San Frantzisko, AEB. Hamaika izen hartzen ditu euskaraz: Domu Santu, Domusaindu, Omiasaindu, Santu Guztien Eguna... Azaroaren 1ean da, eta kultura kristau edo giristinoko herrialdeetan, hildakoak gogoratzeko data berezia da, gure inguruan, familian edo komunitatean hildakoak oro har, eta azkeneko urtean joandakoak modu berezian. Hilerriak bisitatzeko eguna. Edota , bezperan, Halloween edo Gau Beltza ospatzekoa, azken urteotan zeharo zabaltzen joan diren ohituren haritik.
Estatu Batuetako euskal komunitateetako bi hitzordu aipatuko ditugu gehienbat artikulu honetan, biak ohitura katolikoei lotuak eta kasu honetan, Boiseko eta San Frantziskoko euskal komunitate eta euskal etxeak protagonista dituztenak. Boiseko euskal komunitateak gogoan ditu oso bere baitan hildakoak, eta aurten ere "Omenaldia - Memorial Mass" deitzen duen ekitaldirako deia egin du, aurreko igandean, urriaren 29an, 14:00etan bertako Sacred Hearth Elizan. Norbait bereziki gogoratu eta gehitu nahi dutenek Euskal Museoarekin komnikatuz egin dezakete, 1 208 343 2671 zenbakian.
Datorren igandean zuzenean online San Frantziskotik bertako Omiasaindu meza
Bestalde, San Frantzisko aldeko euskaldunek eta bertan egoitza duen Gure Euskal Etxeak ere, igande berean, goizeko 10etan egingo duen meza eta ekitaldian parte hartzeko gonbitea luzatu du, AEBko euskal omonier edo kapilaua den aita Antton Egigurenen eskutik. Estatu Batuetako eta euskal diasporan hildako lagunak oro hartuko dira gogoan, eta EEko Elgarrekin euskal abesbatzak eta Zazpiak Bat Dantza Taldeak edertuko dute saioa. Streaming bidez zabalduko da zuzenean. Ondoren, bertan direnek, aukera izango dute elkartasun bazkari batean parte hartzeko (horretarako izena eman Frantxua Camou-ri edo Lindsay Campbell-i 1 650 583 8091 zenbakian.
Beste euskal etxe eta leku askotan egingo dira antzeko oroitaldiak —Chinon, esaterako, azaroaren 19an10etan, ondoren bazkariari ekiteko Euskal Etxean— eta izango dira baita ere andanatxo bat Halloween festak ere egingo dituztenak. Joan den larunbatean bertan aipatzen genuen agendan Salt Lake Citykoa, haur eta helduak partaide sutsu izan zituena, Utah Basque Clubeko kideek umore handiz antolatutakoa... edo, San Frantziskon bertan, joan den igandean haurrak eta mozorro besta protagonista izan zituena... Baina horiek beste artikulu bati lotu beharko zaizkio.
Kasu! Ordu aldaketa
San Frantziskoko ekitaldia Europatik online segitu nahiko luketenek, gogoan hartu igandean bertan aldatuko dela ordua Europan eta Estatu Batuetan, berriz, astebete beranduago. Beraz ohiko ordu-aldeei ordubete kendu beharko zaio datorren asteburuan: horregatik, datorren igandean, Kaliforniako 10ak EHko 18ak izango dira