euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako Gero Axular taldeko bi dantzari Txetxeniako Kultura Ministeritzaren Sariaren irabazle Grozny-n

2016/10/19

Donostiako Gero Axularko Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxea dantzariak. Taldeko zuzendari Juan Luis Unzurrunzagarekin txetxeniaratu ziren.
Donostiako Gero Axularko Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxea dantzariak. Taldeko zuzendari Juan Luis Unzurrunzagarekin txetxeniaratu ziren.

PUBLIZITATEA

Hiriburu txetxeniarrean egin da joan den asteburuan “Mahmoud Esambaev” 8. Nazioarteko Dantza Lehiaketa eta bertan aritu dira Donostiako Gero Axular dantza taldeko Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxea, euren zuzendari Juan Luis Unzurrunzagak lagundurik. Txetxeniako Kultura Ministeritzaren Saria eskuratu dute eta Donostian ilusio handiz jaso dute Gero Axular taldeko gainerako kideek hori zioen whatsappa. Izan ere, euskal ordezkariak gaur gauean iritsiko dira Loiura, eta harrera-ekitaldia antolatu diete taldekideek aireportuan bertan, 22:40etan hegaldiak lurra hartzen duenean.

Donostia-San Sebastian. Irakurle zintzo ditugu Gero Axular-eko kideak eta gurekin partekatu nahi izan dute dantza taldearentzat ilusionagarria izan den esperientzia. Taldeko Gurutze Telleriak azaldu digunez, berri pozgarria da oso hainbeste dantzari profesionalen artean euskaldunak nabarmendu izana, eurak izan baitira jaialdian parte hartutako 7 herrialdeetako eta Errusiako 26 herrialde eta eskualdeetako ordezkarien artean dantzari profesionalak ez ziren bakarrak, Frantziakoekin batera.


Grozny-ko Telebistako ekitaldiko bideoa. Hitzaldi luzeen ondoren, euskal bikotearen hitzak 7' 24"

Telleriak kontatzen digunez, abuztu erdialdean ezustekoa izan zen Gero Axularren egoitzan. Errusiako Kultur Ministeritzatik gonbidapena iritsi izana, “Mahmoud Esambaev” 8. Nazioarteko Dantza Lehiaketan parte hartzeko Txetxeniako Groznyn. Momentu hartan, dantza taldea Polonian zebilen bira batean eta abuztu bukaera arte ezin izan zen parte hartzea konfirmatu.

Irailarekin batera, prestakuntza lanak hasi ziren. Dantzariak, agenda betea izan arren, egunero entsegua egiteko tartea aurkitu zuten. Berdin zen ordua, eguna, entsegua egin beharra zegoen, segitzen du.

"Bidaiaren kudeaketa ere ez da lan samurra izan. Hizkuntzaren arazoa nahikoa ez balitz, arazo burukratikoak sortzen ziren nonahi, baina azkenik dena konpondu eta urriaren 13an abiatu ziren Errusiara gure ordezkariak, Onintza eta Jon dantzariak Juan Luis Unzurrunzaga zuzendariarekin batera".

"Hortik aurrera dena malda behera". Groznyn Txetxeniako telebista eta Kultur Ministroak jaso zituen.

Festibalean, 8 herrialdeko eta Errusiako 29 herrialde eta eskualdeko 130 dantzarik parte hartu dute, "Frantziakoa eta gure bikotea izan ezik denak profesionalak".

"Zegoen maila izugarria izan arren, gure bikoteak bereari eutsi eta bi programa zoragarri bete zituen igandean. Lehenengoa, Juan Luisen (Unzurrunzaga) koreografia Agurra, Gabota eta Ariñ Ariña elkartuz. egun horretarako propio egindako jantziekin, 20. mende hasierako Txorierrian inspiratuta".

"Bigarrena, arratsaldez, Juan Luisen beste koreografia bat Godalet eta fandangoan oinarritutakoa eta oraingoan Zuberoako Maskaradako arropekin".

"Partaide guztien maila eta profesionaltasuna ikusiz itxaropen handiegirik gabe iristsi ziren amaierako ekitaldiaren garaia eta, hor sorpresa, ekitaldia beraien dantzarekin hasi zen. Ilusioa eta urduritasuna, gogoan hartuta ekitaldi honetan soilik 10 taldek dantzatzen zutela eta Txetxeniako presidente Ramzan Kadyrovek burutzen zuela estamentu ofiziala".

"Astelehen arratsaldeko seiretan, gure zuzendariaren whatsappa jasotzen dugu: Kultur Ministeritzako Saria irabazi dugu, Uaaaaaaaaaa".

Gaur asteazkena, 22:40etan iritsiko dira Gero Axular dantza taldeko ordezkariak atzera Euskal Herrira, "eta Loiun bertan egongo gara merezi duten harrera egiteko", amaitzen du kontaketa Gurutze Telleriak, "Gora Gero ta Gerotarrak!!!" esanda.

Ikus bideoa, saria jasotzen: https://www.instagram.com/p/BLrRrVhgewa

 



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia