euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean Kia, Alejandro Maizen biloba, eta Guarita pilotaria hil direlarik

2011/03/25

Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean
Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean, joan den igandean 'azken agurra' eman zitzaiolarik Manolo Guarira garai bateko pilotari ezagunari; eta astelehenean tupustean zirkulazio istripuan hil zelako Kia Maiz, Miamiko Euskal Etxeko lehendakari den Alejandro Maiz mutrikuarraren biloba. Guztiek Miamiko euskal komunitatean ezagutzen dute Alejandro, lehenik Habanako Centro Vasco jatetxean ari zela, eta duela mende erdi bat Miami bertako euskal komunitateko kide aktibo moduan. Besarkada handi bat euskal diasporako lagun guztien partez.

Miami, Estatu Batuak. Ez daukate bi heriotzek elkarrekin zerikusirik, baina bi berriak goibeldu eta ilundu dute Miami eta Floridako euskal komunitatearen azken egunotako bizimodua. Astelehenean gertatu zen Kia Maizen heriotzaren berri lazgarria, gaztea tupustean zirkulazio istripu batean hil zenean. Flora eta Alejandro Maiz-en biloba zen Kia. Alejandro Maiz Saizarbitoria mutrikuarrak aspaldi eman zuen jauzia Euskal Herritik La Habanara lehenik, eta bertan urte batzuk eman ondoren, azkeneko mende erdian, Miamira, bi hirietan bere osaba Juanito Saizarbitoriak sortutako 'Centro Vasco' jatetxeari lotua, jatetxea erre eta desagertu zen arte. Egun Miamiko Euskal Etxeko lehendakari eta kide aktibo den Alejandrori eta bere emazte Florari, gure dolumin zintzoenak. Organoemailea zenez bere aldeko elizkizunak atzeratu egingo dira, eta jakinaraziko da noiz izango diren.

Bestalde, eta Kiaren istripuaren aurreko egunean, igandean, martxoaren 20an hain zuzen, azken agurra eman zitzaion Manolo Guarita puntista valentziar famatuari. Guarita pilotaren izar handia izan zen 60-70-80. hamarkadetan Habana, Miami, Gernika eta beste hainbat pilotalekutan, Boni Guenetxeak gogora arazten digunez.

Bere elizkizunetara pilotari andana agertu zen, horien artean Chucho Larrañaga, Gorritxo, Garrido, Pita Jr, hermanos Elejabarrieta, Gorroño, Víctor Goitia, Anchia, Alberdi, Echaniz, Guenechea, Echeverri, Maguna... eta beste hamaika lagun eta pilotazale, baita Alejandro Maiz ere. Guaritok 1947ko urtarrilaren 7an egin zuen bere lehenengo bidaia Habanara, jai-alaian aritzera. Bihotzeko arazoek eraginda hil da. Miamiko Euskal Etxeak doluminak adierazi nahi dizkie bere emazte, seme-alaba eta bilobei, EEko bazkideen eta ugari zeuzkan lagunen izenean, "bere artearekin eta nortasun atseginarekin inspirazio izan genuen guztion izenean".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia