euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostia txiki bat Argentinako kostaldean: Danborradako hotsek Necochea zirraraz bete zuten

2016/01/27

Necocheako Danborradako txikiak, aurten traje berriak estrenatzen (argazkia K. Zubillaga)
Necocheako Danborradako txikiak, aurten traje berriak estrenatzen (argazkia K. Zubillaga)

PUBLIZITATEA

Necochea eta Donostia harreman estua duten hiriak dira,  "Loco" Azua euskaldunak han aurreneko hotela sortu zuenez geroztik (1885ean!). Bertako hondartzei Donostiakoen tankera hartu omen zien eta hotelari "Perla de San Sebastián" izena jarri zion. Herrikideek zorotzat jo zuten, turistak barra barra zetozela ikusi zuten arte. Egun hiria Argentinako gune turistikoetako bat da. "Loco" Azuaren grina donostiarrak bizi bizirik dirau herriko euskaldunen artean eta eztanda egiten du urtero urtero San Sebastian Astearekin; Danborrada eta Konstituzio Plazako bandera igoera eta guzti. Ez baduzu sinisten, ikusi argazkiak!

Necochea, Argentina. Urteko asterik zalapartatsuena amaitu berri da Necochean: San Sebastian Astea. Festa urtarrilaren 19an hasi zen eta larunbata bitartean makina bat ekitaldi izan ditu: Danborrada, Euskal Etxean egin zen bandera igoera, pintxo-potea Konstituzio Plazan eta gehiago. Barru barruan dute danborradaren festa Necocheako euskaldunek, eta urtero urtero Sarriegi maisuaren doinuak jotzen zirrara berezia sentitzen dute, haur zein nagusiek.

Aurten txikiak izan dira protagonista, Donostiako Summa ikastetxeak utzitako traje berriak estrenatu baitituzte. "Gure asmoa da poliki poliki haur danborrada bat osatzea Necochean eta Gaztelubideren bitartez, Summa ikastetxeak erabiltzen ez dituen traje batzuk utzi dizkigu. Biziki eskertzen dugu laguntza hau", esan dio EuskalKultura.com-i Necocheako Euskal Etxeko Xabier Zubillagak.

Donostian danborrari

Zubillagak ezin izan du aurten Necocheako festan parte hartu, baina aitzaki bikaina zuen: Donostian izan da, donostiarren artean euskal argentinar danborrarien maila erakusten. Urtarrilaren 18an Donostiako Udalak eta DSS2016k Donostiako eta Diasporako danborradei egin zieten omenaldian parte hartu zuen. "Oso garrantzitsua da Diasporarentzat aintzat hartze hau. Euskal etxe askok egiten dute danborrada eta ekitaldian gutxi batzuk aipatu baziren ere omenaldia denontzako da", esan du.

Omenaldiaz gain, ekitalditik Zubillagak Peña Anastasiorekin danborrada jotzeko gonbidapena atera zuen, eta gau ahaztezina izan zen berarentzat aurtengo San Sebastian bezpera. "Jendea harritu egin zen argentinar bat Polka, Tatiago eta abar jotzen ikustean. Euskal Herrian oso ezezaguna da Diaspora eta jendeak ez daki Necochean danborrada dagoela, Konstituzio Plazaren erreplika egiten dugula, Liburutegiko balkoiko bandera igoera eta guzti...".

"Loco" Azua, beste euskaldun zoro bat

Necocheak, gainera, harreman berezia du Donostiarekin, Zubillagak azaldu duenez. Argentinako Donostia da Necochea. Hiria herrialde honetako turismo gune nagusietako bat da eta bertako hondartzek turista asko erakartzen dituzte. Eta dena euskaldun "zoro" baten egoskortasunari esker. Beste bat. Badira eta horrelako makina bat Argentinako euskal historian.

1885 aldera, Julian Azua izeneko euskaldunak aurreneko hotela sortu zuen Necochean. Hirian "Loco" esaten zioten, ideia harek ez hanka ez bururik ez zuelakoan. Hotelari "Perla del San Sebastián Argentino" izena jarri zion gure gizonak. Eta handik bost urtera, handitu egin behar izan zuen, bertara zetozen bezero guztiak hartu ezinik. Aurki hasi ziren besteak ere hotelak egiten, eta egun Necocheako hondartzak famatuak dira Argentinan.

Euskal Etxea, Ikastola, Danborrada...

Hiriak euskal nortasun nabarmena du, izenetik hasita. Bertako Euskal Etxea Argentinako aktiboenetakoa da, Ikastola izeneko ikastetxe bat dago, Euskal Herriko gazteekin kultur trukea egiten dute urtero abuztuan (Hator Hona), eta San Inazio, Korrika eta Euskararen Eguna ekitaldi oso jendetsuak izan ohi dira bertan. 

Eta horrez gain, San Sebastian Astean Donostiako zatitxo bat ekarri ohi dute Argentinara. Euskal Herriko negu beltzetik, Argentinako uda goxora. Ikusi argazki galeria:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia