euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lolis Barquin euskal erbesteratuaren bizitza Argentinako La Nacion egunkariak artikulu batera bildu legez

2009/09/24

Dolores Barquin (argazkia LaNacion)
Dolores Barquin (argazkia LaNacion)

PUBLIZITATEA

Dolores Barquin Areetan jaio zen. Gerra garaian beste haur asko bezala, etxetik atera behar izan zuen, Belgikan bukatzeko. Bertan familia batek jasoa izan zuen baina ahal bezain laster eta momentu latz askoren ondorioz gurasoek bere seme-alabak Argentinara eramatea lortu zuten. 1942. urtean iritsi zen bertara. Emakume honen istorioa bildu du Jorge Fernandez Diaz kazetariak La Nacion egunkarian. Berak entzun eta Dolores Barquinen bizitzaren bertsioa eman du, hona ekarri duguna.

Buenos Aires, Argentina. Dolores Barquinek egun 82 urte ditu eta Buenos Airesen bizi da. Argentinara iritsi arteko bizipenak kontatu dizkio La Nacioneri, eta honek honela jaso, laburbildurik: Txikitan gerratea jolasa bezala ikusten zutela kontatzen du. Ez zuten ezer ulertzen. Hiru anai-arreba ziren, Begoña zaharrena, bigarrena Dolores --Lolis--, eta txikia, Jose; hamabost, hamar eta zortzi urte zituzten orduan eta Areetan, Bizkaian, bizi ziren.

Gurasoak Pepe eta Maria ziren. Aita euskal nazionalismoko militante sutsua zen. 1937. urtean Eusko Jaurlaritzak haurrak Euskal Herritik ateratzea sustatu zuenean, Barquin aitak ere, bereak bidaltzea erabaki zuen. Gerra odoltsu hartatik alaba eta seme txikiak ateratzea hoberena iruditu zitzaion. Gernikako bonbardaketa gertatu berria zen eta euren seme eta alaben eskaerei muzin eginez, aitak Lolis eta Jose beste 300 haurrekin batera Bilbotik atera zen itsasontzira eraman zituen. Itsasontzia untzi ingelesen babesarekin atera zen.

Frantziara iritsi zirenean, komunisten seme-alabek Errusiarantz jarraitu zuten bidaia, beste batzuk Erresuma Batura bidali zituzten eta Lolis eta Jose katolikoen seme-alaba zirenez, Frantziako herri batera eraman zituzten. Bertan bakunak jarri zizkieten baina hortaz gain, tratu txarra pairatzen zuten eta Lolis ihes egiten ere saiatu zen alperrik. Hiru hilabete pasa zituzten Frantziako etxe hartan. Ondoren Bordelera eraman zituzten, han trena hartu eta Belgikara. Bruselara iristean utzita zegoen eskola batean sartu zituzten. Igandero hori bai, mezara joaten ziren eta Lolisek azaldu bezala, jendeak euren egoera ikusita negar eta guzti egiten zuen. Bikote asko gerturatu ziren haur behartsu horiek hartzeko prest eta Speibrouc bikoteak Dolores bere etxera eraman zuen. Bere anaia Jose, kontesa batek hartu zuen eta nahiz eta azken honek negar asko egin, bakoitza familia batekin joan behar izan zuen, nahi ta nahi ez. Etxe berrian, jostailu asko aurkitu zituen Lolisek. Bikotea ere oso ondo portatzen zen berarekin nahiz eta hasieran elkar ez ulertu.

Anaia ikusten zuen noiz-behinka eta horrek lasai mantentzen zituen. Han eskolara bidali zuten eta neskatxak gerra eta bere sorterriari buruzko asmatutako istorioek gelakideak harrituta uzten zituen.

Guztira hiru urte izan ziren umezurtz modura bizi zituztenak. Pepe Barquin aita, sarritan Frantziara pasatzen zen dokumentazioa eramateko baina emaztearekin bizitzen jarraitzen zuen. Gau batean, nazionalak Bilbon sartu zirela jakin zuten eta euren gain heriotza zigorra zegoela. Gauzak horrela, Lolisen ama Begoña alaba eta ahizparekin, Santander aldera atera ziren. Ondoren, Frantziara iristea lortu zuten. Azkenean, Frantzian bertan aitarekin elkartzea lortu zuten Maria emaztea eta Begoña alabak. Diru pixkat bildu eta identitate faltsuarekin Belgikara iritsi ziren Lolis eta Jose haurren bila. Nahiz eta lanik ez aurkitu moldatu ziren bertan egoteko eta asko kostata familia batzea lortu zuten.

Egoera ekonomikoa txarra zen eta Lolisek jarraitu behar izan zuen belgikarrekin eskolara joan ahal izateko. Begoña Euskal Herrira bueltatu zen aitona-amonen etxera. Azkenean, Pepek lan bat topatu zuen eta haurrak berriz ere hartu zituen bere gain. Elkarrekin hilabete zeramatela, ingeles bat azaldu zen euren bizitzetan, diru kantitate handi bat ekarri zien Euskal Herritik aitonak bidalia. Europan gerra zabaltzen ari zen eta zerbait egitea behartuta zeuden.

Aitak lantokitik hartutako kamioi batean ihesi atera ziren. Larritasun ugari pasata, Parisera iristea lortu zuten eta bertan zeuden euskaldunen laguntza izan zuten. Berriz ere, bi txikiak aitona-amonengana bidali zituen aitak gizon ingeles harekin. Maria amak ere Bilbora ezkutuan bueltatzea lortu zuen eta sei hilabetez egon zen etxetik atera gabe ez atzemateko.

Argentina aukeratu zuten gerra giro latz hartatik urruti zegoelako. Pepe aitak, urtebete behar izan zuen iristeko. Tarte horretan, preso izan zuten, ondoren Kubara iristea lortu zuen eta handik Mexikora. Buenos Airesera iritsi zenean bertako euskal komunitatearen laguntza izan zuen.

Ama eta haurrak Bilbon zeuden. Goardia zibilek behin eta berriro galdetzen zieten aitarengatik eta hauek, Caracasen zegoela erantzuten zuten. Azkenean aitonaren ezagun baten laguntzarekin pasaporteak lortu zituzten, hori bai, ezingo zuten bueltatu. 1942. urtea zen eta azkenean Buenos Airesera iritsi zirenean konturatu ziren, denak elkarrekin, bizirik, zeudela eta azkenean, aske bizitzeko aukera zutela.

Maria amak 92 urte bete zituen, aita Pepek, diru pixkat egin zuen eta 1966an hil zen. Begoña, monja egin zen eta Josek bost seme-alaba eta sei biloba izan zituen. Lolis berriz, alargun geratu zen, bi seme izan ditu eta hiru biloba. Oraindik Virginia Slim zigarretak erretzen ditu eta primeran sentitzen dela, harro esaten du.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia