euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dokumentala izango da Bartzelonako Zinemaldia'07 jaialdiko protagonista, maiatzaren 29tik ekainaren 9era

2007/05/25

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen  Zinemaldia 07 iragartzen duen afixa
Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldia 07 iragartzen duen afixa

PUBLIZITATEA

Bukatu berria da Bartzelonako euskal literatur jaialdia --EH! Literaldia-- eta Euskal Etxekoek lanean segitzen dute, hurrengo ekimena aurkezten: Zinemaldia'07. Euskal zinemagintzari eskainitako jaialdi honek bere bigarren edizioa izango du artengoa, maiatzaren 29an hasi eta ekainaren 9a bitartean. Dokumentalak izango dira Zinemaldiko izar, 'Nomadak TX' eta 'Agian' bezalako lanekin, baina 'Kutsidazu bidea, Ixabel', iazko euskal filme arrakastatsuena ikusteko aukera ere izango da, besteak beste.
Zinemaldia'07 datorren asteartean hasiko da, 'Agian' dokumentalaren emanaldiarekin. Arkaitz Basterrak zuzendu duen filme honek 'euskal poeta batek eta lau lagunek --hiru musikarik eta margolari batek-- New Yorkera egin zuten bidaia kontatzen du, Sagar Handian eman zituzten kontzertu poetiko musikalak erakutsiz'. Poetak --Kirmen Uribek-- zera esan zuen emanaldietan: 'Euskaraz egiten duten 700.000 lagunak oro New Yorkeko auzo batean kabitzen dira'. Hain txikia, hain gutxi izanda ba al dugu euskaldunok munduari eskaintzeko ezer? 'Agian' galdera horri erantzuten saiatzen da.

Bigarren jardunaldia asteazkenean izango da, maiatzak 30, bi dokumentalen emanaldiarekin: 'Corazones Rojos' eta 'Ezkaba: la gran fuga de las cárceles franquistas'. Bi filmeen egileak, Elisabeth Aranda eta Iñaki Alforja, Euskal Etxean izango dira euren lanak aurkezteko. 'Corazones rojos'-ek gizon eta emakume talde baten lekukotasuna jasotzen du, euren hitzekin Nafarroako Erribera eta Bardeetako istorio eta paisaiak gogora ekarriz. 'Ezkaba', bestalde, Francoren garaietan Iruñerriko San Cristobal gartzela frankistatik eginiko ihesaldiaren historia kontatzen du, bertan parte hartu zutenak elkarrizketatuz.

Euskara ikasleak zuzendari eta protagonista

Hurrengo egunean, maiatzak 31, Bartzelonako euskara ikasleek eginiko bideoak izango dira protagonista. Ekainaren 1ean, ostirala, euskara ikasle horiek benetan gozatuko duten film baten emanaldia izango da: 'Kutxidazu bidea, Ixabel'. Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzenduriko film honek arrakasta polita lortu du Euskal Herrian. Luzemetraiak bere euskara hobetzeko udara baserri batean pasatzera doan Donostiako gazte euskaldunberri baten istorioa kontatzen du. Ironiaz beteriko narrazioan, Juan Martinek baserriko familiaren euskarak klasean ikasitakoaren arrastorik ez duela ulertuko du.

Ekainaren 5ean dokumentalen itzulera ekarriko du, 'Atocha, El Pozo, Sta. Eugenia' filmearekin. Dokumental hau 2004ko martxoaren 13an Madrilen gertatutako atentatuek Euskal Herrian izan zuten eragina argitzen saiatzen da, hainbat pertsonaia elkarrizketatuz. Ekainaren 6ean, Zinemaldiko dokumental guztiak jarraian ikusteko aukera izango da. Hurrengo egunean, ekainaren 7an, Kimuak programako euskal laburmetraien emanaldia egingo da, Koldo Almandoz zuzendariak aurkeztuta. Almandoz, 'Razielen itzulera', 'A dar ba kar', 'Amuak' eta 'Midori' bezalako laburmetraien egilea da. Ekainaren 8an, aldiz, haurrentzako euskarazko emanaldia egingo da.

Txalapartari nomadak, bukatzeko

Azkenik, Zinemaldia'07ri bukaera emateko ekainaren 9an 'Nomadak TX' dokumentala izango da ikusgai. Raúl de la Fuente da filmearen zuzendaria eta Euskal Etxean izango da filmea aurkeztu eta dokumentalaren grabazioari buruz hitzegiteko. Filmeak Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek --Oreka TX-- munduan zehar egin zuten bidaia kontatzen du, txalaparta alboan zutela, eta herrialde desberdinetako musikariekin eginiko jam session bitxi eta koloretsuak entzun eta gozatzeko aukera ematen dio ikusleari.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Zinemaldia'07, programa osoa
Euskal Etxearen blogean

Leire Bilbao poetak emango dio hasiera EH! Literaldiari
basqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 20an

Bartzelonako Euskal Etxeak I. Euskal Zinemaldia antolatu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko martxoaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia