euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kimuak 2007 katalogoko laburmetraiek 84 sari jaso dituzte aurten; euskal etxeetan ere izan dira ikusgai

2008/06/25

'Hezurbeltzak' laburmetraiaren irudi bat
'Hezurbeltzak' laburmetraiaren irudi bat

PUBLIZITATEA

1998an programa abian jarri zenetik, euskal laburmetraiak nazioartean zabaltzen dituen Kimuak katalogoak arrakasta nabarmena lortu du munduko zinemaldi eta lehiaketa askotan. Filmeak, gainera, Diasporako euskal etxe askotan ere izan dira ikusgai. Katalogoaren azken edizioak, 2007koak, 84 sari jaso ditu, horietako 22 nazioartean. Orain, datorren urteko uzta bildu nahian, Kimuak 2008 katalogorako lanak aurkezteko epea ireki dute, uztailaren 24a bitartean.

Donostia-San Sebastián. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen duten Kimuak programaren 2007ko katalogoko laburmetraiek ia 500 zinemaldietan parte hartu dute urtean zehar eta guztira 84 sari eskuratu dituzte, horietatik 22 nazioartekoak. Azkenak berriki Hezurbeltzak laburmetraiak jaso dituenak dira: Stuttgart (Alemania), Brooklyn (AEB) eta Zagreb (Croazia). Film hau Izibeñe Oñederra azkoitiarraren lehen lana da. Kimuak 2007ko beste laburmetraiek ere sari ugari jaso dituzte: Columba Palumbus, Kolonbian saritua izan zen, Decir adiós, Uruguaien; Las horas muertas eta No es una buena idea Italian; Limoncello Alemanian, eta Taxi? eta Traumalogía AEB, Frantzia eta Italian.

Kimuak 2008rako epea ireki da

Programaren arrakastak bultzatuta, antolatzaileek 2008ko katalogoa osatuko duten lanak aurkezteko epea ireki dute. Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 24a izango da eta zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko obrak aurkeztu ahal izango dira. Lanek 30 minutu baino gutxiago iraun behar dute. 35 mm-ko azken kopia eduki behar da, eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino beranduago egina izan behar du.

2008ko Kimuak Programan baldintza hauek betetzen dituzten errealizadoreek eta produktoreek parte hartu ahal izango dute:

a) Eskatzailea errealizadorea bada, deialdi hau kaleratu aurreko urtebetean Euskal Autonomia Erkidegoan bizitakoa izan beharko du, edota Erkidegoan, gutxienez, bost urtez jarraian bizi izan dela frogatu beharko du, edota aldika hamar urtez.

b) Eskatzailea produktorea edota produkzio-etxea bada, EAEn helbideratuta egoteaz gain, inbertsioaren % 50 izan beharko du, gutxienez. % 50 eduki ezean, produkzioko parte-hartzaileen arteko portzentaje handiena berea izan beharko da, gutxienekoa % 35 izango delarik. Dena dela, produktoreak derrigorrez Instituto de la  Cinematografía y de las Artes Audiovisualeseko (I.C.A.A, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) Kalifikazio Ziurtagiria eman beharko du.

Eskaerak Euskadiko Filmategia Fundaziora (2008ko KIMUAK Programa) bidali beharko dira DVDaren kopiarekin batera. Helbidea:

Euskadiko Filmategia Fundazioa (2008ko KIMUAK programa)

Antso Jakituna hiribidea, 17 – atzea

20010 Donostia

Tel.: 943 11 55 11 / Faxa: 943 46 99 98

E-maila: KIMUAK@filmotecavasca.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia