazteak ikustea, nahiz eta Katalina gizonez emana zen. Hala ere, momentu batzuetan emazte agertu da. Eman dezagun, bere osabaren itsasontzia hartu duelarik bere osabak bazekien emaztea zela.

Aurpegi gehiago ere baditu Erausok.
-Borrokazalea. Denbora haietakoa zen konkista. Gaurko egunekoa baldin bazen beste gauza batzuk defendatuko zituen beharbada, ez dakit.Beste aurpegi bat: Emazteen arteko maitasuna. Ezin dugu jakin zuzen ordea, emazteak maite zituenik. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena hortaz.

Pasarte batean Erausok emakume batenganako desioa adierazten du.
-Egia erran, gizona zela eta emazteak maitatzeko prest zela behar zuen erakutsi. Ez nintzen urrunago joaten ahal.

Antzerkia egin behar zuen gizona zela garbi gera zedin momentu oro.
-Nire ustez hori zen, behar zuen komedia bururaino eraman. Pastoralean ez dugu dena eman ahal izan ere. Momentu batez, Andeetako basamortua pasatuta, emazte beltz batek eta bere alabak etxera eraman zuten. Alabarekin ezkontzeko eskatu zion amak. Guk ez dugu agertu, baina testu batean erraten du emaztea hain zela itsusia ez zuela nahi harekin ezkondu. Eta beharbada estakuru bat topatu du, ihes egiteko.  

Zaila da jakitea emakumeak desio zituen ala ez.
-Hori da. Batzuek ideia hori bereganatu dute, Ipar Amerikako elkarte batzuek, lesbiana mundukoek.

Euskal nortasuna ere bistan da pastoralean.
-Izugarrikoa izan da. Hango eliz buruak, epaileak, korrejidoreak, euskaldunak ziren eta elkartasuna adierazten zuten, beti Katalinaren alde. Ez dugu agertu, baina bi aldiz hiltzera kondenatua izan zen eta azken momentuan bazen norbait errateko Katalina bizkaitarra zela eta salbatu behar zela. Beti atera da horrela.

Espainiarra ere bada. Erregearen alde ari da eta konkistatzaile da.
-Ez dakit izan zaren Hego Amerikan, baina joaten bazara edozein lekutara denetan badituzu euskal izenak, karriketan, etxeak… Gure historia beltza da. Katalina ere ardi beltza da. Konkistan parte hartu dute euskaldunek Espainiaren eta Frantziaren alde. Euskaldunak zepoan harrapatuta ginen, bien artean.

Donostian bada brontzezko bustoa, kale bat ere bai bere izenarekin, elkarte baten izena... baina Donostiatik kanpo ez da batere ezaguna. Bere historia, ene ustez, gordea izan da.

Gordea izan dela esango zenuke?
-Katalinak ez baititu biltzen euskaldunen baloreak. Erraten ahal dut pastoral hori ez dutela sekula emanen Zuberoan. Pertsonaia tradizionaletik kanpo da. Pentsa ezazu pastoral hau zer den adin batekoentzat, batzuek mutur egiten dute Elizako historia aipatzen baita, haserretu dira.

Aita santuak Erauso birjina den jakin behar dela esaten du eta ikus-entzuleek arbuioz erantzun zuten Baionan.
-Bai, bai, izugarri.

Sujeta, Katalina Erauso, gorria da. Ohikoa urdina, ona, izatea da.
-Gorrietan sarrarazi dugu. Zuberoan ez dute sekula egin, eta ez dakit eginen duten. Uste baldin bada beti ona behar duela izan, beti urdina... ene ustez sujeta ez da beti ona. Izan delarik konkistan, Espainiako armadan, guk gorrietan ezarri dugu eta indarra eman diegu indianoei, maputxeei, beren kexua agertzeko. Batzuentzat, sujeta gorri ematea iraultza da, guri iruditzen zaigu ez genuela beste maneraz egiten ahal.

Aldaketa jendeak ondo hartu duela iruditzen al zaizu?
-Batzuk ez dira ohartu ere egin. Batzuk ez dakite sujetak urdina behar duela izan, kode horiek ere ez dakit non diren [barrez ari da], ahozko tradizioa baita. Niri batek erran dit hautsi ditugula kodeak, eta erran dut pozik naizela kodea hautsi badugu.

Ez zaizu inor etorri esanez ez zaiola pertsonaia gustatu.
-Ez, horrelakorik ez. Gaurkotasuna du historia horrek, eta denak harritu dira, ez zen ezaguna historia. Baditut ilobak Ipar Amerikan, eta unibertsitatean ikasia zuten, badakite nor den moja militarra, hemen batere ez. Iruditzen zait Euskal Herritik kanpo nahiko ezaguna dela.


AMAIA ALVAREZ URIA*
Euskal Memoria osatzen

XVI. mendearen amaieran Donostian jaio zen Katalina Erauso, La monja Alferez edo The Lieutenant Nun ezizenez ezaguna. Bere autobiografia idatzi eta 1625ean argitaratu zuen Espainiako erregeari egindako zerbitzuaren truke biziarteko pentsioa eskatzeko eta garaiko aita santuari gizon jantzita jarraitzeko baimena lortzeko. Biak eskuratu zituen eta testu horri esker heldu zaigu haren berri.

Moja izan behar zuenak soldadu eta merkatari izatea erabaki zuen, emakume izan behar zuenak gizon bizitzea aukeratu zuen, heterosexual behar zuenak lesbianismoari zirrikitu bat ireki zion, euskaldun behar zuenak espainiar eta mexikar ere izan zen. Horrela bihurtu zen pertsonaia historiko eta mito literario. Donostian Miramarren edo Tabakaleran aurki dezakegu, baina, zenbateraino ezagutzen du euskal jendeak? Nork eta nola eman digu haren berri?

Bizitza ‘liluragarria’ izan zuela errepikatzen da nazioartean berari buruz idatzi diren testuetan. Azken mende aldaketarekin areagotu egin zen bere presentzia argitalpen zientifikoetan eta gerora apaldu den arren urtero idazten dute berari buruz. Testu gehienetan bere genero identitatea eta sexualitatea sailkatu nahian ibiltzen dira eta ohiz kanpoko irudi bat izan zela diote.   

Argitalpenen %1 euskaraz idatzitakoak dira. Zergatik idatzi da hain gutxi Erausori buruz bere sorterrian? Zein da euskaraz eraiki den bere irudia? Lau liburu ditugu: antzezlan bat (Erauso Kateriñe, Katalina Eleizegi, 1962); bere autobiografiaren egokitzapen bat (Katalin Erauso, Iñaki Azkune, 1976); biografia dibulgatzailea (Katalina Erauso, Aitor Zuberogoitia, 1997); eta pastorala (Katalina de Erauso, Maite Ithurbide, 2008). 

Eleizegiren antzezlanean askatasunaren bila bere ametsa betetzera doan pertsona irudikatzen da. Azkuneren autobiografiaren egokitzapenean “gizon arima eta indarra” zituela eta “beste emakumeak bezalakoa ez zela” esaten da, “gehiegikeriaz eta zoritxarrez betetako bizitza” izan zuela gaineratuz. Zuberogoitiak Erausori buruz diosku “hain emakume indartsua topatzeak” harritu zuela, “baina gehien hunkitu ninduena bere barne borroka izan zen (…) eta etengabe ihesi egoteak sortzen zion tentsioa”. Ithurbidek Erausori buruz hurrengoa dio: “munduan ezaguna den arren hemen ez dutela berari buruz ezer jakin nahi” eta “generoaren afera egungo jendartearen aldarrikapenetako bat d(el)a”.

Sherry Velascok (2000) dioen moduan kultura hegemonikoak Katalina Erauso eraiki, interpretatu eta merkantilizatu egin du, izan ere pertsonaia honek irakurle/ikus-entzuleen beldur eta desirak agerian uzten ditu. Erauso heroi eta arerio gisa irudikatu izan da, nazio, historia eta kultura desberdinen ordezkari; oso aldagarria eta maneiatua izan den pertsonaia da. Garai bakoitzak sexua, generoa eta sexualitatea modu desberdinetan arautzen ditu, baina errealitatea beti da anitza. XXI. mendean hiru eremu hauei malgutasunez eta dinamikoki begiratzeko erronka dugu, normal izateko eguneroko borroka antzuaz jabetu eta denak diferente garela onartzeko garaia badelako.

*”Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan” tesiaren egilea.

(Argia astekarian argitara emanikoa)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia