euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dokumentalak ardatz, ostegunean abiatuko da Berlingo Euskal Etxearen Bigarren Euskal Zinemaldia

2014/11/11

Aurtengo Berlingo Euskal Zinemaldiaren karteleko detailea
Aurtengo Berlingo Euskal Zinemaldiaren karteleko detailea

PUBLIZITATEA

Berlingo Euskal Etxeak ostegunetik igandea bitartean Euskal Herrian eginiko zinema erakutsiko du Alemaniako hiriburuan, elkarteko kideei zein alemaniar lagunei euskal kulturan sakontzeko aukera emateko asmoz. Dokumentalak dira ardatz aurtengo edizioan: “Alardearen seme-alabak”, “Emak Bakia baita” eta “Asier ETA biok” filmak izango dira ikusgai, Kimuak programako laburmetraiekin batera.

Berlin, Alemania. Dena prest dago Berlinen hasiera emateko ostegun honetan "Baskische Filmfest" zinemaldiaren bigarren edizioari. Inauguraziorako "Alardearen seme-alabak" dokumentala aukeratu dute antolatzaileek, Jone Karres eta Eneko Olasagasti zuzendariek Irun eta Hondarribiko alardeen polemikaren inguruan eginiko lana. Zuzendariek emakumeek alardeetan normaltasunez parte hartzearen aldeko eta kontrakoen testigantzak biltzen dituzte bertan, hogei urtez luzatu den istiluaren nondik norakoak jakin nahian. Kino Moviement aretoan egingo da emanaldia eta bertan izango da Jone Karres, ikusleen galderei erantzuteko prest.

Ostiralean "Emak Bakia baita" sorkuntzazko dokumentala izango da ikusgai, eta Oskar Alegria zuzendariak aurkeztuko du. Nazioarteko zinemaldietan sari mordoxka bildu ditu azken hiru urteetan film honek. Dokumentalean zuzendaria Man Ray-k Iparraldeko kostaldean izan zuen etxe misteriotsuaren bila abiatzen da eta bidean bidaia zinez berezi eta estetikoki liluragarrian eramaten ditu ikusleak.

Larunbatean "Asier ETA biok" dokumentalaren txanda helduko da. Aitor Merino aktoreak eta bere arreba Amaia Merinok zuzendua, film honek Aitorren eta bere haurtzaroko lagun Asierren ibilbide kontrajarriak aztertzen ditu: Aitor Madrilera joan zeenaktore izateko, eta Asier ETAn sartu zen. Zerk eraman zuen horretara? Zertan da egunotan euren adiskidetasuna? Horren inguruko hausnarketa proposatzen du filmeak, euskal gaztakari buruzko ikuspuntu berri bat eskainiz.

Amaitzeko, igandean Kimuak film laburren emanaldi bat egingo da Kino Moviement zinema aretoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia