Qingxu, Txina. Euskal dantza Txinara iritsiko da datorren asteburuan Donostiako Gero Axular taldearen eskutik, bertako Jai Nazionalarekin bat eginez Qingxu hirian urriaren 1etik 7ra egingo den Arte Folklorikoaren lehen Jaialdian partaide izango baita. Juan Luis Unzurrunzaga zuzendari duen Gero Axular taldea, hiri txinatarrean kultur truke ekitaldi honetarako aurten aukeratu dituzten nazioarteko bederatzi folklore taldeetako bat da, eta Txina bertako talde batzuk ere izango dituzte oholtzakide.
18 eta 25 urte bitarteko bederatzi dantzarik osatzen dute euskal ordezkaritza, eta eurekin doaz Andoni Iparragirre musikarien zuzendaria, Gurutze Telleria jantzien arduraduna eta Juan Luis Unzurrunzaga, maisu, koreografo eta zuzendari. Unzurrunzagak berrogei urtetik gora daramatza dantzaren munduan: dantzari gisa lehenik, gero koreografo, zuzendari eta baita nazioarteko lehiaketetan epaile ere. 2002an Gero Axular Kultur Elkartea sortu zuen, eta geroztik 8 ikuskizun estreinatu dituzte, Euskal Herriko eta Europako agertokietan aurkeztuak.
Gero Axularren HIGA Dantza ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokian
Qingxu-ko oholtza gainean Mexiko, Ekuador, Benin, Filipinak, Kazakhstan, Georgia, Bulgaria eta Frantziako taldeekin batera arituko dira. Jaialdia Qingxu Konderriko Gobernuak eta Munduko Kulturen Elkarte Nazionalak antolatzen dute. Urriaren 1ean talde guztiek aurkezpen gisa dantzatuko dute, eta gainerako egunetan emanaldi gehiago eskainiko dituzte hainbat agertokitan. Oihartzun aldetik, Txinako CCTV telebista nazionalak eta Frantziako TF1 kanalek, konparazio, transmitituko dute.