euskal diaspora eta kultura
2010/09/28
PUBLIZITATEA
Arizona, AEB. Arizonako Tumacacori National Historical Park-en Don Garate euskal kaliforniarraren heriotzak samin handia eragin du. Baita historia beste modu batez begiratzera irakatsi zien milaka lagunen artean ere, heldu zein gaztetxo. Garate parkeko historialaria eta interpretazio burua zen eta Arizonako historiaren berreskuratze eta zabalkundean lan eskerga egindakoa zen, bai liburu eta ikerketekin eta baita ere Juan Bautista de Anza esploratzailearen papera eginez. Kansasen hil zen, Gene semearen etxean, 59 urte zituela.
Donald 'Don' Kaliforniako Madeline Plains herrian jaio zen, hirugarren belaunaldiko euskal amerikanoa. Familiaren arrantxuan hasi zen lanean, baina ikasketak egin, bere erroez eta bere inguru amerikarreko historiaz interesatu eta horrez gain euskara eta euskal kultura ikastaroak emango zituen, Madeline Plains-i buruzko bi liburu ere idatziz. Historiazale porrokatua, 1987an Parkeen Zerbitzu Nazionalean hasi zen lanean eta 1990ean Tumacacori National Historical Park-eko historialari eta interpretazio buru bihurtu zen. Lan honetan jarraitu zuen hil baino hilabete batzuk lehenago arte. Bere ekarpena Oesteko historia berreskuratu eta zabaltzen oso garrantzitsua izan da.
Anza bidea
Askok Garate Juan Bautista de Azna kapitain esploratzailearen paperean ezagutzen zuten: zaldi gainean, uniformea jantzita eta kapela beltza buruan. Horrela mozorrotuta parkean, Anza Days jaialdian, eskolatan zein desfiletan Garatek esploratzailearen abenturak kontatzen zituen, entzuleek adi-adi jarraitzen zituzten historia lezio zirraragarriak emanez. Askotan euskaraz hitz eginez hasten zituen interpretazioak --Anzaren izen bereko aita hernaniar baten semea zen--, gero gazteleraz jarraitu eta ingelesez bukatzeko.
Anzaren abentura ezagutzera emateko 1992an Garatek Anza Trail ibilbide historikoa sortu zuen Richard Williamsekin batera, 1775ean Anzak Sonora eta Arizonatik basamortua igaroz egun San Frantzisko den lekuraino egin zuen espedizioaren bidea jarraituz. Bide hau AEBetako Parke Zerbitzu Nazionaleko Ibilbideen barruan dago.
Anzari buruzko filmea
Era berean Garatek historiari buruzko zenbait liburu idatzi zituen, horien artean Anza nagusiaren biografia bat, eta beste liburu bat ari zen prestatzen. Duela hilabete batzuk Anzari buruzko bideo baten grabaketan parte hartu zuen, kamara aurrean esploratzailearen papera eginez beste behin ere. Bideoa 2011ko udan estreinatuko da eta Garatek Anzaren istoriari egin zion ekarpenaren irudi bezala geldituko da, Anza Bidean egin zuen lan eskergarekin batera.
Adituen esanetan, bizitzan zehar Garatek 100.000 lagunen aurrean egin omen zuen Anza kapitainarena Arizonan, Coloradon, New Mexicon, Kalifornian eta Mexikoko Sonoran, besteak beste. Lur ematea larunbat honetan, urriaren 2an, egingo da Kaliforniako Ravendale herriko kanposantuan.
Hona Juan Bautista de Anzari buruzko bideoaren zati bat, zuzendariek Don Garateri omenaldia bezala publikatua:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus