euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiak gastronomi zientzia fakultate aitzindari bat izango dute 2011an: Basque Culinary Center-a

2009/03/25

Euskal sukaldari nagusiak eta arduradun politikoak proiektuaren aurkezpenean
Euskal sukaldari nagusiak eta arduradun politikoak proiektuaren aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Aste honetan aurkeztu dute Donostian Basque Culinary Center proiektua, Europan egiten den bigarrena izango den gastronomia zientzien fakultatea (Italiako Piamonten dago lehena). Zentru berriak 2011. urtean irekiko ditu ateak eta bi arlo izango ditu: alde batetik ikerketa gunea bat eta bestetik fakultatea bera. Donostiako Miramon Parke Teknologikoan egongo da. Euskal Herriko sukaldari nagusiek babesa eman diote proiektuari eta arduradunek ekimen honek Euskal Herria 'nazioarteko goi mailako sukaldaritzaren meka' bihurtuko duela uste dute.

Donostia-San Sebastián. Euskal sukaldaritzako izar nagusiak --Juan María Arzak, Pedro Subijana, Martín Berasategui, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano eta Eneko Atxa, besteak beste-- Donostiako Basque Culinary Center erakundearen aurkezpenean izan ziren, proiektuari babesa ematen. Ekitaldian arlo politiko ordezkari asko ere izan ziren, tartean Ibarretxe lehendakaria; espainiar estatuko Ikerkuntzarako Estatu Idazkaria, Carlos Martínez; Gipuzkoako Aldun Nagusia, Markel Olano, eta Donostiako alkatea, Odon Elorza.

Ekimenaren sustatzaile nagusietako bat Mondragon Unibertsitatea izan da eta guztira 14 milioi eurotako aurrekontua izango du zentroak. Aurrekontuaren erdiaren ardura Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia ministeritzak hartuko du. Eusko Jaurlaritzak hiru milioi eurorekin parte hartuko du eta Gipuzkoako Foru Aldundian milioi euro emango du.

'Nazioarteko sukaldaritzaren Meka'

Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Iosu Zabalak, aurkezpenean azaldu zuenez Basque Culinary Center-aren helburua profesional kualifikatuak trebatzea da, horrela 'euskal sukaldaritza goi mailako sukaldaritza eta berrikuntzaren puntan mantentzeko' eta 'sukaldaritza eta arlo enpresarialen arteko komunikazioa hobetzeko'. Arduradunen ustetan, zentru honen lanak Euskal Herria 'nazioarteko sukaldaritzaren meka' bihurtzen lagunduko du.

Zentruan ikasketak egiten dituztenek unibertsitateko gradu titulua eskuratu ahal izango dute Sukaldaritzako Artean eta graduondoko lau titulu ere eskuragai izango dira sukaldaritzako profesionalei eta beste sektore batzuei zuzendurik. Era berean zentru berriaren eskaintzak etengabeko prestakuntza ikastaroak eta 'sukaldaritza zaleei' zuzenduriko proposamenak ere izango ditu. Basque Culinary Center-ek bi eraikin izango ditu, batean klaseak emango dira eta bestea ikasleentzako egoitza egongo da.

Ikerkuntza arloari dagokionez, sei lerro nagusi garatuko ditu zentru honek: hezkuntza eta elikadura ohiturak, elikaduraren erantzunkizun soziala, elikadura joerak, sektoreko enpresen kudeaketan berrikuntza, teknologia garapena eta jakien elaborazio, aurkezpen eta kontserbazioa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia