euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako danborren burrunbak oihartzuna izango du Diasporako euskal etxeetan antolatutako ospakizunetan

2008/01/18

Necocheako Euskal Etxeak bere danborrada ateratzen du urtero herriko kaleetan zehar
Necocheako Euskal Etxeak bere danborrada ateratzen du urtero herriko kaleetan zehar

PUBLIZITATEA

Bihar San Sebastian bezpera da. Guztia prest egongo da, bapo afaldu ostean igandeko 00:00etatik aurrera Donostia, Azpeitia, Tafalla, Lakuntza, Andosilla edota Zangotza bezalako herrietan San Sebastian eguneko jaiei gogor ekiteko. Diasporan ere zenbait herrialdetako euskal etxek bat egingo dute jaiarekin. Nahikoa da horretarako 'gogo donostiar' apur bat, makiltxoak, sukaldari txanoa eta dibertitzeko grina. Madrilen, Caracasen, Necochean eta Mexikon, esaterako, halaxe egingo dute bertako euskal etxeetakoek, Sarriegi maisuaren doinuak ozen munduratuz.
Urtero legez Euskal Telebistaren emankizunak Donostia eta Azpeitiko danborraden irudia eta burrunba eramango ditu munduko euskaldunen etxeetara, ETB-Sat eta Canal Vasco-ren bitartez, antenaz, kable seinalez edota internetez. Donostiako Konstituzio Plazako taulagainean Gaztelubide soziedadeko danborradak igandeko 00.00etan ekingo dio jaiari, soziedadearen beraren 75. urteurrena ospatzen duen honetan. Beste soziedade batzuen kasuan, Groseko Umore Onan, esaterako, euren danborradaren mendeurrena ospatuko dute aurten.

Diasporatik jaiarekin bat egingo duen lehen euskal etxea Necocheakoa izango da seguruenik, Argentinan. Euskal elkarteak urteak daramatza bere danborrada antolatzen eta festa hiriko bertako ohitura bilakatua da. Necocheako kaleetan zehar kalejira egingo dute, antigoaleko uniforme dotorez jantzita eta Sarriegiren piezak joko dituzte danbor eta barrilekin. Urtetik urtera jai donostiar-necocheatar honek zale gehiago biltzen ditu eta aurten aurrerapenez, gaur ostiralean bertan ekingo diote programari, San Sebastian bezpera baino egun bat lehenago.

Danborradak Necochean, Madrilen...

Egin ere, nechocheatarrek kalejira egingo dute gaur arratsaldez hiriko kaleetan, buruhandi, trikitilari eta dantzariekin. Baina ibilbidearen protagonista noski, danborradaren konpainia izango da. Ibilbidearen ondotik, oarte hartzaileak euskal etxera bilduko dira eguna erromeria, afaria eta dantzaldi batekin gozatzeko. Bihar, berriz, elkarteko kideek anaitasun afari bat egingo dute eta dantza erakustaldia eskainiko dute euskal etxean bertako dantzariek.

Madrileko Euskal Etxean, berriz, hitzordua bihar gauez izango da, San Sebastian bezperan hasita, beraz, Donostiakoarekin batera. Ohiturari jarraiki elkarteko kideek afari bat egingo dute eta afalostean partaideen artean sukaldari txanoak eta makilak banatuko dituzte Donostiako martxa jo ahal izateko. Lan honetan azken asteetan entsaiatzen aritu diren kideen gidaritza izango dute. Jaia bederatzietan hasiko da, Madrilgo Orfeo saloietan.

Bartzelona, Murtzia...

Bartzelonako Euskal Etxeari dagokionez, bertan ere afaria egingo dute San Sebastian bezperan jaia ospatzeko eta telebistari esker Donostiako jaiari zuzenean erantsiko zaizkio. Murtziako Euskal Etxean ere iaz hasi zuten ohiturarekin jarraituko dute eta afaria egingo dute, bazkideen artean txano eta makilak banatuz bakoitzak ahal duen edo dakien eran danborrada jo dezan eta jaiko partaide senti dadin.

[Goiko irudian iazko San Sebastian jaia Murtziako Euskal Etxean, partaideen begiak erne Euskal Telebista bidez heldutako Donostiako Konstituzio Plazako irudiei erreparatuz

Estrainekoz New Yorken; tradizioa Mexikon

Aurtengo ospakizunen artean aipatzekoa da New Yorkeko Euskal Etxearena, lehenengo aldiz ospatuko baitute San Sebastian. Jaia elkartearen hileroko afariarekin batera egingo dute, bihar gauean [ikus honi buruzko artikulu soltea]. Hitzordu honetan huts egiten ez duen beste elkarte bat Caracaseko Euskal Etxea da. Venezuelako hiriburuan, urtero legez elkarteko kideek afaria egingo dute, kasu honetan bihar larunbatez. Donostia eta Azpeitiko jaia elkarteko pantaila erraldoian segituz, ETBren Canal Vasco katearen bidez.

Azkenik Mexiko Hirian ere, danborradak beste urte batez euskal etxeko bazterrak girotu eta astinduko ditu. Urte asko daramatzate Mexikoko euskaldunek jai hau antolatzen eta bertako danborrada ia-ia 'profesionala' bilakatu da dagoeneko, Alfredo Jover 'danbor nagusi' edo gidari. Aurten ere afaria egingo dute San Sebastian bezperan eta antolatzaileek 200 bat lagun inguru biltzea espero dute.

Baita internetez ere

Jaia ospatzera Euskal Herriraino iritsi ezin dutenentzat edota inguruan euskal etxerik ez dutenentzat, Donostiako Udalak danborrada internet bidez jotzeko aukera eskaintzen du, udaleko webgunean --www.sansebastian.org-- jarri duten jokoaren bidez. Bertara sartzen direnek San Sebastian Martxa jo ahal izango dute, teklatuko botoien bidez danborra zein makilak joaz. Udaleko iturriek azaldu dutenez 'munduko edozein tokitan daudenak ere hiritik eta donostiarrengandik gertuago egoteko aukera izango dute' horrela.


Lotura interesgarriak

Donostiako Martxa (letra eta audioa)
Danborradari buruzko datu gehiago

DFko Euskal Etxean Danborrada ospatu zuten (erd.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 24an

2007ko danborrada Necochean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 24ean

Danborren burrunba Madrilen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia