euskal diaspora eta kultura
2013/10/23
PUBLIZITATEA
Donostia, San Sebastián. Donostiako Ibaeta Abesbatza Paris aldera abiatuko da bihar bertan eta Frantziako hiriburuan izango da astelehena arte. Egonaldian zehar bi kontzertu emango ditu koralak eta, horrez gain, bertako Gernika Abesbatza eta Anaiki Gizon Abesbatzarekin harremanak sakontzeko baliatuko dute esperientzia.
Ibaeta Abesbatzaren aurreneko emanaldia larunbatean izango da, Saint Louis-en L'Île elizan, Nôtre Dame katedral ezagunetik gertu. Han kanta erlijioso eta herrikoiez osaturiko errepertorioa eskainiko du koralak: Peñafloridaren Irten Ezazu, Uruñuelaren Agur Maria, Madinaren Aita Gurea, Santestebanen Goizeko Izarra; Aita Donosti eta Raimundo Sarrieguiren beste zenbait eta baita Xabier Lete, Mikel Laboa edo Benito Lertxundiren kantuak ere.
Felix Ibarrondo musikagilearekin
Bigarren emanaldia igandean izango da, Asnières sur Seine-eko Notre Dame du Perpetuel Secours parrokian. Han 10:30tako mezan abestuko du koralak eta elizkizunaren ostean kantaldia eskainiko du. Meza Félix Ibarrondo musikagile oñatiar ospetsuak zuzenduko du.
"Guretzat ohore handia da halako ospea duen euskal musikagile baten aurrean abestea eta, aldi berean, badakigu erronka handia dela gurea bezalako amateur koru batentzat", azaldu dio EuskalKultura.com-i Donato Unanuek, Ibaeta Abesbatzeko zuzendariak.
Anaitasun bazkaria Eskual Etxean
Igandea eguerdian abesbatza donostiarrak Pariseko Eskual Etxea bisitatuko du eta anaitasun bazkaria egingo du bertan Gernika Abesbatzarekin eta Anaiki Gizon Abesbatzarekin. Topaketan kantaldiak eskainiko dituzte hiru taldeek, bazkaria hasi aurretik eta bazkalostean ere. Euskal musikari eta kantu zaletasunari eskainitako festa izango da, eta giroa, ezbarik gabe, aparta izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus