euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dokumentalak izar aurtengo Bartzelonako Zinemaldian: 'Zertarako Amestu', 'Ama Lur', 'Hautsitako leihoa'...

2008/02/20

Berri Txarrak taldearen 'Zertarako amestu' dokumentalaren afitxa
Berri Txarrak taldearen 'Zertarako amestu' dokumentalaren afitxa

PUBLIZITATEA

Centre Cultural Euskal Etxea elkarteak Bartzelonako Euskal Zinemaladiaren azken edizioa aurkeztu du jada. Otsailaren 29an hasiko da eta martxoaren 14a bitartean luzatuko da. Aurtengo kartelean dokumentalak du protagonismo nagusia, Euskal Herrian zein Katalunian ekoitzitako filmeekin. Haurrentzako filmeak eta 'Eutsi!' komedia ere izango dira ikusgai. Musika eta dokumentala ere uztartzeko aukera izango da eta 'Zertarako amestu', Berri Txarrak taldearen 'rock dokumentalak', dudarik gabe hirukoteak Katalunian dituen zaletu asko bilduko ditu Euskal Etxera.
Bartzelonako Euskal Etxeak datorren asteko ostiralean, otsailaren 29an, ekingo dio aurtengo Zinemaldiari. 2008ko edizio honetan dokumentalak izango du protagonismo gehien, bai euskal dokumentalak zein Katalunian egindakoak ere. Inaugurazio gaua haurrentzako emanaldiarekin hasiko da, Euskal Etxean, arratsaldeko seietan. Ondoren, zortzietan 'Ama Lur' filmearen kopia zaharberritua izango da ikusgai. Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendua 'Ama Lur' euskal kultura eta nortasunari buruzko hausnarketa da eta 1968an, frankismoaren pean estreinatu zen Donostiako Zinemaldian.

Hurrengo egunean, martxaoren 1ean, 'Llach, la revolta permanent' filmaren emanaldia izango da Euskal Etxean. Lluís Danesek zuzenduta, filmeak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen poliziak langile bilera bat banandu nahi eta bost lagun hil zitueneko gertakariak ekartzen ditu gogora. Gau horretan bertan Lluis Llach kantariak 'Campanades a mort' kanta konposatu zuen. Ondoren, 21:00tan eztabaida egingo da Aitzpea Goenaga euskal aktoresa eta zuzendariarekin eta Lluís Danes berarekin.

18/98, Eutsi! eta La Habana

Jaialdiak igandean jarraituiko du, Eguzkik Iruñerriko gaztetxeei buruzko eginiko bideo batzuen emanaldiarekin. Asteazkenean, martxoaren 5ean, 'Auzia auzi' dokumentala izango da ikusgai. Edorta Barruetabeñak zuzenduta, lanak 18/98 makrosumarioaren berri ematen du. Ostegunean Euskal Etxeko euskara ikasleak izango dira protagonista, urtean zehar egin dituzten bideoekin lehiaketa egingo dutelako. Ostean barre egiteko ordua helduko da, 'Eutsi! luzemetrai gazigozoaren eskutik. Gauari bukaera emateko bideo lehiaketaren sari banaketa egingo da.

Ostiralean, martxoaren 7an, Zinemaldia Habanara joango da, Guiilermo Trujillano artistaren eskutik. Bere bi lan izango dira ikusgai: 'Cartografía bipolar de cantautores de La Habana' eta 'Kasta', gaua egilearen kontzertu batekin itxiko dutelarik. Larunbatean Gernika eta Bartzelonako bonbardaketak ekarriko dituzte gogora, Luis Iriondo eta Josefina Piquet lekukoen testigantzarekin. Jarraian 'Gernikako bonbardaketa, historia' eta 'Catalunya mártir' dokumentalak izango dira ikusgai.

'Hautsitako leihoa' eta 'Zertarako amestu'

Martxoaren 9an, igandean, 'Hautsitako leihoa' dokumentalaren emanaldia egingo dute. Eñaut Tolosa eta Hamjudi Al-Rahmoun dira zuzendariak eta filmeak kale borroko delituengatik atxilotutako hiru adin txikikoen historia kontatzen du. Jarraian 'Sunday at five' filma izango da ikusgai, Ipar Irlandako bake prozesuan preso politikoak izan duten paperari buruzkoa. Filmaren ostean zuzendariek eztabaida egingo dute ikusleekin.

Eta dokumental politikotik musika dokumentalera joango da Zinamaldia asteazkenean, 'Zertarako amestu' filamren eskutik. Bertan Ibon A. Totorika zuzendariak Berri Txarrak talde euskalduna nazioarteko bira luzean jarraitzen du, kontzertuak, pasarteak eta bizitza eta musikari buruzko hausnarketak jasoaz. Taldeko bateriajolea, Aitor Goikoetxea, Euskal Etxean izango da lana aurkezteko.

Kimuakeko laburmetraiak

Martxoaren 13an, ostegunean, 'AHT gelditu' bideoaren emanaldia eskainiko dute eta horren ostean mahaingurua egingo dute. Bukatzeko martxoaren 14ean, ostiralean, Euskal Etxeko dantza taldeak erakustaldia eskainiko du eta jarraian Kimuak 2007 laburmetraiak izango dira ikusgai. Zinemaldairi amaiera borobila emateko, afari herrikoia egingo dute Euskal Etxean.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

10. Euskal Herria Sona! jaialdia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia