euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Domingo Aguirre, Idahoko euskal komunitateko lagun eta 'aurpegi' ezaguna, 90 urterekin hil da Boisen

2011/06/20

Idahoko Mountain Homen jaiotako euskalduna zen Domingo Aguirre
Idahoko Mountain Homen jaiotako euskalduna zen Domingo Aguirre

PUBLIZITATEA

Domingo Aguirre, Mountain Home-ko idahotar euskalduna eta bere bizitza osoan arrantxu-lanei eta Mountain Home eta Boiseko euskal komunitateei lotua izan den aurpegi ezaguna Boisen hil da joan den asteartean, ekainaren 14ean, 90 urte zituela, azken hilabeteak Boiseko Arreta-Etxe batean pasaturik. Domingok naturalki eta bere inguruako makina bat gaztek bezala harro uztartu zituen bere amerikar eta euskal izatea, eta bataz zein besteaz harro zegoen oso. Euskal alderdiari dagokionez, beti lagundu izan zuen Mountain Homeko euskal komunitatea zein euskal etxea, eta Boiseko Euskal Etxeko kide zen baita ere. Mountain Homen beti zeukan laguntzeko borondatea, lankide izanez ala arkumeren bat emanez euskal elkarteari piknikerako. Domingok bere jaioterriko Anchustegui ostatuko dantzaldi batean ezagutu zuen emazte hartuko zuen Dolores Barinaga eta Boiseko St. John katedralean ezkondu ziren 1946ko abenduaren 22an. Bi alabaren --Sylvia eta Diana-- guraso izan ziren. Domingoren aurpegia oso ezaguna egin zen Montain Home eta Idahotik kanpo ere, euskal itxuraren ikonotzat hautatu zutenean. Elmore konderriko rodeoko Grand Marshall ere hautatu zuten 2006an.

Boise, AEB. Domingo Manuel Aguirre, Mountain Homen jaio zen 1921aren otsailaren 23an, Domingo Aguirre eta Juanita Urquidiren seme.

Domingok eta Richard bere anaiak, euren aitarekin batera, urte asko eman zituzten Mountain Home inguruan kokatutako famili arrantxuan. Gaztetan, Washington estatuan bi urtez ikasten egon ostean, bere lanbidea arrantxaritzari lotua behar zuela erabaki zuen, eta Elmore Countyra itzuli zen, aitarekin ardi-arrantxuan lan egitera anaia Richard Bigarren Mundu Gerran hil eta gero. Zenbait urte beranduago nekazaritzan aditu zen aita eta bere beste anaia Feliperekin.

Bere euskal jatorriaz harro, Domingok laguntza eman ohi zuen euskal piknik eta jaialdietan, eta maiz zozketatzeko zein erretzeko arkumeak oparitu zizkion euskal etxeari. Izan ere, Boiseko eta Mountain Homeko euskal etxeetako kide zen. Gogoko zuen familiarekin eta euskal komunitateko beste partaideekin euskaraz aritzea. Behin izan zen Euskal Herrian, familia bisitatu eta ezagutzera, eta artzaintzan bere lankide izandako lagun eta langile ohiak bisitatzera joana.

Azkenengo urteetan Domingok soinuaren musika onaz eta fotografiaz gozatzen zuen, baita bilobekin berbetan ere. Elmore konderrian barrena ibilia zen Felipe bere anaiarekin eta haren seme Richard eta Feliperekin.

Bere aldeko hileta-elizkizuna gaur astelehena izango da, ekainaren 20an, goizeko 11etan, Our Lady of Good Counsel eliza katolikoan, ondoren afari batekin jarraitzeko.

Goian edo Gogoan Bego, Domingo Aguirre.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia