euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako Kursaalean egin zen Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarreko argazki kronika (II)

2011/11/07

Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarreko jardunaldiak goizez hasi baziren ere, inaugurazio ofiziala, lehendakaria buru zela, arratsaldean egin zen (argazkia EuskalKultura.com)
Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarreko jardunaldiak goizez hasi baziren ere, inaugurazio ofiziala, lehendakaria buru zela, arratsaldean egin zen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Asteazken arratsaldean inauguratu zen ofizialki Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarra, nahiz eta goizetik hasiak ziren topaketaren jardunaldiak, euskal etxeetako eta federazioetako ordezkarien aurkezpenekin. Eguerdiko atsadenaldiaren ostean arratsaldeko jarduna 'Mr Basque' liburuaren aurkezpenarekin hasi zen. Mielanjel Elustondo kazetariak idatzi du eta William A. Douglass antropologo estatubatuarraren biografia da. Preseski, Bill Douglass bera izan zen aurkezpenaren ostean batzarraren inaugurazio hitzaldia emateko ardura izan zuena. Arlo instituzionalean, Lopez lehendakariak ongi etorria egin zien partehartzaileei. Jarraian, Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarreko argazki kronikaren bigarren partea.

Donostia-San Sebastián. "Mr. Basque" da asteazken arratsaldean aurkeztu zen William Douglassen biografiaren izenburua. Aurkezpenaren ondotik, Douglass bera izan zen batzarraren inaugurazio hitzaldia emateko ardura izan zuena --aurreko hiru edizioetan izan zen bezala--, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta. Antropologo eta euskaltzalea, askok "Mr. Basque" ezizenarekin ezagutzen dute Douglass AEBetan, Euskal Ikasketen arloan eginiko lana dela eta. Bere biografiaren egilea Mielanjel Elustondo kazetari, idazle eta argazkilaria izan da; AEBetako euskal Diasporan aditua da Elustondo, eta liburu hau Douglassekin urte askotako lankidetza, elkarrizketa eta aditzearen fruitua da. Biografia Pamiela argitaletxeak plazaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Alfonso Pérez Agote soziologoak egin dio hitzaurreetako bat.

Jarraian, argazki kronikaren bigarren partea:

 Congreso Mundial Donostia 2011 foto 011

['Mr. Basque' liburuaren aurkezpena. Guillermo Echenique ari da hizketan. Mahaian, ezkerrretik eskubira, Joseba Zulaika, Renoko Center for Basque Studies-eko zuzendaria; egilea, Mielanjel Elustondo; William Douglass antropologoa; Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura ahalduna; Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Alfonso Pérez Agote, Universidad Complutense-ko katedraduna; eta --irudian ez da ageri-- Gregorio Monreal legelaria (argazkia Euskalkultura.com)]

 Congreso Mundial Donostia 2011 foto 012

[Mielanjel Elustondo liburua aurkezten Bill Douglassen eta Josune Ariztondoren aurrean (argazkia EuskalKultura.com)]

Congreso Mundial Donostia 2011 foto 013

[Bata bestearen ondotik parte hartu zuten mahaiko kideek. Irudian hizlari da Joseba Zulaika, Douglassen lankide, laguna eta ondorengoa Renoko Center of Basque Studies-en zuzendaritzan (argazkia EuskalKultura.com)]

Congreso Mundial Donostia 2011 foto 015

[Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarraren inaugurazio ofiziala Donostiako Kursaalean. Guillermo Echenique ari da hizketan. ETBko Maria Corral kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia (argazkia EuskalKultura.com)]

Congreso Mundial Donostia 2011 foto 016

[Inaugurazio ekitaldian euskal etxe aitzindarien lana omendu zen. Elkarte hauetako zenbaitek ehun urte beteak edo batzuk betetzear dituzte; adibidez, New Yorkeko Eusko Etxeak 2013an egingo du mendeurrena. Irudian, New Yorkeko euskal elkartearen presidentea, Itziar Albisu, Patxi López, Guillermo Echenique eta Julián Celayarekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Congreso Mundial Donostia 2011 foto 017

 [Omenaldia jaso zuten euskal etxeetako ordezkariak Lehendakariarekin. Ehun urte edo ia ehun urte dituzten hiru elkarte ez ziren Donostian izan, arrazoi desberdinak tarteko: Habanako "Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia", Montevideoko Euskal Erria eta Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat. Irudian, ezkerretik eskubira, Guillermo Echenique, Javier Ederra (Bahia Blancako "Unión Vasca"), Lourdes Arrechea (Mexiko DFko Euskal Etxea), Itziar Albisu (New Yorkeko Eusko Etxea), Lopez lehendakaria, Pedro Oyanguren (Txileko Santiagoko Euzko Etxea), Pedro Arin (Montevideoko Centro Euskaro), Miguel Fagoaga (Buenos Aireseko 'Euskal Echea' Elkartea), Norma Ríos (Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea) eta Arantxa Anitua (Buenos Aireseko Laurak Bat) (argazkia EuskalKultura.com)]

Congreso Mundial Donostia 2011 foto 019

[Inaugurazio ekitaldia bukatu ostean egin zen cocktail-era gonbidatu asko joan ziren, tartean Kanpo Harreman eta Euskal Gizataldeen zuzendaritzetako aurreko lantaldea. Argazkian, Julián Celayak, gaur egungo kanpoko Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariak, aurreko karguduna, Josu Legarreta, agurtzen du (argazkia EuskalKultura.com)]

 Congreso Mundial Donostia 2011 foto 020

[Egunari bukaera emanez batzarreko partehartzaileek dantza erakustaldia egin zuten. Adin guztietako batzarkideek egin zuten dantza, tartean Ernest Behaxateguy, Montrealeko Euskaldunak elkarteko kidea; 77 urte izanagatik, Behaxateguyk Gaztemunduko gazteek adina gogo eta sasoia erakutsi zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

(segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia