euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako Juan Mari Arzak sukaldariak Prix Literaire Gastronomique 2006 saria jaso du Bocados lanarengatik

2007/02/22

 'Bocados', Juan Mari Arzak sukaldariaren liburu sarituaren azala
'Bocados', Juan Mari Arzak sukaldariaren liburu sarituaren azala

PUBLIZITATEA

Juan Mari Arzak sukaldari donostiar ezaguna Prix Literaire Gastronomique 2006 izenekoarekin saritua izan da, argitara eman duen Bocados azken lanarengatik. Saria, Nazioarteko Gastronomia Akademiak urtero ematen duen literatura saria da eta Arzaken lana epaimahaia osatzen zuten 32 nazioetako ordezkari guztien adostasunez hautatua izan da. Bainet Media argitaletxeak plazaratutako liburuki honetan azaltzen diren 100 kreazioak sukaldariaren imaginazio eta jatetxeko sukaldean lantzen diren plateretatik atera dira. Obrak biltzen dituen delicatessen-ak 'goi-mailako sukaldaritza miniaturak' direla dio bere sortzaileak.
Bocados goi-mailako sukaldaritzako pintxoei eskeinita dagoen liburua da eta honen bidez zapore, forma, eta koloreen munduan zehar bidaian darama Donostiako sukaldariak. Sukaldaritzan ezagutzen diren teknika berri eta produktu bitxientzako ere badago lekua argitalpenean. Amak irakatsi omen zion sukaldaritza maitatzen eta hori baino gehiago lortu du Juan Marik. Izan ere, bere janaria probatu dutenen urdailen abegitasuna irabazi du, beti ere, bere goi-mailako sukaldaritza moderno baina tradizioan oinarritzen diren zaporez beterikoarekin.

Bere estilo, irudimen eta janaria hain dira gustokoak, gaur egun gourmetentzat do gastronomia zale porrokatu --eta dirudunentzat-- ia ezinbestekoa dela Alto de Miracruzen (Donostian) duen Arzak Jatetxean geldialdia egitea. Sukaldaritzarako daukan adimenari esker, beste hainbat sari jaso ditu dagoeneko. Horien artean, Michelin Gida ospetsuko hiru izarrak edota Espainiako jatetxerik hoberenaren saria Club de Gourmets aldizkariaren eskutik. Orain gainera, Prix Literaire Gastronomique 2006 saria eskuratu du Bocados liburuarengatik.

Adituen ustez, Arzaken platerak beti izan dituzte zigilu bereizgarria. Donostiarrak munduan zehar egindako bidaiei esker, kultur ezberdinetako ohiturak ulertu eta ikasi zituen eta Paul Bocuse maixuaren eskutik goi-mailako sukaldaritzarekin artea egin zezakeela ulertu zuen. Ideia berri hauekin bere gurasoen Arzak Jatetxean lan egiten hasi zen eta aurretik ikusi ez diren zapore eta ehunduren bidez iraultza ekarri zuen euskal sukaldaritzara.


Lotura interesgarriak

Arzak Jatetxea
www.arzak.es

Arzak Mexikon
EuskalKultura.comen argitaratua, 2006ko otsailaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia