euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘DonOstia’ jatetxea Argentinan: mota askotako itsaskiak, euskal erara Mendoza probintziaren bihotzean

2016/05/24

‘DonOstia’ jatetxea, itsasoko zaporeak, Andes mendikatearen oinarrian
‘DonOstia’ jatetxea, itsasoko zaporeak, Andes mendikatearen oinarrian

PUBLIZITATEA

‘DonOstia’ jatetxea Mendozako Godoy Cruz herrian dago kokatuta, Mendoza probintzia argentinarrean. Mikel Tena Goicoechea zarauztarraren ardurapean, proposamen oparoa eskaintzen die bere bezeroei; baina dudarik gabe, itsaskiak dira menuko izarrak. “Gure txibierroak Mendozako onenak omen dira”, jakinarazi digu, txantxetan, Goicoechea sukaldariak.

Godoy Cruz, Argentina. 2015eko azaroan inauguratu zenetik, lan handia dute egunero ‘DonOstia’ jatetxeko lagunek, publizitate onenari esker. Ahoz aho egin da ezaguna jatetxea, eta Mikel Tena Goicoechearen esanetan, arrakasta handia izan dute lehenengo egunetik; "Mendozan ez dago itsaskiak jateko aukera handirik, eta batez ere horregatik etortzen da jendea. Eta etorri eta ezagututa gure zerbitzua gomendatzen dute. Badakite hemen ondo jaten dela, prezio onean eta etxean bezala. Eta beste plus bat ere badugu: euskal kultura zabaltzen dugu eta euskara apur bat irakasten saiatzen gara”, jakinarazi dio sukaldariak EuskalKultura.com-i.

‘DonOstia’ jatetxearen estiloa ez da batere kasualitatea. Mikel Tena Goicoechea Zarautzen jaioa da eta etxean ikasi zituen sukalde kontuak. “Txikitan gurasoekin aritzen nintzen sukaldean janaria prestatzen. Gero gaztetan neure jatetxea ireki nuen Zarautzen eta bertan agertu zen egun batean orain nire emaztea den Silvia. Silvia mendozatarra da, Euskal Herrian zebilen, eta zerbitzari hasi zen lanean gurekin. Gero maitemindu ginen, ezkondu eta alaba bat ere izan genuen. Ginak, gure alabak, bi urte bete zituenean Argentinara, Mendozara etortzea erabaki genuen. Horregatik esan dezakegu jatetxeko giroa etxekoa eta euskalduna dela”, kontatu digu zarauztarrak.

Euskal giroa mantentzeko lanetan, Mendozako euskal gizataldearekin kontaktuan daude ‘DonOstia’ko arduradunak. Izan ere, aurtengo Aberri Eguneko topaketan, Denak Bat Euskal Etxean prestatu zuen bazkaria Mikelek bertakoekin batera. Jatetxea, pixkanaka, inguruko euskaldun eta ondorengoen bilgarri ari da bilakatzen. “Izan ere, euskaldun asko eta euskal jatorrizko jende ugari etortzen dira gurera; gure platerak dastatzera eta euren istorioak kontatzera”.

Jatetxeko berezitasunak

Menuari dagokionez, txibierroak dira eskatuenak “Mendozako onenak direla esaten dute”, aitortu digu, irribarrez, Mikelek. Baina otarrainxkak plantxan, baratxuriekin eta otarrainxka nahaskia ere eskaintzen ditu ‘DonOstia’k. Baita tortillak ere, paellak eta argentinar kutsua duten platerak: tartean 'milanesa' patata frijituekin, 'enpanadak' eta 'locroa'… “Argi dago jatetxea euskal argentinarra dela. Menuaren aldetik eta baita kulturaren aldetik ere”, adierazi digu zarauztarrak.

Jatetxearen izenak ere badauka istorio bitxi bat. Hitz jokoa da eta horrela azaltzen du Mikelek: “Jatetxearen izena, Donostiak Euskal Herriko paisaiaren adierazgarri delako hautatu genuen; eta paisaia hori nahi genuen guk ikur. Baina bide batez, Don Ostia ni neu naiz, hitz egiten dudanean ‘ostia’ hitza askotan erabiltzen dudalako!”, azaltzen du.

‘DonOstia’ jatetxea Godoy Cruzeko Juan de Garay kalearen 146. zenbakian dago. Facebook-en ‘DonOstia’ izenpean topa daiteke.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia