Donostia-San Sebastian. Donostia eta Biarritze "Euskal Diasporako talentuak erakarriko dituen" jaialdi bat elkarrekin antolatzea planteatzen ari dira. Hala adierazi dute hi euskal hiriotako alkateek, Eneko Goia eta Maider Arosteguy-k, atzo hiriburu gipuzkoarrean izan zuten elkarretaratzearen ondotik. Ideia zehazteke dago eta zer eta nola gauzatu aztertzen hasiko dira orain bi alkateen ekipoak, beti ere helburua "kanpoan den euskal gizataldeari euren arbasoen lurra bisitatzeko aukera ematea" izanik, adierazi diote EuskalKulturari Donostiako Udaletik.
Egiten denean, Diaspora aintzakotzat hartzen duen proiektu hau erabat berria izango da Euskal Herriko panoraman, baita berritzailea ere, bi euskal hiri garrantzitsu ipiniko baititu elkarrekin lanean Diaspora lokarri eta bi hiriok gainera Hegoalde eta Iparraldekoak izango baitira, bat eginez Euskal Herriaren ondare, altxor eta parte den Zortzigarren Probintziako partaideak bertara biltzen eta bertako proiektu integratzaile batean murgilarazten.
EuskalKultura aipatu udalekin harremanetan jarri da bestelako xehetasunik lortzearren, baina momentu honetan gehiago ez dagoela adierazi zaio, beraz zilegi da pentsatzea ideia eta proposamenak batzeko egokieran daudela. Erne egongo gara pauso berriak ematea erabakitzen dutenerako, berriak sortu bezain laster orrialdeotan argitaratzeko.